Moskito bat unibertsoan

Detaile xeheenak traszendentaltasunarekin lotzeko duen gaitasun ezohikoagatik da Ana Luisa Amaral Portugalgo poesia garaikideko izen nagusietako bat. Abuztuan hil zen.

Ana Luisa Amaral idazle portugaldarra, iazko irudi batean. J M GARCIA / EFE.
Inigo Astiz
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Hiltzea erraza da. Balio dezake poema horrek Ana Luisa Amaral poeta portugaldarraren jarduna azaltzeko (Lisboa, 1956-Leça da Palmeira, Portugal, 2022). Izenburu horren erraldoitasunak bigarren lerroan bertan egiten duelako talka poemak ondoren kontatzen duen ezdeuskeriarekin, eta, halere, ezdeuskeria hori bueltan doalako erraldoitasunera hirugarren estrofara heltzerako. «Azazkalarekin (hain erraz) asasinatu nuen/ moskito txiki hura/ ezen lizentziarik eta baimenik gabe ere/ orrian lur hartu baitzuen// Tonuz ikusezina/ ikusmenarentzako iraunkortasunik gabekoak hegoak/ eta, orrian hilda, utzitako arrastoa/ ia ez zen ezer// Baina arrasto hori/ magia hondar batekin, aitzakia zen/ poema bat idazteko, eta bere linfaren suak/ nire bizi aldiarenak baino laburrago/ iraun bazuen ere/ harena ere bazen/ bizitako denbora bat». Adituek ez dute alferrik konparatu berak ere sakon ikertua eta itzulia zuen Emily Dickinson poetarekin, zein ironiakide zeukan Wislawa Szymborskarekin ere.

Eta are sakonagora heltzen dira itxuraz anekdotikoa dirudien poemako pasartearen hariak, poetak duela bi urte El Cultural aldizkariari poema hari buruz eskainitako azalpen erudito bezain jostalariei jarraituz gero.

«Gogoan dut moskitoaren historia», hasten du oroitzapena. «Parisen nengoen, kafe bat hartzen eta idazten. Moskito ñaño bat heldu, paperean pausatu, eta pertsonen %99k egingo luketen gauza bera egin nuen: zanpatu egin nuen. Orduan pentsatu nuen: 'Moskito bat asasinatu dut', eta poema bat idatzi nuen. Sakonki sinisten dut osotasun baten parte izan ginela. Shakespearek bazekien hori, gu ere izarren eta ametsen materia berekoak ginela esan zuenean. Orain badakigu zuzen zegoela: gure hezurretan dagoen kaltzio beraz eginak daudelako izarrak. Arteak beti jakin du hori, zientziak baino lehenago. Horregatik, niretzat, oso erraza da txikitasuna transzendentetzat jo ohi dugun horretara gerturatzea. Umetan moja espainolek gidatutako kolegio batean egon nintzen, eta gustatuko litzaidake haiek bezain sinestun izatea. Baina bizitza honetaz aparteko beste bizitza horretan sinetsiko banu, ez dut ulertzen zergatik nik izango nukeen leku horretara joateko aukera, gizakia naizelako, eta zergatik nire katuek eta txakurrak, aldiz, ez. Horrela ikusten dut dena. Idazteko erabiltzen dudan mahai hau atomoz egina dago, zeinak gorputzen parte izan ziren, are, agian, baita giza gorputzenak ere».

Izen esanguratsua da Amaralena Portugalgo poesia garaikidean, eta azken hamarkadetan nazioartean oihartzun gehien izan duten autoreetako bat ere bada. Hura deskribatzea etenik gabeko jardun bat deskribatzea da.

