Musika

Bidegileak

Aurten argitaratutako bi diskok gaur egunera ekarri dituzte J.J. Cale eta Townes Van Zandt, sustraidun musika estatubatuarra nortasunarekin landu zuten musikarietako bi.

J.J. Calek grabatu baina inoiz argitaratu ez zituen hamalau kantu bildu dituzte Stay Around diskoan. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Sei urtek eta 325 kilometrok bakarrik bereizten zituzten. Bata Oklahoman jaio zen, 1938an, eta bestea Forth Worthen, Texasen, 1944an; AEBetako hegoaldean biak ala biak. Haien bizitzak gurutzatuko ziren noiz edo noiz, baina ez dira ezagunak elkarrekin egindako lanik, nahiz eta biek utzi zuten bluesean, countryan, folkean eta rock-and-rollean oinarritutako ondare aparta. J.J. Cale eta Townes Van Zandt. Urte batzuk igaro dira biak zendu zirenetik, baina bi disko argitaratu berrik gaur egunera ekarri dituzte. Calerenak (Stay Around) orain arte kaleratu gabeko hamalau kantu biltzen ditu; Van Zandtena (Sky Blue), aldiz, argitaratu gabeko kantuen, beste artista batzuen moldaketen eta gerora grabatuko zituen piezen bilduma da; 1973an modu akustikoan grabatutakoa. Biak ala biak dira egileen diskografia oparoetan arazorik gabe sartu beharko liratekeen erreferentziak.

J.J. Cale (Oklahoma, AEB, 1938-La Jolla, AEB, 2013) gerora hark baino arrakasta handiagoa lortu zuten musikarien irakaslea izan zen. Gitarra jotzeko zuen modu garbiak bete-betean eragin zuen Eric Claptonengan, eta Layla-ren egileak ez zion inoiz muzin egin maisuaren lana ikusgai egiteko aukerari. 1970an, Caleren After Midnight-en bertsio bat grabatu zuen; 1977an, Cocaine; eta 2014an, Cale hil eta urtebetera, haren omenezko diskoa grabatu zuen, besteak beste Tom Petty eta Mark Knopfler lagun zituela. Knopflerrek ere ez du inoiz ezkutatu Calek harengan utzitako arrastoa.

Cale gazte hasi zen singleak kaleratzen, artean Johnny Cale izenarekin —Shock Hop / Sneaky (1958) instrumentala—, eta 1966an argitaratu zuen aurrenekoz After Midnight, baina 1972ra arte itxaron behar izan zuen lehen luzea (Naturally) grabatu eta atera arte. Lan hartako kantuetan (Call me The Breeze, Magnolia, After Midnight bera) finkatu zuen abeslari eta gitarristak bere estiloa: pausatua, naturala eta estridentzia handirik gabekoa.

Harrez geroztik, hura izango zuen bidea, eta ez zen inoiz handik desbideratu. Arrakasta handirik ere ez zuen inoiz lortu, nahiz eta jarraitzaile ospetsu ugari izan zituen. Lynyrd Skynyrdek, adibidez, Caleren bi kantu —Call Me The Breeze eta I Got the Same Old Blues— moldatu zituen, eta Jimi Hendrixekin batera egondako gitarrista elektrikorik onena jo zuen Neil Youngek berak.

Stay Around (2019) lan berrian, Calek grabatu baina inoiz argitaratu ez zituen kantuak bildu dituChristine Lakeland haren alargunak. Ezkutatuta egon diren arren, iraganari traizio egiten ez dioten hamalau pieza elektriko bezain goxoak dira.

Countryaren zeharbideak

Townes Van Zandt (Fort Texas, 1944-Nashville, 1997) musikari ikonoklasta izan zen; country eta folk eremuetan mugitu zen arren, inoiz ez zen eszena edo mugimendu jakin baten parte izan. Beti bere bidea egin zuen, nortasun handikoa. Eta, arrakasta handia lortu ez zuen arren, denborarekin ugaritu egin dira haren figura —eta musika— berreskuratzeko ahaleginak. «Inoiz izan diren kantugile onenetako bat». Horrela definitu zuen, esaterako, Steve Earlek bere maisu handiena izandakoa, 2009an haren kantuen bertsioak jaso zituenean, Townes diskoan.

Hiruzpalau urtez tabernetan jotzen aritu ostean, Van Zandtek For The Sake of The Song argitaratu zuen, 1968an; bere lehen diskoa izan zen, eta gerora kantariaren klasiko bilakatuko ziren hainbat kantu jasotzen zituen (For The Sake of The Song bera, Tecumseh Valley). 1972ra bitartean, bere musika kanona eraiki zuen kantariak, urtero disko bat argitaratuz — Our Mother The Mountain (1969), Townes Van Zandt (1970), Delta Momma Blues (1971) eta High, Low and In Between (1972)—, eta, oparotasun garai horren ondoren, 1973ko lehen egunetan, Bill Hedgespeth kazetari, musikari eta lagunak Atlantan zuen estudio txikian sartu zen. 11 kantu grabatu zituen han, modu erabat akustiko eta biluzian, baina han gelditu ziren gordeta, haren senideek argitara ematea erabaki duten arte, aurten.

Sky Blue-n (2019) badira ordurako grabatuak zituen kantuen moldaketak —Pancho and Lefty handia, Silver Ships of Andilar—, baita geroagoko diskoetan jasoko zituen kantuen lehen aldaerak —Rex's Blues, Snake Song— eta bertsioak ere — Hills of Roane County tradizionala, Richard Dobsonsen Forever For Always For Certain eta Tom Paxtonen The Last Thing on My Mind—. Eta, oparia biribiltzeko, orain arte inoiz argitaratu gabeko bi bitxi: Sky Blue eta All I Need.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.