Musika

Orduan bezala, gaurko auziez

Punk eszena ska doinuekin mugiarazi zuen The Specials taldeak, 1970eko hamarkadan. Bide arrakastatsua baina motza egin zuten elkarrekin; 'Encore' lanarekin itzuli dira orain.

itziar ugarte irizar
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Euskal Herrira ere heldu zen The Specials taldeak Ingalaterran hasitako mugimenduaren oihartzuna. Kortatuk ekarri zuen, kasurako: taldearen lehen maketan, entsegu lokalean grabatutako Baldin Bada-n, The Specials-en bertsio bat grabatu zuten, Doesn't Make It Alright kantuarena. Ez alferrik, 80ko hamarkadako musika eszenan, zeinetan punkean jarriak ziren foku gehientsuenak, aire berritzaile bat ekarri zuen The Specials-ek. 1977an sortu zen, Coventryn (Ingalaterra), eta ska oinarri hartuta, beste estilo batzuekin uztartu zuten; erritmoa bizitu, soinu gordinago bat bilatu, eta 2 Tone deituriko skaren susperraldian eragile zuzen bihurtu ziren. Gutxira, ordea, taldea zatitu egin zen, besteak beste Terry Hall abeslariak alde egin zuenean. 38 urte dira ordutik, eta lan berri batek elkartu ditu orain, Hall barne.

Encore da aurkeztu berri duten diskoa, Island Records zigilupean. Garai gailenetan nola, izaera aldarrikatzaileari eutsi diote itzulerako lanean; orduan egin bezala, Ingalaterran egun bizi den garaia bilduz musikan: Brexit-aren, pobreziaren, Black Lives Matter mugimenduaren, desberdintasun sozialen eta osasun mentalaren gainean dihardute, besteak beste, kantu berrietan.

Arrazismoaren aurkako ikur

Ska-punkaren bidea urratzen aitzindaria izan zen The Specials; Madness eta Bad Manners taldeekin batera, Erresuma Batuan ska berpizteko ardura hartu zuten talde nagusietako bat eta 2 Tone generoko ikur. Bost ziren hasieran: Jerry Dammers (teklak), Tim Strickland (ahotsa), Lynval Golding (gitarra eta ahotsa), Silverton Hutchinson (bateria) eta Horace Panter (baxua). Ahotsean, berehala hartu zuen Terry Hallek Striclanden lekua. Special AKA izena zuen orduan taldeak, eta, haiek zuzenean ikusi ostean, The Clash-eko Joe Strummerrek beraiekin biran joatera gonbidatu zituen; erakusleiho handia hasiberri zirenentzat. Rock Against Racism mugimendu kultural eta politikoa sortu zen aldi berean abiatu zen The Specials, eta hasieratik lotu ziren arrazismoaren aurkako borrokara.

1979an, 2 Tone zigilua sortu zuen Dammersek, eta harekin kaleratu zuten Gangsters singlea, taldearen debuta. Ordurako, ezagun egiten hasi ziren bi tonuko, zuri-beltzeko, jantziekin agertzeagatik. Izena The Specials-era aldatuta, Elvis Costellok ekoitzi zien izen bereko lehen diskoa; hor zetorren A Message to You, Rudy kantuaren bertsio ezaguna.

More specials kaleratu zuten 1980an, arrakasta komertzial handirik gabe, eta jarraian heldu zen Ghost Town, berehala zerrenda askotako lehen postuan jarri zen singlea. Baina ordurako ate joka zen zatiketa: Hallek, Staplesek eta Goldingek taldea utzi, eta Fun Boy Three sortu zuten. «Ez genuen besteekin hitz egiten. Ezin ginen aldagela berean ere egon. Komunikazioa erabat eten genuen; geroago baino ezin izan ginen ohartu zeinen ona zen Jerry [Dammers]. Baina garai hartan, bi planetetan bizi ginen», azaldu zuen Goldingek denbora igarota.

1984an, zazpiko berri bat zen The Stpecials In the Studio albuma kaleratu zutenean. Oihartzun handirik gabe, han jasotako Free Nelson Mandela kantua baino ez zen nabarmendu. Hari esker, Mandela aske uzteko aldarria hauspotu zuten, eta Hegoafrikan ere egin ziren ezagun euren doinuak, apartheidaren aurkako aktibisten artean. Dammersek taldea desegin zuen ondoren, eta, batik bat, aktibismo politikora lerratu zen bera.

Utzitako lekutik berrartzea

Taldekideak sakabanatu, eta bakoitzak bere aldetik jo zuen aurrerantzean. Aldiro elkartzen segitu zuten, halere. Bertsioz osatutako Conquering Ruler (2001) diskoa aparte, 1998koa zen orain arte kantu berriekin ondutako The Special-en azken lana: Guilty til proved innocent! Zale askorentzat, baina, Encore da, 38 urteren ondoren, The Specials-en «benetako lehen diskoa»; batik bat, Hall bueltan delako. Baita Golding ere. Baina ez Dammers.Vote For Me abestiak zabaltzen du album berria, eta Ghost Town kantuaren segidatzat jo dute jada zenbait kritikarik, «ska klasikoago baten zantzuekin». Ibilbideko une gorenean zeuden 80ko Ingalaterrari burla egiten zion, kantu hura plazaratu zutenean. Utzitako lekutik berrartu duten seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.