Parisko errautsak

Poloniako mugimendu futuristako izen handietako bat izan zen Bruno Jasienskirena. Transgresiotik estalinismora egin zuen, haren «biktimetako bat» bilakatu zen arte.

2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Bruno Jasienski (1901-1938) Poloniako idazle juduen ordezkaria izan zen. Sortzaile eztabaidatua —egun, Poloniako eskuin nazionalistak sutsuki kritikatzen du—, gazte futurista transgresore izatetik estalinismoaren jarraitzaile amorratua izatera igaro zen. Besteak beste, 1928an, Pal? Pary? (Nik Paris erretzen dut) bere obrarik garrantzitsuena eman zuen hainbat emanalditan, L´Humanité egunkariaren bitartez. Obra utopia komunista baten inguruan ardazten da: laster, neska-lagunak abandonatuko duen gazte langile kaleratu berri batek izurriaren bakterioa lapurtuko du, eta Parisko uren bidez hedatuko du. Ondorioz, etnia eta ideologia ezberdinetako kolektiboek, hala nola txinatarrek, boltxebikeek eta juduek, auzo-estatuak eratuko dituzte, eta hiriburuaren kartografia berria marraztuko dute, muga berriak eraikiz.

«Parisko erakunde homogeneotik, ia aldi berean, bi barruti banatu ziren, Auzo Latinoa eta Hôtel Ville, kolpe armatu banaren bidez, ariar izurriaren aurkako autodefentsa bultzatuz, Parisko mapa zaharretik bi hiri-estatu independente sortzeko: bata, txinatarra; bestea, judua. Separatismo etnikoaren ondoren, bereizketa soziala etorri zen. (...) Belleville eta Menilmontant barrutietako langileek (...) sobietar errepublika independentea deklaratu zuten. Armada matxinoen aldera pasatu zen».

Hiru hilabetean idatzi zuen liburua Jasienskik, Paul Morand idazleak izkiriaturiko izen bereko testuari sendo eta irudimentsu erantzuteko asmoz; Moranden obran, baina, kiskaltzen zen hiria Mosku zen. Boltxebikez, juduz eta emakume primitiboz izurritutako hiri gisa deskribatu zuen Mosku frantziarrak. Jasienskiren idolo Maiakovskiren potreta umoretsua ere egin zuen Morandek kontakizunean, artista hipokondriako, obsesionatu eta neurotikotzat jo baitzuen. Erretratu horrek zeharo sutu zuen Jasienski. Liburuaren arrakasta tarteko, Frantziatik kanporatu zuten poloniarra, lehenengo Alemaniara eta, gero, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera (SESB).

Eleberria metafora kolpatzailez josita dago eta abangoardiako lehen zinemako muntatzetik edaten du. Horrekin batera, kutsu futurista nabarmena erakusten du, bai eta erabateko izaera ameslaria ere: Txinari eta Ukrainari buruzko pasarteak egungo albistegietatik erauziak dirudite. Burgesiaren eta kapitalismoaren suntsiketaren irudi gartsua da nobela, sugar narratibo aberatsetan erretzen dena, betiere obra konplexua, fantastikoa eta groteskoa sortzeko. Amesgaizto urbanoa da, zeinetan abangoardia eta literatura estalinista uztartzen diren. Liluragarria.

Dandy futurista

Jasienskiren bizitza bakana da. 1901ean jaio zen, Polonia austriarren, prusiarren eta errusiarren esku zegoenean; idazlea, hain justu, eremu errusiarrean jaio zen, Wiktor Zysman izenarekin. Haren aita, Jakub, medikua eta judua zen, baina judaismotik aldendu zen emakume protestante batekin ezkontzeko. Lehen Mundu Gerran, Moskura eraman zuten han jardun zezan, eta, gatazka belikoaren ondotik, 1918. urtean, Polonia liberatura itzuli zen. Semea, ordurako Bruno Jasienski —aitak aldatu omen zion izena, jatorri judua ezkutatzeko—, filologia ikasten hasi zen Krakovian.

