Musika

Birusak eramandakoak

COVID-19 gaitzak zuzenean eragin du musikan, eta musikari asko hil dira koronabirusaren krisia hasi zenetik: Hal Willner, John Prine, Cristina, Adam Schlesinger eta beste.

Adam Schlesinger, The Fountains of Wayne taldeko abeslari eta baxu jotzailea, hilaren 1ean zendu zen. Irudian, 2007ko kontzertu batean. SHAWN THEW / EFE.
mikel lizarralde
2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun

Koronabirusaren mundu osoko hedapenak artista askorengan izan du eragina, eta ugari dira lan egiteko eta kulturaren plazara ateratzeko aukerak murriztuta ikusi dituzten sortzaileak. Badira, halere, inoiz bueltatuko ez direnak ere, azken asteetan COVID-19 gaitzak zuzen-zuzenean eragin baitie musikariei. John Prine, Hal Willner, Cristina, Ellis Marsalis, Adam Schlesinger, Wallace Roney... Birusaren ondorioz hil diren musikarien zerrenda hazten eta hazten ari da egunotan, eta bestelako gaitzengatik zendu direnak gehituz gero (Luis Eduardo Aute, Rafael Berrio, Bill Withers, Kristof Penderecki...), azken asteak musikak inoiz bizi izan dituen lazgarrienak izan litezke. Honako hauek dira egunotan joan diren musikarietako batzuk.

 

HAL WILLNER

Bere izenean disko bakarra argitaratu zuen Hal Willnerrek (Filadelfia, AEB, 1956), Whoops, I'm an Indian (1988), baina lan bakar hori ezin da izan musikari eta, batez ere, ekoizle estatubatuarraren ekarpena balioesteko neurgailua. 1981etik Saturday Night Live telebista saioko musika zuzendaria izan zen, baina, batik bat, berak sustatutako omenaldi disko pertsonalek ondu zioten prestigioa. 1981ean grabatu zuen lehenengoa: Amarcord Nino Rota. Lan horretan konpositore italiarraren musikak interpretatu zituzten hainbat jazz musikarik (Wynton Marsalis, Bill Frisell, Carla Bley) Deborah Harryren (Blondie) ahotsak lagunduta. Geroago iritsiko ziren Thelonious Monki eta Leonard Coheni egindako omenaldi diskoak; Stay Awake, Disneyren pelikuletako kantu asko, besteak beste Michael Stipe, Tom Waits, Los Lobos, Suzanne Vega eta The Replacementsek interpretatuak biltzen zituena; eta Lost in the Stars: The Music of Kurt Weill —Marianne Faithful, Lou Reed, John Zorn eta Stan Ridgwayk parte hartu zuten, beste batzuen artean—. Azken proiektu handiak piraten kantu zaharrak berreskuratzera eraman zuen Willner. Rogue's Gallery: Pirate Ballads, Sea Songs and Chanteys (2006) eta Son of Rogues Gallery: Pirate Ballads, Sea Songs, and Chanteys (2013) lanetan bildu zuen lan hori guztia.

[youtube]https://youtu.be/hJgWaqwZml4[/youtube]

Cohen, Tim Buckley, Randy Newman eta Richard Quineren omenezko kontzertuak ere antolatu zituen, baita Lou Reedek 2007an Berlin diskoa zuzenean interpretatu zueneko ikuskizuna ere. Hain zuzen ere, The Velvet Undergroundeko kide izandakoarekin harreman estua izan zuen Willnerrek, eta hark Edgar Allan Poeren lanean oinarrituta grabatutako diskoa (The Raven, 2003) ere ekoitzi zuen.

Hainbat pelikulatako soinu bandak koordinatu zituen —Gangs of New York (Martin Scorsese), Short Cuts eta Kansas City (Robert Altman), The Million Dollar Hotel (Wim Wenders)—, eta azken bi urteetan Marc Bolanen inguruko proiektu batekin ari zen.

