Eskozia gaztearen soinua

1977. eta 1989. urteen artean sortutako 115 abesti bildu ditu 'Big Gold Dreams. A Story of Scottish Independent Music' bildumak

Josef K taldea da bilduman azaltzen direnetako bat. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Sarritan bizilagun ingelesekin nahasten badituzte ere, musikari eskoziarrek beti erakutsi izan dute nortasun propioa. Hala gertatu da musika tradizionalaren esparruan, baina baita geroago sortutako beste eszena modernoagoetan ere, eta musika independentearena ez da salbuespena, Big Gold Dreams. A Story of Scottish Independent Music 1977-1989 bost diskoz osatutako lan mardulak erakusten duenez. Bitxia bada ere, Londresen kokatutako Cherry Red zigilu mitikoak argitaratu du Eskozian 1977. eta 1989. urteen artean ernatutako 115 artistaren beste horrenbeste kantu biltzen dituen bilduma.

1977. Punka lehertu zen urtea. Hortxe abiatzen da Big Gold Dreams. The Rezillosen I Can't Stand My Baby-rekin. Amaitu, berriz Cindytalk indie taldearen The Begining of Wisdom-ekin. Eta bien artean, hamaika talde eta artistaren kantuak, gehienak euren hasieratakoak. Badira denborarekin ospea lortu zutenak: Simple Minds, The Waterboys, The Jesus and Mary Chain, Edwyn Collins, Cocteau Twins, Aztec Camera, The Pastels, Primal Scream... Baita kultuko bilakatutakoak ere: Josef K, Fire Engines —bildumari izenburua ematen dion kantuarekin—, Altered Images, Shop Assistans, Clobe Lobsters, The Vaselines, The Orchids... Eta, batez ere, denborarekin ahaztuta gelditu diren hamaika talde: The Exile, Bee Bee Cee, The Zips, The Fakes, Restricted Code, The Happy Family eta Everest The Hard Way, beste batzuen artean.

Bada bilduman bitxikeriarik ere. Hala, ospea lortu aurretik beste izen batekin aritu ziren hainbat taldek 45 hazbeteko diskoetan jasotako piezak entzun daitezke, Johnny & The SelfAbusersen —gerora Simple Minds— Dead Vandals eta Another Pretty Faceren —The Waterboys— All the Boys Love Carrie, besteak beste.

Taldeei eta mugimenduari buruzko 70 orrialdeko liburuxka batek laguntzen du Eskoziako musika independentea bere lekuan eta garaian kokatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.