Igor Severynian eta Vladimir Maiakovski poeta errusiarren zale, Krakovian Stanislao Mlodozeniec eta Tytus Czyzewski poetak ezagutu zituen. Bi poetekin batera, Katarynka (biraderadun organoa) izeneko klub futurista eratu zuen. Poloniako kulturako eta literaturako gauza sakratu guztiak gaitzesten zituen egitasmo futuristak. Horretarako, futurismoaren bitartekoez baliatu ziren, besteak beste, polonieraren ortografia aldatu zuten. Jarrera apurtzaile horiek gazte futuristen kontrako eraso biziak eragin zituzten.

Gaztea eta futurista izaki, Jasienskik irudi eta janzkera probokatzailea agertzen zuen 18 urterekin, etorkizunera begiratzen zuen XIX. mendeko erromantiko bat balitz bezala: beroki luze beltza, monokuloa, eta zilarrezko heldulekua zuen makila. Ondo lurrinduta, bere liburuen aurkezpenetan poemak biltzen zituzten paper tira luzeak ateratzen zituen poltsikoetatik, ahoko luze batekin erretzen zuen bitartean. Horrek guztiak ikus-entzuleen haserrea eragiten zuen; Polizia ere sarri agertzen zen ekitaldiotan. Sasoi horretan, 1921ean, But w butonierce (Zapata botoi-zuloan) olerki futuristen bilduma plazaratu zuen, eta, era berean, anarkismora eta geroago komunismora gerturatu zen.

1923an, Poloniako merkatari judu aberats baten alabarekin ezkondu zen. Aitaginarrebak Parisera bidali zituen, besteak beste Polonia zaborrontzi bat zela esateagatik; Frantziako hiriburuan sasoirik emankorrena bizi zuten.

Estalinismoaren saldukeria

Parisen, 1928an, Pal? Pary? (Nik Paris erretzen dut) idatzi zuen, zeina burgesiaren eta kapitalismoaren kontrako aldarri koraltzat hartzen den. Obraren literatur maila jasoaren ondorioz, eta garaiko giro politikoa tarteko, sekulako arrakasta izan zuen irakurleen artean, baita kritikarien artean ere. Hori dela eta, frantsesera itzuli zen ziztuan. Halere, frantziar agintariek deportatu egin zuten egilea, haren eta obraren izaera iraultzaileagatik. Horiek horrela, 1929an, Leningraden finkatu zen emaztearekin, non heroi gisa hartu zuten; Pal? Pary? eleberriaren 130.000 ale plazaratu ziren. «Bruno Jasienski burgesiaren etsai arriskutsua, lagun leialetan onena eta langile-klasearen soldadurik onena», Literaturnaïa Gazieta-ren arabera.

Seme bat ere izan zuten, Bruno. Dibortziatu, eta beste emazte bat ere izan zuen, baita alaba bat ere. Eta handik gutxira, Moskura joan zen. Kultura sobietarrean txertatu zen, bai eta goi postuetan kokatu ere; hala nola Moskuko Langile Idazleen Sindikatuko idazkaria izan zen. Garai hartan, 1939an, bere bigarren obra garrantzitsuena idatzi zuen, Bal Manekinów (Manikien dantza): sozialdemokratak industrialen esanetara dauden txotxongilo gisa aurkezten dituen satira bat da, hori ere Parisen girotua. Ordurako, estalinismoaren jarraitzaile amorratua zen.

Haatik, estu-estu besarkatu zuen ideologiak bizkarra eman zion idazle laudatuari, eta SESBen erbesteratutako hainbat poloniar komunistari gertatu bezala, nazionalistatzat, espioitzat eta herriaren etsaitzat hartu zuten. Ondorioz, estalinismoaren garbiketen biktimetako bat bilakatu zen. 1938an, Siberiara bidali zuten, eta sekulako torturak ere jasan zituen; besteak beste, hortzak eta azazkalak atera zizkioten. Egonaldi beldurgarri horretan hainbat aldiz idatzi zion Stalini, hil zezatela eskatzeko. Biografia batzuen arabera, 1939ko abenduaren 16an zendu zen, tifusak jota, baina, beste biografia batzuetan jasotzen denez,1938ko irailaren 17an exekutatu zuten Moskuko Butyrka espetxean. 1956an absolbitu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.