Verocai, bossaren eta soularen gailurra

Duela 50 urte kaleratu zuen Arthur Verocai brasildarrak izen bereko diskoa. Haren herrialdean porrota izan zena kultuzko lantzat hartu zuten gero kanpoan. Musikatik urrundu ostean, lehen lerroan dabil berriz egilea.

Rio de Janeiron jaio zen Arthur Verocai musikari, konpositore eta ekoizlea, 1946an. BERRIA.
2023ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Arthur Verocai musikari, konpositore, ekoizle eta moldatzaileak (Rio de Janeiro, 1946) 1972an argitaratutako lan homonimoa Brasilgo musikaren gailurretako bat da, eta iaz 50 urte bete zituen. Ordu erdi eskas irauten duen maisulan horrek sanba, bossa, jazza, soula, folka eta orkestrarako popa uztartzen ditu, fin eta dotore; halere, bere sasoian ez zuen harrera onik izan, eta Continental diskoetxeak kasik ale guztiak birziklatu zituen —gaur ia ezinezkoa da kopia originalak aurkitzea, eta milaka dolarrean saltzen dira—. Grabazioa zulo abisal sakon batean ezereztu zen, bada, harik eta 30 urte beranduago disko bildumazaleak hura goraipatzen hasi ziren arte eta, batez ere, hip-hop musikari eta ekoizleak diskoaren pasarteak erabiltzen hasi ziren arte, hala nola Little Brother, MF Doom eta Ludacris. Berpizkunde horren harira, musikariak estreinakoz jo zuen disko mitiko hori zuzenean Los Angeles hirian, 2009an. Sorpresaz beteriko susperraldi horrek oraindik badirau. Hala, Badbadnotgood jazz eta hip-hop banda kanadarraren azken lanean, Talk Memory izenekoan (2021), soka konponketak Verocaik ondu ditu. «Zaila da Arthur Verocaik baino gehiago eragin digun disko oso batean pentsatzea. Benetako jenioa da», esan dute taldekideek. Aurten, Bartzelonako Primavera Sound jaialdian izango da Arthur Verocai.

Itzal handiko lan bikain horren 50. urteurrena ospatzeko, Mr. Bongo zigilu britainiarrak luxuzko edizioa plazaratu zuen 2022an, koloretako biniloan, argazkiz josia eta Verocairi egindako elkarrizketa mamitsu batekin osatua. Diskoa entzutea Brasilgo musikari erraldoi baten obra gutxietsi bezain infinituan murgiltzea da, edo Madlib hip-hop musikariak esan zuen bezala: «Nire bizitza osoko egun guztietan entzun nezakeen diskoa da».

Bossarekiko maitasuna

Verocairen arrebakgitarra jotzen ikasi zuen Carlos Lyra bossa nova musikari klasikoaren eskutik. «Tarteka entzuten nituen. Musikarekin maitemindu nintzen, eta arrebari gitarra ariketen liburuak hartzen nizkion [...]. Bossa nova maiatzen nuen eta oraindik maitatzen dudan gizaseme bat naiz». Hartara, bossaren bidetik murgildu zen Verocai gaztea soinuen ozeanoan. 16 urterekin, gitarra eta harmonia klaseak hartzen hasi zen. «Ordurako banekien musika moldatzailea izan nahi nuela».Lenny Andrade musikariarentzat idatzi zuen bere estreinako doinu grabatua, eta, harrezkeroztik, konpositore baino gehiago, moldatzaile bilakatu zen. «Autodidakta naiz, brasildar moldatzaile garrantzitsu batzuk nola. Gitarra jotzen nuen, eta pianoa harmoniak egiteko eta konponketak egiteko erabiltzen nuen». Garai hartan, Brasilgo musikari ospetsuenekin aritu zen: tartean, Jorge Ben, Ivan Lins, Gal Costa eta Marcos Valle. Ordurako, telebistan ere baziharduen; hain justu, Som Livre Exportaçao musika saioan. Verocairen ekoizpen eta konponketetan funkaren eta soularen eragina nabarmena zen, Brasilgo musikan AEBetako erritmo beltzak nahikoa hedatuak baitzeuden dagoeneko;esaterako, Tim Maia artista arras ezaguna zen. Celia musikariak Continental Records zigiluarentzat grabatu zituen diskoak ere Verocairen eskuetatik igaro ziren, eta enkargu horren bitartez eskuratu zuen Continentalen gonbidapena disko propioa grabatzeko. «Hasieran ez nuen nahi: konpositorea naiz, ez abeslaria».

