HILBERRIA. Jon Zamarripa

Arraroa, primitiboa, aurreratua

BERRIA.
mikel lizarralde
2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Josetxo Anituak bizitza uztea erabaki zuenetik hamar urte betetzear direnean —2008ko apirilaren 22an hil zen—, Cancer Moon taldeko bigarren ezinbesteko pieza zendu da, Jon Zamarripa gitarrista. Zamarripa (Bilbo, 1962) euskal rock undergroundaren parte oso garrantzitsua izan zen, eta Cancer Moonekin rock alternatiboaren zimenduak jarri zituen gaur egun erreferentzia diren hiru diskorekin: Haunted by the Snake (1990), Flock, Colibri, Oil (1992) eta Moor Room (1994).

Proiektu hori abiatu baino lehenagotik ibilbidea egindakoa zen Zamarripa. Los Primitivos sortu zuen, 1983an, rock gordina egiten zuen banda, eta Gazte Hilak-eko kidea ere izan zen. Los Extraños-ekin, baina, bere soinua lortu zuen Zamarripak, garage-aren, new wave-aren eta New Yorkeko rockaren artean mugitzen zena. Pare bat bildumatan parte hartu ondoren, lege kontuengatik taldeari izena aldatu, eta Los Raros deiturarekin argitaratu zuten No es un buen plan euskal rock undergroundaren ezinbesteko diskoa.

Gero, Cancer Moon iritsi zen. Inguruan egiten zen musikarekin zerikusi gutxi izateaz gain, talde horrekin Zamarripa eta Anitua aurreratu egin zitzaizkion jaiotzen ari zen noise belaunaldiari. Taldearen diskoek oso kritika onak izan zituzten, baina kaleko musikazaleek ez zieten kasu handirik egin, eta frustrazio artean amaitu zuten.

Alvaro Fierrok eta Ibon Ibarluzeak sinatutako Atrapados por la serpiente dokumentalak (2017) Cancer Moonen historia ekarri zuen gogora, eta, agian horrek bultzatuta, Zamarripa agertokietara itzulia zen. Orain dela pare bat hilabete akustikoan aritu zen Bilbon, eta zuzenean jotzeko asmoak zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.