Literatura

Baso eremuak, itsaslabarrak, Parisko kaleak

Guy de Maupassanten bederatzi narrazio «bizi bezain bitxi» euskarara itzuli ditu Jexuxmari Mendizabal 'Bizargorri'-k, eta 'Vendetta eta beste ipuin batzuk' lanean bilduta plazaratu.

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Ama xaharrak, bere semearen gorpua, parean bidezko tokatu ziren batzuek ekarria, jaso zuenean, ez zuen negarrik egin; baina luzaro mantendu zen geldi-geldi begira; ondoren, hilotzaren gainera esku zimurra luzaturik, vendetta agindu zion, mendekua, bengantza». Herra eta mendeku gosea ditu gai nagusi Vendetta ipuinak. Guy de Maupassantek idatzitako hirurehundik gora narrazioen artean dago, eta, idazlea nobelagintzan ere aritu zen arren, hain zuzen bere ipuingintzarako trebeziagatik da laudatua. Narrazio hori eta beste zortzi euskarara itzuli ditu Jexuxmari Mendizabal Bizargorri itzultzaile eta idazleak, eta Vendetta eta beste ipuin batzuk liburuan jaso ditu. Alberdania argitaletxeak plazaratu berri du ipuin bilduma.

Mendizabalek hautatu ditu liburuko bederatzi narrazioak, eta, azaldu duenez, «gorrotoa, mendekua, diru gosea, alkohola, pasio sexuala, inbidia» eta beste dituzte hizpide. «Ez dago gai bakarra, baina Frantzian kokatutako egoera gogorrak edo gordinak dira ia beti». Ipuin «bitxiak bezain biziak» dira liburuan bildutakoak haren ustez, eta «urrutikoak, aspaldikoak, XIX. mendekoak iruditu arren, gaur egungo gertakariak, pertsonaiak, akzioak» kontatzen dituzte. «Beraz, oso balio handikoak dira gaur egun ere».

Hautatutako ipuinok hiru paisaia nagusitan girotuta daudela ere azaldu du itzultzaileak. Batetik, Normandiako landa ingurua ageri da, «bera jaio zen iparraldeko inguru hori, baserri eta nekazari mundua, basoan galdutako etxeak...». Gogorarazi duenez, Frantziaren eta Prusiaren arteko gerran (1870-1871) soldadu ibili zen Maupassant, eta bere narrazio askotan ageri dira gerrari lotutako kontakizunak. Tartean, Normandian girotutakoak. «Gizon gehienak frontean ziren, eta, baserri askotan, aita ez bazen, semea hila zen; beraz, etxe horiek hartzen zituzten Prusiatik etorritakoek, eta bertakoekin bizi izan ziren. Egoera gogorrak ziren».

Paris da bigarren jokaleku nagusia, «Sena bazterreko Paris, hiriko kaleak, harribitxiak, dirua, militarrak, burgesia txikia...», itzultzaileak zehaztu duenez. Senaren bazterretan eta hiriko kaleetan girotutako istorio batzuk daude libururako hautatuen artean, «egoera gordin samarrak» kontatzen dituztenak horiek ere. Eta Korsikako eta Frantzia Hegoaldeko kostaldea litzateke hirugarren paisaia, «mendi harkaitzetatik zintzilik dauden herriak eta kosta latz horretako arrantzaleen bizimodu gogorra» erakusten dituzten istorioetan ageri dena. Hain justu ere, paisaia horretan girotuta dago Vendetta ipuina, beste hainbaten artean.

Dela baserri giroa, dela kostaldeko bizitza, dela Parisko burges zein ez-burgesen bizimodua, horiek guztiak eta beste edozein giro zein paisaia deskribatzeko idazlearen gaitasuna nabarmendu du Mendizabalek. «Tokiak, esaterako, zoragarri deskribatzen ditu». Esaldi bakoitzean justu-justuko hitzak baliatzen dituela ere azpimarratu du. «Ez da galtzen edertasunezko hitz barrokoetan. Esaldi guztietan hitz doia erabiltzen du, ederkerietan galdu gabe. Horregatik gertatzen da, nire ustez, irakurketa hain atsegina, erraz eramaten zaituelako».

Hain zuzen, idazlearen ezaugarrien artean, deskribapenetarako bere abilezia eta hitz doiaren bilaketa nabarmentzen ditu Anjel Lertxundi idazleak ere, libururako idatzi duen hitzaurrean. Haren hitzetan, «Guy de Maupassant da France profonde-ko izaera sakona modu fidelenean jaso eta deskribatu zuen idazlea. Gustave Flauberten miresle eta laguna, le mot juste bilatzea zen Maupassantentzat ere idaztea (...)».

Flauberten eskutik

Maupassanten bizitzaren inguruko arrasto batzuk ere eman ditu Mendizabalek, argitu gabeko zalantza ugari daudela ohartaraziz. Jaio zen lekutik hasita. Tourville-sur-Arques eta Dieppe inguruan sortu zen, Normandian, 1850. urtean, «Paristik Londreserako mapan erdi-erdian, Mantxako kanalaren ertzean». 13 urte zituela, gurasoak banandu egin ziren, eta amarekin bizi izan zen ordutik aurrera. «Klasikoen irakurle amorratua» ei zuen ama, eta harengandik jaso zuen literaturarako zaletasuna.

Gaztetan seminario batera joan zen, baina bota egin zuten handik. «Geroztik, erlijio edo apaiz usaineko guztiari halako herra bat hartu zion». Lizeo batean hasi zen ondoren, eta bere bizitza literaturara bideratzeko hautuan eragin handia izan zuten bi lagun ezagutu zituen han: Louis Bouilhet eta Gustave Flaubert. Azken hori «lagun, gidari eta aholkulari» zuelasartu zen literatur munduan, aldizkari eta liburuen edizioan, baita idazten ere, ez lehenago gerratik eta funtzionariotza lanetik pasatu gabe. Hamabost ipuin-bilduma —hirurehundik gora ipuin, lehenik egunkarietan eta gero liburu gisa argitaratu zirenak—, eta sei nobela idatzi zituen, baita kronika ugari ere. Gaztetatik jasan zituen sifilisa eta neurosirako joera. 1893. urtean hil zen, 42 urterekin, Parisko erietxe psikiatriko batean.

Lehenago ere euskaratua zuen Maupassanten lanik Mendizabalek; 1992an, Roke txikia plazaratu zuen, Erein argitaletxearekin. Azaldu du lan berriko ipuinak duela zortzi bat urte hasi zela itzultzen, baina gero «lotan» geratu zirela, harik eta orain Alberdaniak horiek «esnatu» eta, beste hainbat gehituta, argia ikusi duten arte.

Maupassanten narrazio gehiago ere badaude euskaraz irakurgai: besteak beste, Joakin Balentziak, Felipe Juaristik, Xabier Monasteriok, Juan Kruz Igerabidek, Mikel Garmendiak, Matias Mujikak, Pedro Diez de Ultzurrunek, Joseba Urteagak, Josu Zabaletak eta Koldo Izagirrek urteotan egindako itzulpen lanei esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.