Albistea entzun

Literatura

Solas betea

XX. mendeko idazle nagusietako bat izan zen Carmen Martin Gaite espainiar letretan. Pentsamendua muturreraino atzeman nahi izan zuen, eta ahozkotasuna ere idatzira ekarri.
Camen Martin Gaite idazlea, 1995. urtean.
Camen Martin Gaite idazlea, 1995. urtean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Joannes Jauregi -

2022ko maiatzak 22

Carmen Martin Gaite 2000. urtean zendu zen, 75 urte zituela, obra oparo baten ama eta ezinbesteko literatur erreferente. Bizi zela argitaratu zituen narrazio eta saiakerekin ibilbide emankorra urratu zuen arren, zendu ostean kaleratu zizkioten lanak —eskutitz sortak, egunerokoak eta abar— ez ziren gutxi izan. Hilondoko argitalpen horien artean, Cuadernos de todo (Guztiaren koadernoak) izango da akaso berezienetako bat: ale mardul bat da, idazleak berak izenburu horrekin idatzitako eguneroko luzeak apailatuz osatua. Liburuan sartu, eta irakurleak Martin Gaiteren dendaoste literarioaren erdian aurkitzen du bere burua: noiz gogoeta gordin samarrak edo saiakera koskor landuak, noiz iruzkin eta deskribapen solteak, nolabaiteko ordenan-edo jarriak. Idazlearen obra zertxobait ezagutze hutsa aski da haren literatura osoa ezaugarritzen duten lehengaiekin topo egiteko han-hemenka. Kuxidade literario eder eta labirintiko bat dira Martin Gaiteren koadernoak, zeinetan suelto uzten baitzituen bere gogoetarako kapazitatea, jakin-min asegaitza eta sen poetiko berezkoa, guztiak ere koaderno pertsonalen gertutasunean jokatuak.

Cuadernos de todo-ra sartu bezain pronto, irakurleak orotariko testuekin egiten du estropezu, eta halarik ere apenas aurkituko duen betelanik. «Pentsamendu bati ia inoiz ez diogu uzten», dio idazleak hasiera aldera, «gu erabat habita gaitzan eta behar beste sardetu dadin. Kontzienteki ala inkontzienteki, pentsamendua guk geuk gidatzen eta hesitzen dugu beti; eta, bideratu eta geureganatu nahi horretan, indarra kentzen diogu». Idazketa da Martin Gaiterentzat pentsamendua libre uzteko modua; pentsatuz idazten du, eta idatziz pentsatzen. Idazketak pentsamenduaren hezurdura osatzen du; gogoeten aldamio hutsa baino askoz ere gehiago da, beraren mamia ia. Koadernoetan aurreraxeago dioenez: «Denok apuntatu beharko genituzke geure gogoetak; ez beren balioagatik, baizik eta gogoeta gehiago ekartzen dituztelako». Pentsamenduak muturreraino pertsegitu nahi hori nabaritzen zaio Martin Gaiteri koadernootako testu gutxiz gehienetan.

Idazlearentzat idazketa zer den, ordea, horra non dagoen koska. Carmen Martin Gaiteren idazketa ez da aldebakarreko monologo bat, elkarrizketa baizik, edo elkarrizketa nahia behintzat; hots, beti erantzun bila dabilen solas bat. Letra idatziaren errespetua izeneko idazkian, erabat bukatutzat aurkezten diren testuen gaineko mesfidantza adierazten du, eta idazketaren aldebiko izaera komunikatiboan azpimarra jartzen.

