Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA.

Bizitzaren errepikapenetan

Andoni Imaz.
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun

'Resten af livet'



Zuzendaria: Frelle Petersen. Herrialdea: Danimarka. Iraupena: 106 minutu.

Frelle Petersenen hirugarren filma diskrezioz iritsi da Sail Ofizialera; artean hirugarren filma du zuzendariak, baina haren zinema ezezaguna da oraindik inguruotan. Eta ez da meritu makala neurritasunaren bidez lortu duena: pauso irmoz dabilen istorio bat kontatu du Resten af livet lanean, planteamendu zuhur batekin.

Familia baten doluak ardazten du narrazioa. Egon (Ole Sorensen) eta Maren (Mette Munk Plum) gurasoak Tobias semearekin (Lasse Lorenzen) eta Line alabarekin (Jette Sondergaard) elkartzen dira, batera gosaltzen dute, beren ohitura intimoak dituzte egunerokorako eta ospakizunetarako. Tobias ustekabean hilko da, eta Linek ez du lortzen haurdun geratzea ugalketa tratamendu batekin.

Heriotzaren zamak bizitzara ekartzen dituen gorabeherak kontatzeko eta irudikatzeko moduak egiten du berezi Petersenen lana. Antzezpen eta egoera neurritsuen bidez, beti lortzen du tentsio bare bat egotea giroan, behin ere ez sobera nabarmena. Elipsiaren, eremuz kanpokoaren eta mozketaren bitartez lortzen du inor harrituko ez lukeen material bat modu dotorean janztea.

Horren adibide bat da heriotza irudikatzeko modua: mutila filmatzen du familiarekin mahaiaren bueltan, beste kide guztiak fokutik kanpo utzi arte, eta elipsi ausart bat sartzen du ondoren. Segidan, senideak «hari gustatuko litzaiokeen» kantu bat aukeratzen ageri dira, eszena eder batean.

Errepikapenaren bidez, filmak erakusten du zer errituk eusten dioten familiaren oinarriari, zer helduleku dauden heriotza bati elkarrekin aurre egiteko, denborari lasai korritzen utzita, ez ondorio biribil batera iristeko, baizik eta denborari eta bizitzari buruz lasai gogoetatzeko pertsonaia sendo batzuen konpainian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.