Bi norabideko zubi

Minha senhora de Quê poema bildumarekin hasi zuen bere literatur ibilbidea, 1990. urtean, eta, gerora, beste hogei poema bilduma, hainbat antzezlan, nobela eta haurrentzako liburu ere eman ditu argitara. Hamalau hizkuntza baino gehiagotara itzuli dituzte haren poema bildumak, eta zerrenda osatzen dute bizialdian jasotako sariek ere —iaz jaso zuen Iberoamerikako Reina Sofia Poesia saria, tartean—. Itzultzaile lanak ere egin ditu, eta bi norabideko zubi lanak ere egin ditu alor horretan: besteak beste, Emily Dickinson, Shakespeare, Margaret Atwood, John Updike eta Louise Gluck itzuli zituen portugesera, eta ingelesera eman zituen Mario de Sa-Carneiro herrikidearen poemak. Dickinsonen poesiari buruz idatzi zuen doktore tesia, eta, Portoko Unibertsitateko Letren Fakultateko irakasle ez ezik, ikerlaria izan da Ikerketa Feministan, Queer Teorian eta Poetika Konparatuetan. Horrez gainera, hainbat urtez gidatu zuen poesiari eskainitako O som que os versos fazem ao abrir irratsaioa ere (Bertsoek zabaltzean egiten duten hotsa).

Poesiak mundua «kondentsaturik» islatzen duela esan zuen iaz, Reina Sofia saria jasotzeko ekitaldian emandako hitzaldian. «Energiaz betetako puntu kosmiko bat bezala, poesia intentsitateen lengoaia da. Eta, ikuspegi praktikoago batetik begiratuta, merkatuaren legeez askeago egonik, poesia beti egon da kapitalaren aginduetatik libreago, kapitala eta denbora berdintzen dituen ekuaziotik urrunduago». Eta lagun zuen antropologo batek esandakoa ere izan zuen gogoan, gero. Haren hitzetan, giza eboluzioaren mugarri baitira hilobietan jarritako loreak, lore horiek ez baitute funtzio praktikorik, eta sinbolikoa baita euren egitekoa: hildakoen oroitzapena presente mantentzea, bizirik jarraitzen dutenen artean. Eta antzera ikusten zuen poesia Amaralek ere. «Memoria transmisioez elikatzen da, eta, beraz, posible egiten du denboren arteko bizikidetza».

Andolin Eguzkitzaren kide

Oraindik ez dago Amaralen poemak euskaraz irakurtzerik, baina Andolin Eguzkitza idazle eta euskaltzain izandakoak behin baino gehiagotan lagundu zuen egilea bere testuak gaztelerara pasatzen. Litekeena da Eguzkitzak Amaralen poemaren bat ere euskaratu izana. Euskal idazlea eta haren lana ezagutu zuten hainbat pertsonarekin hitz egin du BERRIAk, baina ezin izan du datu hori baieztatu.

Abuztu honetan hil zen Amaral, 66 urterekin, eta, hain zuzen ere, Testamentua izeneko poema da Eguzkitzak gaztelerara itzultzen lagundutako poemetako bat.

«Hegazkinean abiatuko naiz/ eta altuerei diedan beldurrak/ lasaigarriak hartzera/ eta amets arraroak izatera narama// Hiltzen banaiz/ nire alabak gogoan izan nazan nahi dut/ norbaitek kanta diezaiola, baita desafinatzen badu ere,/ eta eskain diezaiola fantasia/ eta ez ordutegi zehatz bat/ edo ongi egindako ohe bat// Emaiozue maitasuna eta gauzei/ barrura begiratzeko gaitasuna/ eguzki urdinekin eta zeru distiratsuekin amestekoa/ batuketak ongi egiten/ edo patatak zuritzen erakutsi beharrean// Presta ezazue nire alaba/ bizitzarako/ hegazkin batean hilko banintz eta/ askatuko balitz nire gorputzetik/ atomo libre bat bilakatua zeruan// Gogoratu dadila nitaz nire alaba/ eta gero esan diezaiola bere alabari/ zeruan hegan egin nuela/ eta poz itsu bilakatu nintzela/ bere etxean batuketa okerrak ikustean/ eta patatak zakuan ahaztuta// osorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.