Musika

Jazzaren zigilu den diskoetxea

Aurten 80 bete ditu Blue Note zigiluak, jazzaren garaian garaiko ikur izan den diskoetxeak. Besteak beste, John Coltrane, Thelonious Monk, Miles Davis eta Sonny Rollinsen lanak atera ditu.

Blue Notek bere historian argitaratu dituen disko batzuen azalak. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Jazz musikarekiko zaletasuna gaztetatik zetorkion Alfred Lioni (1908-1986), Berlinen bizi zela, 16 urterekin, Sam Woodingen orkestraren emanaldi bat ikusi zuenetik. 1930eko hamarkadan, bere herrialdean nazismoa zabaltzen hasi zenean, baina, alde egitea erabaki zuen. Hego Amerikara lehendabizi, eta New Yorkera segidan, judua baitzen Lion —Loew zuen abizena—. AEBetan finkatua zela, Bigarren Mundu Gerra piztear zela, bere zaletasunari bide emateko aukera ikusi zuen, eta Blue Note zigilua sortu zuen, gerora jazz diskoetxe ikoniko bilakatuko zena. Aurten 80 urte bete ditu Blue Notek, eta gaur egungo jabeek berrargitalpen ugarirekin, zuzeneko emanaldiekin eta bestelako ekintzekin oroitaraziko dute urtemuga.

Blue Noteren historia 1939ko urtarrilaren 6an hasi zen, Lionek Albert Ammons eta Meade Lux Lewis pianisten grabazio bat ekoitzi zuenean. Ordurako, Max Margulis musikari eta idazle komunista zuen bazkide, eta laster batuko zitzaien Lionen txikitako lagun bat, Francis Wolff argazkilaria, hura ere naziengandik ihesi AEBetara iritsi berria. Lehen disko hark markatuko zituen zigiluaren lehen urteak, jazz tradizionalari eta swingari lotuak, baina, 1940ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, herrialdean zabaltzen ari zen jazz modernoan jarri zuten arreta diskoetxeko arduradunek. «Esango nuke estilo bat daukagula, baina ez dakit estilo hori zehazki definitzen», aitortu zuen geroxeago Wolffek.

1947a urte erabakigarria izan zen, bai Blue Noterentzat, bai, oro har, jazz modernoarentzat.Charlie Parkerrek, Dizzy Gillespiek eta bestek Bebop mugimendua sortu berria zuten, eta Lionen zigiluak ere berehala heldu zion estilo berri eta berritzailea lantzeari. Urte hartan grabatu zituen Thelonious Monk pianistak lehen piezak taldeburu gisa, gerora Genius of Modern Music diskoan argitaratuko zirenak, eta Art Blakey bateria jotzailea ere lehen diskoak ekoizten hasi zen.

Ordurako, pieza arrakastatsuren bat kaleratua zuen Blue Notek —Sidney Bechetek grabatutako Summertime—, baina beboparen eta hard bop aldaeraren agerpenarekin bilakatu zen Blue Note erreferentziazko diskoetxea 1940ko hamarkadaren amaieran eta hurrengokoaren hasieran, jazz modernoak jazz tradizionalaren eta swingaren espazioa hartu zuenean.

1952an, 1500 deituriko saila abiatu zuen Blue Notek Miles Davisen lan birekin (Miles Davis Volume I eta II), eta 99 erreferentzia argitaratu zituen 1958ra bitartean; besteak beste, lan esanguratsu batzuk: Art Blakey and The Jazz Messengersen At The Cafe Bohemia vol. 1 eta vol.2, Lou Donaldsonen Swing and Soul, John Coltraneren Blue Train, Sonny Rollinsen A Night at The Village Vanguard, eta Cannonball Adderleyren Somethin' Else. Disko horiek jazz modernoaren ikur bihurtu ziren berehala, ez bakarrik musikarengatik, baita Wolffek eginiko argazkiekin Reid Milesek diskoetxearentzat landu zituen azal ikonikoei esker.

Hurrengo urteetan, bere soinua hedatuz joan zen zigilua, eta avant-gardeak eta free jazzak ere lekua egin zuten bere katalogoan Andrew Hill, Ornette Coleman eta Eric Dolphyren diskoen bitartez.

1965ean, berriz, Liberty Recordsek diskoetxea eskuratu zuen, eta Lionek, korporazio handi batekin lan egiteko zailtasunak zituela ikusita, erretiroa hartu zuen. Milesek ere garai berean esan zion agur Blue Noteri.

Orduz geroztik, diskoetxeak segitu du jazz diskoak argitaratzen, baina haren inguruan mugitzen diren bestelako artisten lanak ere kaleratu izan ditu; besteak beste, Van Morrison, Norah Jones, Al Green eta Anita Bakerrenak. Halaber, azkeneko urteetan, hainbat artistak jazz garaikideko disko enblematikoak grabatu dituzte Blue Noterekin: Aaron Parks, R+R: Now, Logan Richardson, Dave Douglas, Rachelle Ferrell, John Scofield, Kendrick Scott, Kandace Springs...

Berrargitalpenak

Diskoetxearen 80. urtemuga ospatzeko, Blue Notek bere katalogo oparoaren ale ezinbestekoak binilo formatuan berrargitaratzeari ekin dio aurten. Horrez gain, Blue Note Review izeneko kutxak atera ditu, baita dokumental bat ekoitzi, zigiluaren marka ezaguna duen material grafikoa sortu eta hainbat kontzertu antolatu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.