Albistea entzun

Gazteei ahotsa, gazteek emana

'Zulora' saioaren bigarren denboraldia hilaren 28an hasiko da. Hainbat berritasun iragarri dituzte
Ane Zuazubiskar <em>Zulora</em> saioko aurkezlea —ezkerretik hirugarrena—, gonbidatuekin, denboraldi berrian.
Ane Zuazubiskar Zulora saioko aurkezlea —ezkerretik hirugarrena—, gonbidatuekin, denboraldi berrian. HIRU DAMATXO Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2022ko irailak 22

Irailaren 28an hasiko da Zulora eztabaida saioaren bigarren denboraldia. Ane Zuazubiskar kazetariak aurkeztuko du oraingo hori ere, sei atal izango ditu, eta bi astean behin argitaratuko dituzte Gaztearen Youtubeko kanalean eta sareetan. Hiru Damatxok ekoiztutako saioak hango eta hemengo gazteak elkartuko ditu berriro, gai «arantzatsuez» hitz egiteko: euskalgintzaren krisia, klima larrialdia eta metabertsoa izango dira denboraldi berriko eztabaidagaiak, besteak beste.

Gazteei emandako ahotsa baino zerbait gehiago da Gaztea irratiaren Zulora saio hori, Ane Zuazubiskar aurkezleak azaldu duenez: «Lehen denboraldian ikusi genuen gazteei ahotsa ematea baino gehiago, gazteek gazteei ahotsa ematea izan zela gakoa. Parez pareko horretan uste dut asmatu genuela, edo behintzat espazio hori sortu genuela: lasai, gustura, konfiantzaz eta guretik aritzeko espazio bat. 'Gazteei ahotsa eman behar diegu' esaten da askotan, baina goitik beherako ariketa bat izan ordez, parez pareko ariketa bat izan da gurea».

Eta berritasunekin datoz: plato berritua, jantzitegi zainduagoa, baliabide tekniko gehiago... «Iazkoak esperimentutik izan zuen asko, eta aurtengoak ere izango du, baina ikasi dugu gauza batzuk hobeto nola egin. Eta irudi aldetik eta soinu aldetik dagoen kalitate salto hori ez dela mugatzen horretara bakarrik. Gauza asko finkatu egin dira, eta horrek eman digu bidea gaiei beste fundamentu batekin heltzeko. Gaien tratamenduan ere badago oraingoan beste buelta bat», nabarmendu du Zuazubiskarrek.

Aurpegi berriak

Aurpegi berriak ere izango ditu saioak: Leo Bueribueri eta Antton Telleriarenak, besteak beste. «Bueribueri da gure zaurian atzamarra sartzen duen lankidea. Interesgarria da, traba egiten duen iritzi horietako bat delako, zentzurik onenean. Euskal gazte zuri eta normatiboei zoragarri datorkigu Leo entzutea». Telleriak, berriz, fikziozko pertsonaia bat sortu du, «denok barruan daramagun ahots atzerakoia ordezkatzeko». Julen Portillo umoristak jarraituko du Zulotik at izeneko kaleko elkarrizketak egiten, eta saioak presentzia handiagoa izango du sareetan, Instagramen eta Twitterren ez ezik, Tiktokeko profila ere izango baitute.

Zuazubiskar kazetaria da. Prentsa idatzian egin zituen lehen urratsak, Euskadi Irratiko Faktoria saioan ari da egun, eta Zulora saioan estreinatu zen iaz kamera aurreko lanean. «Esperimentu totala izan zen, eta zertara nindoan oso ondo jakin gabe joan nintzen. Egia da telebista dela, baina telebista tradizional horretatik aldentzen dela ere bai. Aurten igarri dut lasaiago aritu naizela, beste soltura batekin. Iaz, amaieran iritsi nintzen disfrutatzera, eta, aurten, hasieratik aritu naiz gustura eta gozatzen», nabarmendu du aurkezleak.

Irailaren 28tik aurrera egongo da lehen saioa ikusgai. Klima larrialdia izango dut hizpide. Gonbidatuak: Gorka Laurnaga, Anne Rodriguez eta Mikel Izturieta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Geu elkartearen herri bazkaria, atzo, Landatxon. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Loratzen jarraitzeko

Edurne Begiristain

Geu elkartearen 30. urtemuga ospatzeko, egun osoko jaia egin dute Gasteizen. Elkarteko kideen ustez, «mugarri» bat ezarri da euskarak hiriburuan dituen erronkei heltzeko.
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Dena dut gogoan: iruditzen zait italiarrak ikusten ari naizela zubitik etortzen»

Amaia Igartua Aristondo

Ederto gogoratzen ditu Basabek 1936ko gerran eta frankismoan bizi izandakoak: hegazkin bonbardatzaileak, italiarrak, beldurra eta gosea; egur eta ikatz bila joan behar izatea txikitan, amari ezer ez faltatzeko. «Bizitza osoan eraman behar da hori».
 ©BERRIA

Hamaikak telebista adimendunetarako bere aplikazioa estreinatu du

Enekoitz Telleria Sarriegi

Hamaikaren digitalizazioan «beste jauzi bat» da aplikazioa. Ostiralean jarri zuten eskuragarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.