Musikaren plazera

1980ko hamarkadan AEBetan sortutako sustraidun rockaren ordezkari da The Silos, Walter Salas-Humararen proiektua. Bi kontzertu ditu Euskal Herrian egunotan.

Walter Salas-Humara (eskuinean), gaur egun The Silos osatzen duen hirukotearekin. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun

Bere belaunaldiko talderik ezagunena ez izanda ere, nolabaiteko instituzio bat da The Silos country-rockaren eta gitarretan oinarritutako sustraidun rockaren berrasmatzaileen artean. 1985ean sortu zuten taldea, R.E.M., Green On Red, The Dream Syndicate, The Long Ryders, Giant Sand eta AEBetako beste hainbat banda rock zirkuituetan lekua bilatzen ari zirela. Haietako batzuk arrakasta lortzera iritsi ziren (R.E.M.), beste batzuk desagertu eta urte batzuen ostean itzuli ziren elektrizitatez gainezka egiten duten diskoak grabatzen segitzeko (The Dream Syndicate), eta beste asko desegin eta taldekideek bestelako proiektuak hasi zituzten (Green On Red). The Silosek, ordea, hor segitu du denbora guztian. Fokoetatik kanpo, baina gorabehera handirik erakusten ez duen diskografia oparoa osatzen.

 

«Gurea bezalako talde batek ez du dirurik irabazten», zioen Walter Salas-Humara taldeko abeslari, gitarrista eta liderrak —bera da, hain zuzen ere, taldearen hastapenetatik segitzen duen kide bakarra—, orain dela 30 urte Rockdelux aldizkariari emandako elkarrizketa batean. «Diskoekin ez naiz inoiz zenbaki gorrietan sartu, baina ez dut musikatik bizitzerik izan». Hiru hamarkada igaro dira elkarrizketa hartatik, baina musikari heltzeko motibazioak segitzen du izaten diruaz apartekoa: «Oso diru gutxirekin grabatzen dut, kontzertuak ematen ditut bakarka eta beste batzuetan lagunekin aritzen naiz. Musika ona sortzea agian ez da lehen baino errazagoa, baina nire bizitza bada».

Salas Humara New Yorken jaio zen, 1959an, baina gurasoak kubatarrak zituen. «Oporretan ziren New Yorken, Castroren garaipena iritsi zenean. Euren maila sozialagatik, erabaki zuten ezin zirela Kubara itzuli. New Yorken jaio nintzen, baina Floridan hazi nintzen, giro erabat estatubatuar batean, nahiz eta etxean gaztelaniaz hitz egiten genuen».

'Cuba', berrargitaratua

17 urterekin gitarra jotzen hasi zen; 18rekin, The Vulgar Boatman taldea sortu zuen; 23rekin, New Yorkera lekualdatu zen arte ikasketak egitera, eta 26rekin, The Silos sortu zuen Bob Rupe gitarristarekin eta Mary Rowell biolinistarekin. About Her Step (1985) lehenengo diskoa oihartzun handirik gabe kaleratu ostean, Cuba bigarrenarekin (1987) kritika bikainak iritsi zitzaizkion taldeari. Rolling Stone aldizkariak, adibidez, urte hartako talde berri onena izendatu zuen. Lan hartan zegoen The Silosen oinarria: erritmo sendoak, patroi errepikakorrak, melodia itsaskorrak eta pasioz betetako ahots bat. Country aire batzuk ere bazituen, baina revival hutsetik oso urruti kokatzen zen diskoa.

Hain zuzen ere, orain, disko hura argitaratu eta 35 urtera, Bilboko Hanky Panky diskoetxeak binilozko edizio dotore batean berrargitaratu du, Ignacio Julia kazetari eta kritikari kataluniarraren testu argigarri batekin eta 1990eko apirilaren 18an emandako kontzertu baten grabazioa jasotzen duen bigarren disko batekin (The Bird Album Live on KCRW). Disko hori taldearen hirugarren diskoko (The Silos) kantuen zuzeneko moldaketek osatzen dute.

Lehenengo bi diskoak bere kasa argitaratu ondoren, hirugarren diskorako RCA zigiluarekin egin zuten tratua. Diskoa baldintza onetan grabatu zuten, baina argitaratzeko prest zeudela, diskoetxeak iritziz aldatu eta kaleratu bai, baina ez zuen inolako promoziorik egin hura bultzatzeko. Horrek eta New Yorken gustura ez egoteak eraman zuten Rupe taldea uztera, eta Salas-Humarak, bakarrik eta RCAren babesik gabe, lan egiteko modu autonomoetara itzultzea erabaki zuen.

Orduz geroztik, eta formazio ezberdin eta aldakorrekin, disko ugari grabatu ditu Salas-Humarak, hala The Silosekin —Hasta la Victoria! (1992), Diablo (1994), Heater (1998), Laser Beam Next Door (2001), Florizona (2011)—, nola bakarka —Radar (1996), Curve and Shake (2014). Guztiak ere lan egiteko modu eta molde jakin batzuen erakusleak: «Pentsatu nahi dut kantu hobeak egiten ikasi dudala, eta uste dut gaztea nintzela baino hobeto kantatzen dudala», aitortu du.

Haren azkeneko lana Family diskoa da, aurten kaleratu duena, eta The Silosen diskografian erraz txertatzen dena. Indartsua zenbaitetan (My Favorite Animal), malenkoniatsua besteetan (Dreaming of Paris), taldearen nortasun zeinuak gordetzen ditu bete-betean. Disko horrekin batera, single bat ere argitaratu du taldeak, kontzertuetan salduko duena. Bertan, Puede ser kantuaz gain —LPan ere azaltzen dena—, Pavement taldearen bertsio bat sartu dute: Range Life.

KONTZERTUAK
Asteartea 4: Dabadaba aretoan, Donostian, 20:30ean.
Larunbata 8: Azkena aretoan, Bilbon, 21:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.