Fernando Renesek azulejuekin estali ditu Bilbo Arteko hormak

Artistak gerra eta sexua irudikatu ditu lauzetan eginiko hainbat marrazkiren bitartez. Erakusketa irailaren 2tik 20ra egongo da ikusgai

Fernando Renes, Bilbo Arten instalatu berri duen mosaikoaren zati bat atzean duela. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
«Zerbait berria egin nahi nuen». Ez da lehen aldia Fernando Renes artista bisualak (Covarrubias, Burgos, Espainia, 1970) azulejua erabiltzen duela, baina, oraingoan, «proposamenaren altuera igo» nahi izan du. Erabakiaren emaitza, honako hau: Bilbo Arteko Urazurrutia aretoko hormak estali dituen mosaikoa, 42 metro luze eta 2,7 metro altu dena. 2018an, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikoaren zentroan egin du egonaldia artistak, eta orduan garatutakoa bertan jarriko du ikusgai, irailaren 2tik 20ra bitarte. 17:30etik 20:30era bisitatu ahal izango da, doan.

Renesek «energia negatiboa eta positiboa» islatu ditu harlauzetan; gerra eta sexua, kasu honetan. Elementu belikoak eta lentzeria uztartzen dira, eta, oro har, tradizioan jarri du arreta Renesek, «ikuspegi zabalagoa» emate aldera. «Inoiz baino informazio gehiago daukagu». Irudietan antzematen da gaur egun eskura duen hori aprobetxatu duela, modernoak eta zaharrak bat egiten baitute: hegazkin ontzi mardularen ondoan, antzinako zalduna ikus daiteke, esaterako. Bere esperientzia ere gehitu dio artelanari, bere autoa marraztuz, adibidez.

Erabilitako materialak ere —zeramikak, alegia— atzera begira jartzen du ikuslea, hein batean: azulejuari esker, «artearen hasierekin» egiten du lotura Renesek. Baina harlauzek «harategi» giroa ere eransten diote obrari. «Haragia zintzilikatu beharrean, objektuak zintzilikatu ditut». Besteen «jostailuen» inguruko gogoeta egiten du, eta haietako bakoitzari ematen zaion balioaren gainekoa: «Dena da kontsentsua». Azulejua, esaterako, elementu «umil» gisa hartu izan da, baina Renesi obraren «bizkarrezurra» paratzeko aukera eman dio: marrazkia. «Paperarekin lauzatzen nuen lehen, azulejuarekin orain». Azpimarratu du ekoizpena baliagarri izan zaiola margoari buruz hitz egiteko, hainbat teknika erabili baititu. «Obraren alderdi bisuala erakargarria da».

Erakusketan irudi finkoa gailentzen den arren, 144 fotogramako bideo pieza motz bat ere txertatu dio, artistak «animazio txiki» gisa definitu duena. Bertan, beltzez margoturiko lauzek estalitako horma bat ageri da. Azulejuak banan-banan jauzi ahala, toki huts hori betetzen du artistak, baina berdez pintatutako harlauzekin oraingo honetan. Fibonacci sekuentzia du oinarri mugimendu horrek, eta hori are ageriagoa egiten du irudien abiadura bizkortuta egoteak. «Azulejuek, berez, trama bat agertzen dute».

Lan «fisikoa»

Hasieran, Urazurrutia 23 proiektuak narrazio bat osa zezan zen artistaren helburua; azkenean, ordea, «aurkezpen» gisara definitu du Renesek obra, erakusketaren aurkezpenean. Instalazioaren oinarri «fisikoa» ere nabarmendu du, eta lan «neketsua» izan dela azpimarratu. Banan-banan sortu du azuleju bakoitza. Egosi gabeko basa zatiak erosi, eta bukaerako emaitza lortu arteko bidea berak egin du, oso-osorik. Areto oso bat lauzekin tapatzeko ere «planifikazio» landu bat garatu behar izan du.

Lana gorabehera, artista pozik agertu da Bilbo Arten egindako egonaldiarekin: «Esperientzia ahaztezina izan da». Laudorioak aldebikoak izan dira. Bilbo Arteko zuzendari Juan Zapaterrek «oparia» dela iritzi dio Renesen ekoizpenari, eta haren «lan egiteko ahalmena» goraipatu du: «Anbizio handikoa da, bai maila artistikoan, bai maila fisikoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.