Audrey Diwanen 'L' Événement' filmak irabazi du Urrezko Lehoia

Veneziako 78. zinema jaialdiko epaimahaiaren sari nagusia Paolo Sorrentinok eraman du, eta zuzendari onenarena, berriz, Jane Campionek

Audrey Diwan zinemagilea, Veneziako 78. zinema jaialdiko Urrezko Lehoia eskuetan, atzo, Venezian. ETTORE FERRARI / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Audrey Diwan zinemagile frantziarrak jaso du Veneziako 78. zinema jaialdiko sari nagusia, film onenaren Urrezko Lehoia, L'Événement pelikulagatik. 1960ko urteetako Frantzian girotua, abortu klandestino baten kontakizuna egiten du lanak, eta Annie Ernaux idazlearen izen bereko nobela autobiografikoan dago oinarrituta. «Amorruz eta desioz egin nuen lan hau, tripetatik, bihotzetik eta adimenetik. Esperientzia bat sortu nahi nuen, emakume gazte horren larruan jarriz bidaia hori egitea; ez bera ikustea, baizik eta bera izatea», adierazi zuen Diwanek garaikurra jasotzean, Venezian atzo egin zuten sari banaketa ekitaldian. Munduko zinema festibal zaharreneko aitortza nagusia irabazi duen seigarren emakumezko zinemagilea da.

Hunkituta, txalo artean altxatu zuen urrezko lehoiaren figura zuzendariak, eta bere lantaldeari, epaimahaiari zein Alberto Barbera jaialdiko zuzendariari bihotzez eman zizkien eskerrak. Baina batez ere protagonistaren rola jokatu duen Anamaria Vartolomei aktoreari eskaini zion saria: «Ez da aktorea, filma bera da», esan, eta oholtzara igoarazi zuen antzezlea, saria harekin partekatzeko.

Nabarmen hunkituta eta txalo artean jaso zuen Paolo Sorrentino zinemagile italiarrak ere gaualdiko bigarren sari garrantzitsuena, epaimahaiaren sari nagusia-Zilarrezko Lehoia, È stata la mano di Dio filmari esker, zuzendariaren orain arteko pelikularik autobiografikoena dena. Baina ez zen film horrek lortutako sari bakarra izan, bertan egindako interpretazioagatik aktore gazte onenaren Marcello Mastroianni saria irabazi baitzuen Filippo Scottik. Sari berezia, berriz, Michelangelo Frammartinoren Il buco filmari eman zion epaimahaiak.

Zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia Jane Campion zuzendari zeelandaberritarrak lortu zuen, The Power of the Dog filmagatik, Thomas Savageren izen bereko eleberria oinarri duena. Eta gidoi onenaren saria ere beste emakume batek, Maggie Gyllenhaalek eskuratu zuen, The Lost Daughter filmagatik. Aktore estatubatuarrak lehen lana du zuzendari gisa, eta Elena Ferrante idazlearen La figlia oscura nobelaren egokitzapena egin du.

Interpretazioen arloan, emakumezko aktore onenaren Volpi Kopa Penelope Cruz espainiarrarentzat izan zen, Pedro Almodovarren Madres paralelas filmean egindako lanagatik. Zuzendariari ez ezik, ama guztiei eskaini zien saria antzezleak. Eta gizonezko aktore onenaren Volpi Kopa, berriz, John Arcillarentzat izan zen, Erik Matti zinemagile filipinarraren On The Job: The Missing 8 filmeko interpretazioagatik.

Bong Joon Ho zinemagile korearra izan da aurtengo epaimahai ofizialeko burua, eta harekin batera jardun dute sariak erabakitzeko lanetan Saverio Costanzo zuzendari eta gidoilari italiarrak, Virginie Efira aktore belgiar-frantziarrak, Cynthia Erivo aktore eta musikari ingelesak, Sarah Gadon antzezle eta ekoizle kanadarrak, Alexander Nanau zuzendari errumaniarrak eta Chloe Zhao zinemagile txinatar-estatubatuarrak.

Orizzonti saileko sariak

Zinema lengoaia berriei eskainitako Orizzonti saileko filmak ere saritzen ditu jaialdiak. Atal horretako Film onenaren saria Laurynas Bareisa zuzendari lituaniarraren Pilgrims lanarentzat izan zen, eta Zuzendari onenarena, berriz, Eric Gravel kanadarrarentzat, À plein temps filmagatik. Sail horretako epaimahaiak El gran movimiento lanari eman zion bere sari berezia, Kiro Russo boliviarrak zuzendutakoa.

Antzezleen artean, berriz, Laure Calamyk eskuratu zuen emakumezko aktore onenaren saria, Gravelen lanean egindako interpretazioari esker. Gizonezko aktore onenaren aitortza, berriz, Piseth Chhunek eraman zuen, Kavich Neangen White Building filmeko antzezpenagatik.

Gidoi onenaren saria Peter Kerekes eta Ivan Ostrochovsky zuzendari eta gidoilari eslovakiarrek eraman zuten, 107 Mothers filmari esker, eta film labur onenaren Orizzonti saria, berriz, Txilera joan zen, Cristobal Leonen eta Joaquin Cociñaren Los Huesos lanak eraman baitzuen.

Opera prima bati ematen zaion Luigi de Laurentiis saria Imaculat (Monica Stan eta George Chiper-Lillemark) lanak irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.