JOHN PRINE

Koronabirusaren ondorioz bi astez erietxean izan ondoren, asteazkenean hil zen John Prine kantari eta konpositore estatubatuarra (Illinois, AEB, 1946). 1960ko hamarkadaren amaieran, sustraia AEBetan duen musika eta rocka uztartzen hasi zen belaunaldiko kide bat izan zen Prine, nahiz eta beti jarraitu zion bere bideari, modetatik aparte. «Country arloko Bruce Springsteen» zela esan zuen Los Angeles Times egunkariko kritikari batek, Born to Run-en egileak bezala langile klasearen kezkak kantu bihurtzen zituelako.

[youtube]https://youtu.be/OLVWEYUqGew[/youtube]

Kris Kristofferson izan zuen lehen babeslea, eta 1971n kaleratu zuen aurreneko diskoa (John Prine). Orduz geroztik eta 2018ra arte (The Tree of Forgiveness) hamaika lan argitaratu zituen, eta, arrakasta handirik lortu ez bazuen ere, Prinek musika munduko kideen miresmena bereganatu zuen. Interpretea ez ezik, konpositore bikaina ere bazen, eta artista askok —Kristoffersonek berak, Joan Baezek eta Johnny Cashek, besteak beste— haren kantuak kantatu zituzten noiz edo noiz.

ADAM SCHLESINGER

Hilaren 1ean hil zen, koronabirusagatik, Adam Schlesinger musikari estatubatuarra (New York, 1967). 52 urte zituen, eta azken urteetako pop independentearen eta power poparen ahots nagusietako bat izan zen. 1994an Ivy indie-pop taldea sortu zuen, eta ia segidan Fountaines of Wayne, bere proiekturik ezagunena. Hainbat disko argitaratu zituen taldeak, eta 2003an arrakasta handia lortu zuen Stacey's Mom kantuarekin, baina hori baino ezagunagoa izango da, ziur aski, Tom Hanksek 1996an zuzendutako That Thing You Do filmerako idatzitako izenburu bereko abestia.

[youtube]https://youtu.be/RrlgS-t0kBU[/youtube]

CRISTINA

Cristina Monet Zikhak (New York, 1956) 1970eko hamarkadaren hasieran eman zituen lehen pausoak, bere hiriko new wave eszenaren barruan. Disco Clone (1978), John Calek ekoitzitako singlea, izan zuen lehen argitalpena, eta, kantuak izan zuen oihartzunari esker, pop eta disco musikari punkaren jarrerarekin heltzen zieten bi lan luze kaleratu zituen, harik eta 1984an erretiratzea erabaki zuen arte. Haren musikaren arrastoak suma daitezke Le Tigre, Chicks On Speed eta M.I.Aren musikan.

[youtube]https://youtu.be/V1lqi29BVXE[/youtube]

WALLACE RONEY

59 urterekin hil zen, martxoaren 31n, Wallace Roney tronpetista (Filadelfia, AEB, 1960). Clark Terry eta Dizzy Gillespierekin ikasi zuen, eta Miles Davis bera izan zuen irakasle 1985etik aurrera. Hori baino lehen hasi zen, ordea, tronpeta jotzen, eta hainbat sari irabazita zituen 1980ko hamarkadaren hasierarako. 1986an Art Blakeyren Jazz Messengers taldean sartu zen, eta, 1991n Davis hil zenean, haren omenez Wayne Shorterrek, Herbie Hancockek, Ron Carterrek eta Tony Williamsek sortutako bandan ere aritu zen. Ornette Coleman, Sonny Rollins, Carole King eta Joni Mitchellekin ere jo zuen Roneyk, eta hainbat disko atera zituen bere izenean.

[youtube]https://youtu.be/KCxmkkRm500[/youtube]

BESTE BATZUK

Asteotan koronabirusaren ondorioz hil diren musikarien zerrenda ez da hor amaitzen: Joe Diffie (Tulsa, AEB, 1958), Pickup Man, I Don't Need Your Rockin' Chair eta beste hainbat country kanturen egilea, martxoaren 29an hil zen. Hamar egun lehenago zendu zen, berriz, Aurlus Mabele musikari kongoarra (Brazzaville, 1953). 70eko eta 80ko hamarkadetan arrakasta handia lortu zuen —hamar milioi disko saltzera iritsi zen—, eta soukous estiloaren izenik handiena izan zen.

[youtube]https://youtu.be/YpNNCNXsK2w[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.