Literatura

Dada aingerua

Itzalean geratu arren, emakumezkoek funtsezko ekarpena egin zuten dadaismoaren sorreran; besteak beste, Emmy Henningsek. 'El Ángel DADÁ' komikiak haren ibilera biziak jaso ditu.

Emmy Hennings, 1917 eta 1919 bitartean egindako argazki batean. BERRIA.
2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Emmy Henningsek (Flensburg, Alemania, 1885Sorengo-Lugano, Suitza, 1948) Dada mugimendu artistikoaren egoitza bihurtuko zen Cabaret Voltaire abiatu zuen 1916. urtean, Zurichen, bere senar Hugo Ballekin batera; artean eta bestelako esparruetan gertatu ohi denez, baina, Hennigsen ekarpena ahaztu edo ezkutatu egin da, gizonezkoen izenak lehenetsi ohi baitira arte historiako liburu eta ikerlan marduletan.

Halere, kontrako ustea zabaldu bada ere, emakumeek Dadari egindako lana ez zen edonolakoa izan. Sophie Taeuber-Arp, Elsa von Freytag-Loringhoven etaClara Tice, besteak beste, ezinbestekoak izan ziren Dadaren garapenean —haietako batzuk Mary Wigman dantza espresionistaren aitzindari alemaniarraren ikasleak izan ziren—. Eskultoreak, poetak, dantzariak, pintoreak, abeslariak eta diseinatzaileak ziren, eta gaur egun gure inguruan dauden zentro artistikoetan bikain egokituko lirateke, inongo anakronismo zantzurik erakutsi gabe, haien kezka eta jardunetik sortu baita gaurko jardun artistiko handi bat.

Hennings klub horretako beste perfomer avant la lettre bat izan zen, kritikarien laudorioak jaso zituen Cabaret Voltaireko artista bakarra, Zuricheko kabareteko talenturik handiena, bertaratzen ziren ikus-entzuleen artista kuttuna. Bada, oraintsu, haren inguruko bi lan interesgarri argitaratu dira, biak ala biak gaztelaniaz: 1919an argitaratutako Gefängnis (Kartzela) nobela autobiografikoa eta Fernando Gonzalez Viñasek eta Jose Lazarok ondu duten El Ángel DADÁ komiki biografikoa (Dada aingerua). Lanok El Paseo argitaletxeak plazaratu ditu.

Sortzaile hastapenetatik

Hugo Ball idazle eta dadaistaren musatzat jo izan dute Hennings, baina Dadaren sortzaile sendoenetakoa ere izan zen. Eta egia da poeta dadaista eta espresionistentzat musa lana egin zuela, baina, inguru artistiko elitistetan bere lekutxoa lortu baino lehen, sortzaile alemaniarrak ibilbide luzea osatu zuen: abeslari kabaretetan, poeta, aktore, marrazkilari eta dantzari, besteak beste. Txikitan erabaki zuen sortzaile izango zela, eta, gurasoen nahiaren aurka, arte dramatikoa ikasi zuen. El Ángel DADÁ komikiaren bineta esanguratsu batean, gazte-gazte ageri da Hennings, bere etorkizunaz hausnartzen: «Bankuak lapurtuko ditut, eta gero lapurreta horiek poemetan kontatuko ditut». Pasarte horretan, argi erakusten da Henningsen oinarrizko kontzeptzio artistikoa. Haren aburuz, poesia ekintza zen, eta jardun artistikoa ekintzan gauzatzen zen. Bere egunerokotasuna pasio bihurtu zuen. Grina hori, baina, desesperaziotik jaio zen, eta guda eternal bilakatu. Etengabeko guda horretako lubakietako lokatzean, adikzioak, pobrezia, maitale uholdea eta bekatariaren errua borrokatu ziren. Bizitzako zamak eta plazerak.

