Beltzaren hiztegia

Pierre Lemaitre idazle frantziarra, nobela beltzen egile ezaguna, krimen eleberrien irakurlea ere izan da urte luzez. Bere zaletasunak marraztu ditu 'Dictionnaire amoureux du polar' hiztegian.

Pierre Lemaitre idazlea. JOSE OLIVA / EFE.
mikel lizarralde
2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Camille Verhoeven Parisko Krimenaren Brigadako komandantearen gaineko eleberri seriea Travail Soigné (2006) eleberriarekin abiatu zuenetik, nobela beltzaren erreferente nagusietako bat bilakatu da Pierre Lemaitre idazle frantziarra (Paris, 1951). Orduz geroztik, Verhoeven protagonista duten beste hiru nobelaz gain —Alex, 2011; Les Grands Moyens, 2011; eta Sacrifices, 2012—, beste hainbat eleberri beltz —Robe de marié (2009), Cadres noirs (2010)— eta genero hutsetik urruntzen diren beste batzuk ere idatzi ditu —Au revoir là-haut, 2013 (Gouncort saria jaso zuen); Trois jours et une vie, 2016; Le Grand Monde, 2022—.

Baina, idazle ez ezik, Lemaitre irakurle porrokatua ere izan da, eta, hain zuzen ere, irakurri duenari buruzkoa da Dictionnaire amoureux du polar (2020), izenburutik bertatik bere nahia adierazten duen liburua: Nobela beltzaren maitasun hiztegia. «Ahanztura barkaezinak, injustizia nabarmenak, balorazio eztabaidagarriak izango dira [liburuan]. Saihetsezina da: gustatzen zaidanari buruzko hiztegia da, eta, gainera, atsegin dudan guztia ere ez da sartu». Idazleak berak liburuaren aitzinsolasean aipatu duenez, «senari» jarraitu dio sarrerak erabakitzeko orduan: «Ondorioz, Yves Ravey, Dennis Lehane, Petros Markaris, Elmore Leonard eta Joseph Incardona sartu ditut, baina ez Michael Connelly, Nick Tosches, Yishai Sarid eta David Goodis. Eta horrek, jakina, ez du esan nahi gustatzen ez zaizkidanik».

Dictionnaire amoureux du polarez da, nolanahi ere, nobela beltza —edo krimen nobela— idatzi duten egileei buruzko hiztegi hutsa. Sarreren artean daude eleberri jakin batzuk —Truman Capoteren Odol hotzean, Bret Easton Ellisen American Psycho, Umberto Ecoren Il nome della rosa—, pertsonaiak —Roger Acroyd (Agatha Christie), Sherlock Holmes (Arthur Conan Doyle)—, zinema zuzendariak (Alfred Hitchcock), filmak (Seven) eta telesailak (Breaking Bad, Columbo, The Wire). Eta baita sari, azpigenero eta sentimenduei buruzkoak ere.

Orokorrean, egileak gustuko duen nobela beltz eta kriminalaren gaineko informazioa eta iritzia biltzen duen gida pertsonal gisa irakur daiteke Dictionnaire amoureux du polar,baina horrek ez dio eragozten Lemaitreri gogoko ez duenaz ere idaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.