Idaztea, mintzatzea

Idazketa solastzat jotze hori izango da, akaso, Carmen Martin Gaiteren literaturaren bihotz-mamia —ez alferrik, Solaskidearen bilaketa izena du haren lehen saiakera bildumak—. Hain da funtsezkoa, haren narratiba lan guztien gai literario nagusietako bat bilakatzen baitzaio, nagusia ez bada. Haren pertsonaia eta istorio guztiak komunikazio nahi orokor batean bilduta geratzen dira. Artez edo moldez bakarzaleak izaten dira Martin Gaiteren pertsonaiak, modu batera edo bestera komunikazio bila (eta ondorioz beste inoren bila) dabiltzanak, eta mihise zabal horren ifrentzutik jaiotzen dira gainerako gaiak: dolua, bakardadea, desamodioa, egonezin existentziala... Idazketa ulertzeko modu hori garatuz joan zen denborarekin, eta, beraz, haren azkeneko lanetan ikuste da garbienik, esate baterako Lo raro es vivir nobela bikainean (Bizitzea da arraroa). 1996an argitaratua da; protagonistak, zeinak hil berria baitu ama, harekin zintzoki komunikatu ezinari aurre egiten dio nobela osoan barrena, flashback ugariren bitartez. Badago eszena bat, idazlearen idiosinkrasiarekin oso bat datorrena, zeinean artearen historiari buruzko azalpen suharrak ematen dituen irakasle baten elokuentziak seko liluratzen baitu protagonista, eta lortzen, itxuraz, protagonistaren ezinegon hori zerbait behintzat arintzea. Ordea, ikasgelaren agertokitik kanpo, elokuentzia aienatu egiten zaio irakasleari, eta hautsi egiten da komunikazioaren sorginkeria. Komunikatu nahiaren eta ezinaren arteko tentsio hori etengabea da Martin Gaiteren azkeneko nobeletan. Nubosidad variable eleberrian (Hodeitza aldakorra), bi protagonista aspaldi bananduek idazketaren bitartez bat egiten dute. Nor bere gorabeherak eta kezkak besteari kontatuz hasten dira, komunikatu behar horrek hartaratuta, eta gutun-trukearen gurpilean sartuta aurreratzen da nobela. Beste inorengana iristeko ahalegin horrek badu parte erotiko nahiko inportante bat: «Bada, labur esanda, hauxe: ezin garela beste inoren larruan sartu, lortu dugula iruditu arren». Alde horretan, erotika ere komunikazioa da, edo inkomunikazioa.

Solaskidearen bilaketaren gaia Carmen Martin Gaitek darabilen hizkuntzan bertan ere islatzen da. Hain zuzen, hizkuntzan bertan du idazleak lorpen literario gailenetako bat. Ematen du hizkera literario bat baino gehiago hizketa literario bat garatu zuela bere idazketan, ahozko erregistroaren nolabaiteko transmutazio poetiko baten bitartez. Ahozko erregistro informaleko ezaugarri ugari (etenak eta anakolutoak, esapideak, joskerak...) tentu eta gustu handiz hautatu, eta molde oro har jaso eta oso landu baten ongarri gisa erabiltzera ailegatu zen. Gaztelaniaren estilista petoa izan zen Martin Gaite, eta haren idatziek aho-gozagarri egiten dute hizkuntza.

Pentsamendua, idazketa eta solasa, Carmen Martin Gaiteren literaturaren hiru erpinak, guztiak bere estilo landuarekin lotuak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA / BERRIA

Etxe berri bat euskarari

Unai Etxenausia

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak amaiera emango dio zortzi urteko ibilbideari. Elkarlana eta euskara ardatz hartuta, Arabako euskal sortzaileen akuilu izan da.
Iban Illarramendi eta Eider Perez sarituak, atzo, Iruñean. ©ETXEPARE

Iban Illarramendik eta Eider Perezek irabazi dute Etxepare saria

Erredakzioa

'Kiratsa' album ilustratuarekin eskuratu dute saria. Arkakuso baten abenturak ditu kontagai, eta Pamielak argitaratuko du lana, udazkenean
Ekainberriko labar pintura bat. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Historiaurre garaikide bat

Jone Bastida Alzuru

Munduko ondarea da Ekaingo kobazuloa, eta haren erreplika bisitatzeko aukera dago Zestoan: Ekainberri. Duela 13.000-14.000 urteko labar pinturen kopiak daude bertan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.