Literatura

Bi munduren arteko poeta

Bizitzaren argiak eta ilunak uztartzen zituen olerkietan. Modu zorrotzean, gainera. Poeta portugaldar handienetako bat izan zen. Ehun urte beteko dira Sophia de Mello jaio zela.

Sophia de Mello olerkari portugaldarra Fernando Pessoaren ondorengoetatik aipagarrienetako bat da. BERRIA.
Ane Eslava.
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun

Hitzak azken muturreraino orrazten zituen luma zorrotza. Bizitzaren ilunak itsasoaren argiarekin uxatzen zituen naturaren mireslea. Errealitatearen ezkutuko esentzia bilatzen zuen poeta sineslea. Asteazkenean ehun urte beteko dira Sophia De Mello Breyner Andresen jaio zenetik. Porton (Portugal) jaio zen, eta herrikideentzat Sophia zen. Amaren abizena lehenik jarriz sinatzen zituen liburuak. Familia aristokratiko batean sortu zen, eta gaztea zelarik hasi zen idazten. Fernando Pessoaren eragina jaso zuen, eta 37 liburuko uztarekin, haren ondorengo Portugalgo olerkaririk esanguratsuena da.

Bizimodu erosoa izan zuen De Mellok jaiotzatik, eta modu horretan gogoratzen zuen hark bere haurtzaroa: «Familia ugari bat, zerbitzari ugarirekin, lurralde zoragarri batean». Preseski, zerbitzari bati esker izan zuen lehen kontaktua poesiarekin: neskameak Nau Catrineta olerkia erakutsi zion, eta neskatoak buruz ikasi zuen. Baliteke hori izatea sortzera eraman zuen lehen bulkada. 1936an, filologia klasikoa ikasten hasi zen Lisboako Unibertsitatean, eta, gradua amaitu ez bazuen ere, greziar zibilizazioa ezagutzeko balio izan zion. Gerora, irudi helenistikoak funtsezko bihurtu ziren bere poesian.

1944an argitaratu zuen lehen liburua, Poesia, haren aitak ordaindutako 300 aleko edizio bat. Argitaratu zuenean, 25 urte zituen De Mellok, baina 14 urteko nerabea zenean idatzitako olerki zenbait ere jaso zituen lanean. Horietan, gazteriaren bizinahia alde ilun batekin gurutzatzen zen; haren geroko sorkuntzan ere agertuko zen ezaugarri hori.

Idazkera zehatza zuen De Mellok; inguratzen zuena paperera doitasunez eramatea zuen obsesio, hitz bat bera ere ez zedin gehiegi izan. Soiltasunean, idazkera aberatsa zuen, halere: sinbolo, alegoria eta sinestesietara jotzen zuen maiz. Inguratzen zuena bihurtzen zuen olerki, eta paisaiari toki zabala ematen zion; paisaia idealizatuari. Itsasoa zuen gertaleku nagusi, eta hainbat libururen izenburutara eraman zuen: Itsasoaren eguna (1947), Korala (1950), Itsas berria (1958), Nabigazioak (1977), Irlak (1989) eta Koseko maskorra eta beste olerkiak (1997). Itsasoaz ez ezik, gauaz, amodioaz, literaturaz, Antzinaroaz eta justiziaz idatzi zuen.

Haren poesia lurrekoa eta gizatiarra zen arren, De Mellok lotura estua zuen espiritualtasunarekin. Inguratzen zuten elementu arrunten atzean ezkutatzen zen funtsa bilatzen zuen; eta bere burua unibertsoarekin uztartzeko desira ere antzematen da haren olerki batzuetan. Hala eta guztiz ere, ez zuen galtzen mundu errealarekin zuen lotura, eta idazleak berak zioen poesia «errealitatearen bilaketa bat» dela: «Poema bat beti izan da gauza baten inguruan marraztutako zirkulu bat, errealitatearen txoria preso dagoen zirkulu bat».

Haren lanetan etengabeko bilaketa bat dago, denborarekin eta existentziarekin lotutakoa. Iraganera jotzen zuen sarri: baretasun bila egiten zuen atzera, orainaldiaren sufrimendutik ihesi. Garai batean bere bizia «hobeezina» izan arren, azkenean, iluntasuna agertu baitzitzaion, eta haren bertsoetaraino iritsi baitzen. Gandiako dukearen meditazioa Portugalgo Isabelen heriotzaren inguruan olerkian ikus daiteke aldaketa hori: «Arratsaldeko argiak erakusten dizkit hondamendiak/ Zure izatearenak. Laster usteldurak/ Zure begiak eta zure hezurrak edan egingo ditu».

Zurrunbiloen erdian, anabasaren aurreko paisaiak bilatzen zituen idazleak: umezarora jotzen zuen, bai eta munduaren sorrerara ere. Grezia klasikoko mitologia zuen maiz gida eta babesleku: Egeo itsasoko lekuak —Kreta, Olinpia, Delfos— eta Euridize, Minotauroa eta halako pertsonaiak ikus daitezke haren poemetan.

Politikan engaiatua

Poesia izan zuen pasio nagusi, baina ez bakar. 1946an Francisco Sousa Tavares kazetari, politikari eta abokatuarekin ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituzten. Haiei bideratutako arretak bultzatuta, haurrentzako ipuinak idazten hasi zen. Ezkondu eta ama izan ondoren, haren lanak kutsu konprometituagoa hartu zuen, eta arreta handiagoa eskaintzen hasi zitzaien garaiko gizarte arazoei. Haren ideiak aldatuz joan ziren, garai batean poesiaren eta diktadura salazaristaren aurkako borrokaren artean erdibiturik bizitzera arte. Krabelinen Iraultzaren ondoren, 1975ean, Biltzar Konstituziogilerako diputatu aukeratu zuten, Alderdi Sozialistarekin. Haren konpromiso politikoa agerikoa da garai horretan idatzi zituen liburuetan ere.

Poesia eta haur literatura ez ezik, antzezlanak, artikuluak eta saiakerak ere ondu zituen, eta Euripides, Dante, William Shakespeare, Paul Claudel eta Leif Kristiansson itzuli zituen portugesera. Era berean, frantsesera eraman zituen Fernando Pessoa eta Luis de Camoes Portugalgo idazleen lanak. Haren poesia euskaraz irakur daiteke: Iñigo Roquek itzuli zuen 2015ean, Susa argitaletxearen Munduko poesia kaierak bilduman.

1999an, Camoes saria jaso zuen De Mellok, eta Portugalgo literaturaren sari gorena lortu zuen lehen emakumea izan zen. 84 urterekin hil zen, Lisboan. Hurrengo belaunaldietako poetengan eragin nabarmena izan zuen; batik bat Jorge de Senarengan. Pessoaren oinordekoak biak, harreman estua izan zuten, eta olerkiak gutun bidez trukatzen zituzten, De Senak erbestera joan behar izan zuelako.

«Portugalgo poesiaren damatzat» hartua da De Mello. Baina, ororen gainetik, itsasoaren poeta izan zen: 2005etik, bere olerkietako batzuk Lisboako Ozeanarioko atseden guneetan jarrita daude, handik igarotzen direnek itsasoa atzean dutela irakur ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.