Lur Olaizola. Zinemagilea

«Lehenengo irakurketatik asko inpresionatu ninduten Yoyesen hitzek»

Yoyesen istorioa «beste era batera» kontatu nahi izan du Lur Olaizolak 'Hirugarren koadernoa' lanean. Zabaltegi-Tabakalera sailean emango dute filma. Kamera atzeko eta aurreko lanak egin ditu.

JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-en egunerokoan oinarritutako film labur bat ondu du Lur Olaizola zinemagileak (Donostia, 1988): Hirugarren koadernoa. «Ilusio handiarekin» dago Zinemaldian proiektatuko dutelako.

Nola otu zitzaizun film hau egitea?

17 bat urte nituela irakurri nuen lehen aldiz Yoyes, Desde su ventana liburua. Lehenengo irakurketatik asko inpresionatu ninduten haren hitzek, pentsamenduak, hausnarketek, begirada kritikoak... Markatuta geratu zitzaidan. Urte batzuetara, aztertzen hasi nintzen zinemaren bitartez zer egin nahi nuen, eta 80ko hamarkadaren inguruan ikertzen hasi nintzen. Niretzat, badaude bi istorio handi edo potente, nolabait nire identitatea zeharkatu dutenak. Batetik, heroina eta hiesa; eta, bestetik, hemengo historia edo gatazka. Lehenengo film laburrak zerikusia zuen heroina eta hiesarekin, baina orduan, ikerketa horretan, berrirakurri nuen Yoyesen egunerokoa, eta pentsatu nuen horrekin zerbait egin nahi nuela.

Aurreneko filma egitekoan piztu zitzaizun gogo hori, beraz.

Ikerketak lotura zuen 80ko hamarkadarekin. Gainera, zinemaren bitartez saiatzen naiz klixeak puskatzen eta pertsonengana gerturatzen. Heroina eta hiesaren kasuan, Xulia izeneko emakume baten erretratua egin nuen; baina bat-batean esan nuen: agian, momentuan drogazalea zen pertsona bat eta militantea zena ez zeuden hain urruti. Garai berbera da, eta agian taberna berean zeuden, musika bera entzuten. Hor egin nuen zubia bi gaien artean, eta berriro irakurri nuen Yoyesen egunerokoa.

Aktore bat, Ana Torrent, eta zuzendaria, zeu, agertzen zarete filmean, gidoi zinematografiko bat entseatzen. Dispositibo sinplea da, ezohikoa. Zergatik horrela?

Badago erreferentzia garrantzitsu bat: Marguerite Duras idazle eta zuzendariaren film bat, Le camion izenekoa. Duras eta Gerard Depardieu agertzen dira gidoi bat irakurtzen Durasen etxean. Iruditzen zait askotan hitzek botere handia dutela zineman. Azkenean, hitz baten bitartez, ikusle bakoitzak irudi ezberdin bat izan dezake buruan. Eta horrelako dispositiboek ikusleen imajinazioa aktibatu dezakete. Gero, beste elementu bat gehitu nion: irakurketa egiten ari garen heinean, ilunduz doa eszena, argia joanez doa. Yoyesekin gertatzen dena zera da: nola ekarri iraganetik hilda dagoen pertsona bat orainera. Ana Torrent izan daiteke bere errepresentazio bat, baina ez da bera. Bere zer geratzen zaigu? Eguneroko hitzak, besterik ez.

Hain zuzen, filmak egunerokoaren zatiak biltzen ditu, ezta?

Bai. Eta lotuta dago esandakoarekin: nola ekarri zinemara eta orainera ja ez dagoen pertsona bat.

Zein da egindako ariketa?

Zinemak ematen duen aukeretako bat da istorioak kontatu dizkiguten bezala kontatu beharrean beste bertsio bat ematea. Kasu honetan, nik helburu hori nuen. Iruditzen zait haren bizitza beti berdin kontatzen dela: militantzia, erbestea eta hilketa. Eta nioen: zer gertatu zen Mexikon egon zen bost urteetan? Ariketa hori zen helburuetako bat: goazen betiko istorio bat beste era batera kontatzera.

Nola egin duzu istoriora hurbilketa?

Errespetu handia eduki nahi nuen haren ingurukoekin. Gai delikatu bat izan da, eta beti iruditu zait Yoyesen inguruko jendeak asko sufritu duela. Harkaitz Canorekin geratu nintzen, Fakirraren ahotsa liburuan ere aipatzen delako Yoyesen istorioa, eta jakin nahi nuen nola egin zuen hurbilketa hori. Haren inguruko pertsona batzuekin hitz egitea gomendatu zidan, jakin zezaten. Hasieratik izan dut hurbiltasun hori, eta kontatu diet proiektu honetan nenbilela. Ez nuen nahi haiek ezustean harrapatuko zituen zerbait izatea.

Zer nabarmenduko zenuke?

Zinemarekin saiatzen naiz, agian, galdera batzuk sortzen: iragan bati buruz, nola kontatzen diguten historia, nola pentsatzen dugun iraganari buruz... Horren inguruko galderaren bat sortzea gustatuko litzaidake. Eta, gero, niretzat oso garrantzitsua da zinemaren inguruko hausnarketa bat egitea. Lengoaia zinematografiko ezberdinak probatzen saiatzen naiz. Edukiak interesgarria izan behar du, baina formak ere beti.

Emakumeen arteko sare bat osatzen da filmean, batak besteari erreferentzia eginez. Hainbat emakumeri egindako omenaldi gisa har daiteke?

Ez da hasieratik nuen ideia bat. Gorka Bereziartua kazetariak behin atera zituen Yoyesek bere egunerokoan egiten dituen erreferentzia guztiak; eta, hori ikusita eta liburua berriro irakurrita, konturatu nintzen haren bitartez iristen zarela beste pentsalari eta idazle batzuengana. Ohartu nintzen filma, agian, ez zela hainbeste Yoyesi buruz bakarrik, baizik eta emakume konstelazio bati buruz. Ez da hasieratik nuen asmo bat, baina uste dut bukaeran eduki duen forma badagoela horrekin lotuta, eta hori azpimarratzen da kredituetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.