Ekoizpen handia

Diskoetxeak ez zion inolako baldintzarik jarri. «Nahi nuena egin nuen [estudioan]. Hainbat musikari eta soinu nituen». Hala, eta bere moldatzaile gaitasunak oinarri hartuta, eskura zituen bitarteko guztiez baliatu zen berebiziko obra hura gauzatzeko. Horretarako, orkestratzarra osatu zuen: hogei biolin, biola eta txeloak, bi perkusio jotzaile, bi saxo, tronpeta, tronboia, bi saxo, piano elektrikoa eta hainbat abeslari; tartean, Celia bera. Verocaik, gitarra jo ez ezik, Rio de Janeiron agertu zen lehenengo sintetizadorea ere jo zuen. «Oso modernoa zen. Nire diskoan nahi nuen». Sintetizadore hori diskoa irekitzen duen Cabocio kantuan entzuten da, zeina Verocaik abesten duen. Super orkestra horren bitartez, musikari brasildarrak bossaren eta soularen arteko nahastura futurista bat osatu zuen: 29 minutuko bidaia espazial bat osatzen duten hamar galaxia. Verocaik orduan entzuten zituen artisten eraginen edabe lisergikoa ere bada: besteak beste, Frank Zappa, Wes Montgomery eta Stan Kenton. «Hainbat eragin zeuden; seguruenik horregatik dauka soinu hori. Aniztasun handia dago soinu, estilo eta ideiei dagokienez. Ez dakit non neukan burua horrelako zerbait egiteko».

Horiek horrela, Verocaik zerbait «ezberdina» egin nahi izan zuen, merkatuaren eskaerei eta diskoen salmentei jaramonik egin gabe. Halere, urte batzuk geroago, jendea kexaka hasi zen: «Verocai zoratu egin zen». Disko ezberdina izan ordez, disko zaila bihurtu zen, eta harrera nahikoa eskasa izan zuen. «Ez nekien diskoa gerora nabarmena izango zenik. Disko puta on bat egin nahi nuen, hori baino ez».

Izaera berezi hori, hau da, merkatuaren aurkako jarrera, hitzetara ere islatu zen. Sao Paulo hiriko Victor Martins poeta ezkertiarrak idatzi zituen testuak, eta mezu politikoak haizatzen dituzten metafora sotilez josiak daude, «hitzak kamuflatzeko» asmoz; izan ere, garai hartan, Brasil diktadurapean zegoen. Pelas Sombras (Itzalen bitartez), esaterako, erregimenak ikasleen artean sartzen zituen infiltratuei buruzko doinua da. Diskoa Martinsen lagun min Fernando Bergamaschi argazkilariaren irudi zoragarriekin biribiltzen da, azaletik hasita.

Porrot handi horren ostean, Verocaik iragarkien sektorera salto egin zuen, bai eta jingle ugari egin ere, hura ogibide bihurtzeraino. «Disko konpainientzat moldaketa burokratikoak egiteak baino askoz gehiago asebete nau lan horrek».

1994an, baina, Verocaik bere disko bakarrak atzerriko disko bildumazaleengan eragindako oihartzunaren berri izan zuen. «Europan, zure diskoa kultuzkoa bihurtzen ari da», esan zion lagun batek. 2003an, Kaliforniako Ubiquity diskoetxeak diskoa berrargitaratu zuen, eta hip-hop ekoizleei eta musikariei eztanda egin zien burmuinak. Ehunka sample egin zituzten, eta brasildarrak abokatuak kontratu behar izan zituen egile eskubideak kobratzeko: Ludacris hip-hop musikariak urrezko diskoa jaso zuen Theatre of the Mind (2008) grabazioan, eta Verocairen Na Boca Do Sol kantuaren sample-a erantsi zuen Do the Right Thang kantuan. Ordutik, zuzenekoak egin, zenbait disko grabatu eta makina bat musikari garaikiderekin kolaboratu du. «Orain badakit munduan beti egongo dela nire diskoa maite duen putasemeren bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.