'Norm', jazarle baten istorio zatikatua

Andy Shauf musikari kanadarraren bakarkako ibilbideko seigarren diskoa da 'Norm', kantuz kantu obsesio toxiko baten kontakizuna egiten duen lan leun eta detailez betea.

Bere diskoei osotasun tematikoa edo musikala eman izanagatik nabarmendu da Andy Shauf. BERRIA.
mikel lizarralde
2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Hamar urte baino gehiago daramatza Andy Shaufek (Esteban, Kanada, 1986) aire klasikoko pop kantuz osatutako diskoak argitaratzen. Melodia gozoak, konponketa dotore baina ez-konbentzionalak eta ahots leun bat bilakatu dira haren egiteko moduaren ezaugarrietako batzuk, baina, gainera, Darker Days (2009) diskoarekin hasi zenetik egindako lan guztiek nolabaiteko batasun estetiko edo tematikoa izan dute, eta kantu bilduma hutsetik harago kokatu izan dira.

Norm (2023) disko berriak bide horretan arakatzen segitzen du, nahiz eta, musikariak berak azaldu duenez, ez zen hori bere hasierako asmoa. «Ez nuen buruan beste disko kontzeptual bat egitea», azaldu du diskoaren promozio orrian. Shaufek inoiz ez du ezkutatu erlijioak pisu handia izan duela bere bizitzan —bakarka hasi aurretik, Captain pop-punk talde kristauko kidea izan zen—, eta Norm-en sortze prozesuaren lehen fasea biblia irakurtzen eta istorioak «Jainkoaren ikuspegitik» idazten igaro zuen. Haren asmoa zen euren artean loturarik izango ez zuten kantuak biltzea eta diskoari Normal izenburua ematea. Bat-batean, ordea, Norm izeneko pertsonaia bat nabarmentzen hasi zen kantuen artean, eta, azkenean, Norm hori bera bihurtu da izen bereko diskoko kantu guztien haria.

Wasted on You sintetizadore iradokitzaile batzuekin eta melodia aparta batekin hasten denetik, Shauf Jainkoaren ahotsetik kantatzen hasten da: «Zer gertatuko da hiltzen direnean?Agian betirako bizitza, baina bakarrik ni aurkitzen banaute». Catch Your Eye eta Telephone ondorengo kantuek, berriz, nolabaiteko disonantzia bat eraikitzen dute musika leun eta letra sarritan aztoragarrien artean. Catch Your Eye-k iradokitzen du kantuaren narratzailea jazarle bat izan daitekeela («Janari dendan ikusi zintudala uste nuen / Jarraitu dizut ateraino / Baina ez duzu inoiz buelta eman»), eta Telephone-k agerian uzten du Normen jarrera obsesio toxiko bat izan daitekeela: «Telefonoz deitzen nizun / Ezin nuen arnasa hartu / Hitz bakar bat kanporatzeko / Telefonoa eskegiko zenuke / Beti nahasia ematen zenuen / Gero, pertsianak itxiko zenituen». Shaufek berak azaldu du beste ideia batekin idatzi zuela Telephone, baina gerora ohartu zela diskoaren istorioaren ideia eman zezakeela. «Telephone idatzi, eta pentsatu nuen: 'Hori Norm izan daiteke'».

Hiru kantu horiekin jarri ditu Shaufek kontatu nahi duen istorioaren oinarriak, musikak, detaileei garrantzi handia ematen dion ekoizpen baten laguntzarekin, entzulea paraje irekietaraeramaten duen bitartean.

Jainkoaren agerpena

Norm ez da, halere, erasotzaile baten kontakizun huts bat, You Didn't See eta Paradise Cinema leunetan —azken hori jazz kutsu handikoa—, narratzaile aldaketa harrigarri bat gertatzen delako. Shaufek berak azaldu duenez, bi kantu horietan kantatzen duen ni horrek Jainkoa ordezkatzen du. Norm segitu eta haren jarduna hasieran babestu ere egiten duen jainko bat: «Gau fresko eta argia zen zuhaitzen atzetik zuri begira hasi zenean / Aurpegia enborraren atzean ezkutatzen zuen / Sorbalda ageri zen, eta nik hostoz estali nuen» (You Didn't See).

Norm-en, ordea, ezer ez da hasieran dirudien bezain agerikoa. Shaufek berak azaldu duenez, lau dira diskoan azaltzen diren narratzaileak, baina haietako batzuk ez dira «fidagarriak». Beraz, ez da argi gelditzen kontatzen dutena egia edo gezurra den, edo narratzaile batek beste norbaiten ahotsa hartzen ote duen. Musikariak adierazi duenez, David Lynchen Mullholland Drive filmak piztutako harridura eta hasierako «egonezina» izan zituen akuilu istorio zatikatu bat idazteko: «Irekita gelditzen da kontakizuna, eta irakurlearen esku gelditzen da hariak lotzea eta horiei zentzu bat ematea».

Disko «moderno» bat

Shaufek ez du inoiz ezkutatu pop kantu klasikoarekiko miresmena, eta bere aurreko diskoetan Burt Bacharach zendu berriaren, Paddy McAloonen edota Paul Simonen oihartzunak erakutsi izan ditu. Norm ez da bide horretatik aldentzen, baina musikari kanadarrak beste ukitu bat eman nahi izan die bere kantuei, soinuari dagokionez batik bat. «Soinu estandarra irauli nahi genuen». Izan ere, bere aurreko diskoetan «igarotako garai bat berreskuratzeko ahalegina» sumatzen zuen, eta, aitortu duenez, «artista retro» bilakatzeak kezkatzen zuen. «Erabaki genuen Norm-ek izan behar zuela nire disko modernoa, eta, horretarako, soinu moderno bat behar genuen».

Diskoan gitarrak entzun daitezke, baina sintetizadoreek eta pianoak jartzen dute kantuen oinarria. Haien bitartez eraiki du Norm osatzen duen puzzle eder bezain harrigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.