Albistea entzun

Hemen dira etorkizunekoak

Donostia Festibalak doinu urbanoen aldeko apustua berretsi du , eta emaitza agerikoa da: 8.000 zale bildu ditu Donostiako Hipodromoan, gazteei zuzendutako egitarau batera.
Batez besteko adina 25 urteren bueltan izango zen herenegungo Donostia Festibalean.
Batez besteko adina 25 urteren bueltan izango zen herenegungo Donostia Festibalean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Lasa Etura -

2019ko irailak 15 - Donostia

Herenegun, Donostia Festibalak zalantzan jarri zituen musika jaialdietako dogmetako batzuk. Bat: gazteenak —eta ulertu 24 urtetik beherakoak gazteenak bezala— ez dira halako ekitaldietara joaten, ez dutelako interesik, ez dirurik. Bi: jaialdietara doazen zaleak oso nagiak dira, berandu sartzen dira kontzertuen eremura, eta berandu atera; berdin die zein taldek jotzen duen hasieran.

Bada, ostiralean, 19:00ak aldera, jende andana zebilen Lasarte-Oria (Gipuzkoa) eta Donostiako Hipodromoa elkartzen dituen zubia etenik gabe zeharkatzen. Hipodromo sarrerara iritsita, gaztetxoz betetako ilara luze samarra zegoen. Etorkizuneko entzuleak erakarri zituen jaialdiak. Ordurako amaitua zen Rukularen kontzertua, eta Ira rap taldearen azken akordeak entzun zitezkeen; eguneko lehen bi emanaldiak ziren.

Ordu laurden geroago, zale kopuru txukuna bildua zuen jada Lagrimas de Sangrek. Eta, tantaka-tantaka, jendetza baten aurrean eman zuen kontzertua. Ilunabarra baino ordu eta erdi lehenago. Batez besteko adina kostata izango zen 25 urtetik gorakoa, eta han ziren gehienek ezagutzen zituzten Kataluniako rap-reggae taldearen kantuen letrak. Goitik behera abestu eta dantzatu zituzten Buen viaje, Voy a celebrarlo, Cuando sale el sol, Quemar el mar... Rap arima badute ere, reggae doinu lasaiak jorratzen dituztenean funtzionatzen dute hobekien, eta horretan oinarritu zuten kontzertuaren zati nagusia.

Jaialdiz betetako oihanean, aurkitu du bere lekua Donostia Festibalak. Iazko bideari eutsi dio, doinu urbanoei nagusitasuna emanez, eta euskal taldeen presentzia bermatuta. Festibal atipikoa da Donostiakoa; txikia, baina bi ibilbide erabat desberdin egiteko aukera ematen duena: Herrialde Katalenetako eta Espainiako doinu urbanoena, batetik, eta areto txikietan eta gaztetxeetan ibili ohi diren euskal taldeena, bestetik —Bukowski eta Dabadaba aretoek aukeratu dituzte taldeok—. Kaskezur zen bigarren talde horretako bat. Bihar bertan argitaratuko duten Ihesi doaz animaliak diskoa aurkeztu zuten jendaurrean, Joseba Irazokiren Euria abestiaren bertsio eta guzti. Lisabo bezalako taldeen hezurdura badute ere, ez diote muzinik egiten melodiari. Zendu berri den Jon Barberena bertsolariari eskaini zioten kontzertua. Ez zen izan oholtza gaineko omenaldi bakarra; Iñigo Muguruza izan zuen gogoan Tremenda Jauriak. Dantzan jarri zuten jendea cumbia eta reggaeton erritmoekin.

Ordu berean jo zuten Natos y Waor rap bikoteak eta Rok. Lehenengoen alde egin zuten ia guztiek, baina Azkoitiko Matadeixen sortutako taldea ikustea erabaki zuten gutxiek post-rock kontzertu fin batez gozatu zuten, hipodromo azpiko harmailetan atondutako gunean. Kontzertuei dagokienez, ez zen izan ezuste handiko gaua; talde bakoitzak espero zena eman zuen. Hala, Joseba Irazokik —eta lagunek— argi utzi zuen zergatik den Zu al zara? iazko disko onenetako bat, eta zergatik moldatzen den gitarrista hain ondo oholtza gainean.

Festa nahiago

La Pegatinaren, Carolina Duranteren eta Mala Rodriguezen kontzertuak aurreikusten ziren jendetsuen, eta, hala izan bazen ere, egon zen alderik hiruren artean. Musika jaialdietan jotzen duten talde batzuek konfeti ikusgarriekin amaitu ohi dituzte emanaldiak. Bada, La Pegatinak lehen akordeekin batera askatu zuen lehen konfeti festa. Argia zen aldarria: ondo pasatzeko eta pasarazteko asmoa.

Kontzertu dibertigarria eskaini zuten, eta etengabe dantzatu eta abestu zuten zaleek. Lloverá y yo veré, Y volar... Euskal Herriko tabernetan maiz entzuten diren abestiak dira. Aski ezagunak. Xabi Solanorekin batera jo zuten No Tinc Remei, eta ederra izan zen bukaera: Alosque erdi-akustikoa eta Mari Carmen, oinak mugitzen jartzen dituen abesti puska.

Gauerdia zen artean, eta zale askok etxerako bidea hartu zuten. Halere, karpa ia betetzeko adina lagun bildu zituen Carolina Durantek. Las canciones de Juanita-rekin hasi zuten kontzertua, «ez dugu gaizki jotzen, atzo baino hobeto egiten dugu» leloa duen abestiarekin. Eta ez, ez zen izan gaueko kontzerturik onena, baina ezta beharrik ere. Distortsioan kiribildutako gitarra doinuetan eta erritmo zuzenetan oinarritu zuten 45 minutuko emanaldia. Kantuak ezagutu bai, baina ez zen berebiziko zalapartarik egon Cayetano iritsi arte. Azkena.

Ibilbideari erreparatuta, Mala Rodriguezek behar zuen kartelburu argia, baina, egiari zor, eta jendea bildu bazuen ere, erraz gertura zitekeen lehen ilaretara. Lau dantzarirekin eta koreografia zainduekin aritu zen, dena neurtuta. Espainian aitzindaria izan zen, rap abeslari gisa nabarmendu zen lehendabiziko emakumeetako bat izan baitzen. Eragin handia izan du Euskal Herriko hainbat rap abeslarirengan. Orain doinu horietatik zerbait aldendu bada ere, pop latinoaren mesedetan, ibilbide osoko kantuak jo zituen herenegungo kontzertuan: La niña eta Tengo un trato bereziki eskertu zituzten beteranoenek. Contigo-rekin itxi zuen, zaleak beste behin ere dantzan jarrita.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritarren mezu guztiak binilo batean eta MP3 batean jaso dituzte, eta kapsulan sartu, postalekin eta bi sortzaileen <em>selfie</em> batekin. ©ANDRES ETA MANOLO

Geroari orainalditik hizketan

Ainhoa Sarasola

'Ostempo Nuna' proiektuan, Imanol Espinazok eta Ander Fernandezek denborazko soinu kapsula batean bildu dituzte jendearen mezuak. Bidasoko uretan sartuko dute, bihar
Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, atzo, Iruñeko Laba aretoan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Mozorroak gardenak zaizkie

Uxue Rey Gorraiz

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsoaren eta fikzioaren mugez solastatu dira Iruñeko Laba aretoan antolaturiko mahai inguruan, Kalakak literatur zikloaren parte. Besteak beste, bertsolariek sakon gogoetatu dute sinesgarritasunaz. Dudak azaldu dituzte «azal batzuetatik» kantatzeko zilegitasunari buruz.

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.