Albistea entzun

Rolan Garces, musika «jaurtitzera»

Musikari iruindarrak disko berria argitaratu du, lau kidek lagunduta, Rolan Garces & Bandatze izenarekin. Bihar aurkeztuko du, Iruñean
IñIGO URIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko azaroak 25 - Iruñea

«Rock-and-rollaren inguruan» ibiltzen den musikaria da Rolan Garces (Iruñea, 1973). Zenbait taldetan aritutakoa da, hala nola Astrovandals, Granero Distorsion, Lex Misterio eta Gravelites, eta, hark dioenez, erraza da bera rock kontzertuetan topatzea. 2017an ekin zion bakarkako bideari, Rolan & Loop abestiak (Gor) diskoa argitaratuta, eta oraingoan lau musikariren babesean itzuli da: Rolan Garces & Bandatze taldearekin argitaratu du izen bereko lana, disko eta binilo formatuetan, oraingoan ere Gor etxearekin. Berriki aurkeztu du, Iruñeko Karrikiri elkartean, Patxi Goñirekin batera.

Garcesekin batera taldea osatzen duten musikariak honako hauek dira: Juanakis (panderoa eta perkusioa), Txema Balpuesta (gitarra, harmonika eta koruak), Karlos Ortiz (kontrabaxua) eta Unai Otegi (teklatua, txirula, kontzertina eta whistle txirula). Bandatze izena taldeko buruak berak aukeratu zuen; azaldu duenez, hiztegi batean topatu zuen hitza, eta arreta eman zion: «Hitzak arma kargatzea esan nahi du, eta gustatu zitzaidan, guk kargatzen ditugulako gure musika tresnak, musika jaurtitzeko».

Garces iazko itxialdi garaian hasi zen disko berrian entzun daitezkeen abestiak konposatzen. Sasoi hartan asmo zehatzik gabe jartzen zituen kantuak Youtuben, eta, itxialdia amaitutakoan, guztiak bildu zituen, eta grabatzea eta argitaratzea erabaki zuen. Aurtengo ekainean grabatu zituen, Cordovillako (Nafarroa) Motu estudioan, Guille Fernandezekin, eta Oscar Benasek nahasi eta ekoitzi zituen.

Hamar abestik osatzen dute diskoa, eta haietako zortziren hitzak euskaraz dira. Garcesen aurreko diskoan ere euskara nabarmendu zen, baina lehenago izandako taldeetan erdaraz abestu ohi zuten. Ziurtatu duenez, baina, «oso eroso» sentitzen da euskaraz kantatzen: «Prosodia oso erraza iruditzen zait egokitzeko». Azaldu duenez, Xabier Leteren eta beste euskal egile batzuen kantuak aditzeak eragina izan du aldaketa horretan.

Kantuetan eragin horren arrastoa suma daiteke, eta baita koronabirusaren pandemiarena ere, musikariak azaldu duenez: «Adibidez, lehen kantua, Urrun, Xabier Leteren olerki baten egokitzapena da. Nik pandemiaren hasieran sentitu nuen urrun bizitzeko gogoa. Letek seguruenik kutsu politikoagoa emango zion olerkiari, baina nik haren hitzak erabili nituen azaltzeko zer sentitzen nuen nik garai hartan. Kalean, etxe azpian, armada zegoen, adibidez, eta nik ez nuen hemen bizi nahi: urrun bizi nahi nuen».

Patxi Goñiren hitzetan, musikariak «ausardia» erakutsi du euskal poeten hitzak erabilita: «Onik atera da erronka horretatik, besteak beste, rockaren eta folkaren tradiziotik edanez sortu dituen doinu biribilei esker». Leteren hitzak ez ezik, beste bi egilek idatzitakoak ere entzun daitezke diskoan: Oskar Sanz de Acedok Honezkero kantuaren letrak idatzi ditu, eta Hasier Larretxeak, berriz, Baleak-enak.

Kantuetan jorratu dituen gai nagusiak «edozein liburu, disko edo pelikulatan» aurkitu daitezkeenak dira, musikariaren hitzetan: «Hiru gai nagusitan bildu daitezke: sexua, amodioa eta heriotza».

Soinu «heterogeneoa»

Soinu aldetik bilakaera bat izan du, aurreko lanarekin alderatuta: «Continuum bat dago, baina sumatzen da produkzioan sakondu egin dugula», adierazi du musikariak. Haren ustez, taldearekin batera arituta, soinu «propioa» garatzea lortu dute, eta horretaz gozatzen ari dira orain: «Izugarri disfrutatzen dugu entseguetan, eta ziur naiz diskoaren aurkezpenean nabarituko dela hori».

Bihar egingo dute aurkezpen kontzertua, Nafarroako Antzerki Eskolan. Sarrerak Internet bidez eros daitezke, laescueladeteatro.com webgunean, edo bihar bertan, leihatilan. «Hamabi hariko gitarrekin, teklatuekin eta oinarri erritmikoa panderoz eta kontrabaxuz osatutako formatuarekin, kantuek sotiltasuna izango dute», aurreratu du. Aurkezpenerako gogotsu daudela ziurtatu du.

Beren musika tresnez gain, beste batzuk ere erabili dituzte, lanak soinu «heterogeneoa» izan dezan. Esaterako, Sarez sare kantuan akordeoia eta banjoa sartu dituzte, eta emaitzak «mundu zeltara eraman dezake entzulea»; Burezur Blues-en soinua «ilunagoa» da; eta Haizezko oiloak-en, berriz, «arina, dibertigarria» da.

Gor diskoetxeak nabarmendu duenez, urteetako ibilbideari esker, abestiak «orraztu» egin ditu Garcesek: «Lehendik ere kanta nahiko zituela esan lezakete askok; ez da gezurra, baina hauek bere-bereak dira».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

1 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Berriro ere topagunea da

Ainhoa Sarasola

Iazko etenaren ondotik, aurrez aurrekoa izatera itzuli da Durangoko Azoka, eta, edukiera mugarekin, jendez bete da berriro ere Landako Gunea. Txandaka joan dira sartzen bisitariak, pilaketarik gabe

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Nahikoa lan izan dugu atzerakadari eusten»

Iñigo Astiz

Loiola, festara etorri, eta kulturak harrapatu zuen bere lehen Durangoko Azokan, eta Del Campo sormenerantz bultzatu du pandemiak. Landakon ezagutu dute elkar.

Myriam Miranda, Igor Muniategi, Amaia Ozerin eta Maite Bidarte, atzo, Landako guneko areto nagusian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bidea urratzeko lanabesak

Andoni Imaz

Sortzaileei euren jardunean laguntzeko zenbait tresna azaldu dituzte mahai inguru batean: egile eskubideei, kontratazioari eta zabalkundeari buruzko argibideak eman dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.