Prostituzio toxikoa

Gazte ezkondu zen Wilhem Vio ibiltariarekin, eta alabatxoa ere izan zuten, Anne Marie. Viorekin ezagutu zituen lehenengo kabaretak, taberna zuloak eta kasinoak. Goseak jota, prostituta ere aritu zen. Bremen hirian ohartu zen, baina, sexua salduz antzerki enpresari, zuzendari eta kritikarien mesedeak lor zitzakeela. Lur jota zegoenean, elizetara jotzen zuen, beirateetako santuak marraztera, hondo beltz eta sakonetik azaleratzeko asmoz. 1910ean, Koloniara joan zen, eta John Hoexter poeta homosexual, judu eta suizida ezagutu zuen. Haren bitartez, morfina, opioa eta eterra ere probatu zituen, droga saltzailea baitzen. Hoexterrek, halaber, mugimendu espresionistan murgildu zuen. Hala, garai hartako izen handiekin erlazionatu zen; tartean, D'Annunzio, Marinetti eta Cocteaurekin. Gero, Munichen eta Berlinen, garai txarrak bizi izan zituen, baina ragtime erritmoekin ere zoratu zen, eta panpinak eraikitzen zituen emakume batekin maitemindu zen. Azkenik, 1914an, Hugo Ball ezagutu zuen, Municheko Simplicissimus kabaret ezagunean. Laster, abentura dadaista hasiko zuten elkarrekin, Zurichen, I. Mundu Gerrarekin batera. Antzerki dadaistako aktore guztiak ezagutu zituen bertatik bertara, Janco, Richard Huelsenbeck, Hans Arp eta Tristan Tzara, besteak beste —Tzararen eta Henningsen artean sekula askatu ez zen tentsio sexual nabarmena tenkatu zen—. Arte eta gizarte burgesaren kontrako mugimendu berritzailean ere gizonezkoak nagusitu ziren, eta haien arteko norgehiagokak ere piztu ziren; esaterako, Ball, Huelsenbeck eta Tzararen arteko liskarra dada izena nork asmatu zuen argitzeko. Bada, Henningsek asmatu zuen dada hitza. Ballekin erabiltzen zuen etxeko kode bat zen: kalera atera nahi zuenean, «dada» esaten zion senarrari haur baten ahoskera erabiliz, da-k han esan nahi baitu alemanez.

Kartzelako idatziak

Prostituzioan ari zela, Henningsek lau txakur txiki ostu zizkion bezero bati, eta, lapurreta horren ondorioz, sei aste igaro zituen espetxean; esperientzia horretatik sortu zen, hain justu, 1919ko Gefängnis liburu autobiografikoa. Autoreak estilo hotz, sinple eta sikua erabili zuen testuan, narrazio existentzialista aurreratzen zuena. Garai hartako artista eta sortzaileek goraipatu egin zuten obra. El Paseo argitaletxearen edizioan, Henningsek ziegan egindako ilustrazioak ez ezik, 1913 eta 1916 bitartean idatzitako poemen lagin bat ere jasotzen du, Eterraren estrofak izenburupean; besteak beste, Die Aktion literatur aldizkarian eta Cabaret Voltaire buletin dadaistan argitaratuak. Poemategi labur horrek aise gainditzen ditu zeldako letra izoztuak. Horren adierazle dira Eter poemaren hitzok:

Euriak kristalak jotzen ditu
Lore batek gorrimin dirdiratzen du.
Haize hotzak putz egiten dit bekokian.
Esnatuta al nago edo heriotzaz beteta?
Mundu bat ikusten da urrunean, oso urrun,
Erloju batek laurak jo ditu, emeki.
Eta ni denbora oroz kanpo.
Zure besoetara noa...

Oinazetutako erabateko artista izan zen Hennings, diziplina anitzekoa. Hauxe jaso zuten Newe Amsterdamer argitalpenean, Cabaret Voltaireko ikuskizunen harira: «Ederra ez baina adierazkorra den ahotsarekin abesten du, eta haren aurpegitxoak, morfinak markatuak, dir-dir egiten du, haren marrazki boteretsuek bezalaxe». Eta Zürcher Post-en beste hau agertu zen: «Emmy Hennings da Cabaret Voltaireko izarra, hainbat kabaret gautako eta poematako izarra». 63 urterekin hil zen, Luganon, alaba eta ilobak ondoan zituela. Ballen ondoan lurperatu zuten. Hiletara ez zen dadaista bakar bat ere agertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.