Musika

Tentsioen artean

1968an, segregazio arrazistak eragindako gatazka puri-purian zegoela, Palo Alto hirian jo zuen Thelonious Monk pianistak. Emanaldi historiko hura disko bihurtu dute: 'Palo Alto'.

Thelonious Monk (1917-1982) XX. mendeko jazz pianista garrantzitsuenetakoa izan zen. BERRIA.
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Iaz argitaratutako jazz diskoetatik gehien laudatu direnetako bat da Thelonious Monk pianistaren Palo Alto, 1968an Kaliforniako (AEB) Palo Alto hiriko institutuan eginiko emanaldia biltzen duena. Grabazioak, Monken laukotearen orain arte argitaratu gabeko emanaldi bikaina ezagutarazi ez ezik, istorio humano eta sozial liluragarria ere gordetzen du, kontzertuaren bidez hirian ziren tentsio arrazistak murriztu egin baitziren, emanaldiak iraun zuen tartean behintzat.

1968an, Martin Luther King lider beltza eta Robert F. Kennedy politikari zuria erail zituzten. Krisi nazionala puri-purian zegoen herrialdean, eta tentsioa nabarmena zen, baita Palo Alton ere. 16 urteko jazz zale judu batek, baina, 500 dolar lortu zituen Monk hiriko institutura eramateko, eremu beltza Nairobi izendatu nahi zuen beltz komunitatearen harridurarako. Hartara, Monken pianoak zuri aberatsen eta beltz pobreen arteko muga sutua itzali zuen istant batean.

Palo Alto diskoa 1968ko urriaren 27an jaso zen. Etorkizunean kontzertu promotore profesional bilakatuko zen Danny Scherek ondu zuen kontzertua. 16 urteko judua, Scher jazz zale sutsua zen, eta haren bi musikari kutunak Monk eta Duke Ellington ziren —Monken kontzertutik hilabetera Ellington eraman zuen institutura—. Gaztetasuna gorabehera, sustatzaile hasiberriak bere ametsa bete zuen; alegia, Monkek bere hirian jotzea. Haatik, kontzerturako bidea arazo politiko eta sozialez josia aurkitu zuen.

[youtube]https://youtu.be/e3G8WopextI[/youtube]

Oso urte gatazkatsua izan zen hura AEBetan, bai eta Palo Alton ere, non arrazagatiko gatazka nabarmena zen; esaterako, eskubide zibilen aldeko borrokaren olatuaren itzalpean, East Palo Altoko zenbait hezitzaile afro-amerikarrek erreferenduma abiatu zuten hiriaren eremu hori Nairobi izendatzeko, identitate beltza eta sustrai afrikarrak sendotzeko asmoz. Monkek kontzertua eman eta bederatzi egunera egin zen erreferenduma. Hiriko komunitate beltzak borrokarekiko erakutsitako konpromisoaren beste adibide bat: King zendu eta hurrengo egunean, East Palo Alton Black Panther alderdiaren batzar nazionala egin zuten, Stokely Carmichael eta Eldridge Cleaver liderren partaidetzarekin; US Organization erakundeko Maulana Karengak ere parte hartu zuen ekitaldian. Bada, East Palo Alton komunitate eta aktibismo beltza biltzen zen, baina Monk hartuko zuen institutua eremu zurian zegoen.

Halere, eta arraza gatazkak eta Poliziaren aholkuak aintzat hartu gabe, Scher tematiak kontzertuaren kartelak jarri zituen hiriko eremu beltzean, institutuko aretoa betetzeko hango ikus-entzuleak behar baitzituen. Biztanle beltzek, baina, ez zuten sinetsi gazte zuri baten ekimenez Monk bertaratuko zenik. Hortaz, sarrera gutxi saldu ziren. Finantzaketa eskas hura ikusita, Scherek kontzertuaren programa argitaratu zuen paperean, bai eta hiriko saltokiei bertan iragarkiak jartzeko aukera eman ere —Impulse diskoetxeak plazaratutako Palo Alto-ren edizio dotorean, kartelaren eta programaren faksimile ederrak biltzen dira, diskoaren historiari lotutako hamaika datu biltzen dituen liburuxkarekin batera—.

Monkek, bestalde, 500 dolar eskatu zizkion Scheri —gauez kontzertua zuen San Frantziskon; beraz, eguerdia baliatuko zuen Palo Alton jotzeko—. 500 dolarrek ez dirudi dirutza, baina sasoi hartan Monk gorriak pasatzen ari zen, bahitura bat eta emaztearen eta bere gaixotasunak tarteko; hortaz, sosak lurpetik atera behar zituen.

Urte berean, Columbia diskoetxeak Monken Underground diskoa kaleratu zuen, zeinak ez zuen arrakastarik izan, jazz musikaria kontrakulturako ikur gisa saldu arren: II. Mundu Gerran nazien aurka aritutako erresistentziako kide baten itxurarekin jantzi zuen diskoetxeak musikaria diskoaren azalean. «Orain, 1968. urtean, rocka eta psikodelia Amerika gaztearen irudimena harrapatzen ari direla, Thelonious Monk berriro ere undergroundeko heroi bihurtu da, oraingoan underground berriaren orakulu gisa», zioen diskoaren sustapen orriak. Zigiluaren maniobra komertzialak huts egin zuen, eta diskoak ez zuen arreta handirik piztu, ohiko zaleen begiruneaz gainera.

Azkenik, Scheren anaia nagusiak eraman zuen musikaria San Frantziskotik Palo Altora, bere furgonetan. Institutuko aparkalekuan autoa paratu zenean hasi ziren zale beltzak sarrerak erosten. Promotoreak, baina, azken traba bat kausitu zuen bere odisea txikian, zeinak istorioa gehiago korapilatzen duen: institutuko eskolazainak Monkek joko zuen pianoa jarri behar zuen, baina horretarako baldintza bat jarri zuen: kontzertua grabatuko zuen; bestela, ez zuen pianoa afinatuko. Scherek onartu egin zuen, eta orain zinta hura disko txalotu bihurtu da, hala haren balio musikalagatik nola historikoagatik.

Trastelekuan ahaztuta

Duela hamar urte inguru aurkitu zuen Scherek erabat ahaztua zuen zinta zahar hura, trastelekuan. Jazz dokumental bat ekoizten ari zela, Jimmy Heath saxo jotzaileari kontatu zion gaztetako gertaera hura; zinta ere aipatu zion. Heathen aginduz, Scher Monken ondarea kudeatzen zuen T. S. Monkekin jarri zen harremanetan, zinta disko bihurtzeko. Hala, pianistaren semea eta Grandmixer DXT elkarrekin aritu ziren hiru astez, zintaren soinua berriztatzen. Ekipo analogiko baten laguntzaz, soinua atera zuten jatorrizko zintatik, gero estereo bihurtzeko, software aurreratua erabiliz. Lan horren ondorioz, soinu aparta lortu zuten. «Atzo grabatu zela dirudi», T.S. Monken hitzetan.

Jazz adituen aburuz, Monken grabaziorik onenak zuzenekoak dira, eta Palo Alto haren saio garrantzitsuenen artean dago, ez bakarrik talde bikain batekin eta lasai aritu zelako, baita sasoi hartako zuzeneko grabazio gutxi daudelako ere. Taldeak —Thelonious Monk, pianoa; Charlie Rouse, saxoa; Larry Gales, baxua; eta Ben Riley, bateria—, lau urte zeramatzan elkarrekin. Rouse saxo jolearen eta Monken arteko harremana, baina, luzeagoa zen, hamarkada bateko lotura gauzatu baitzuten, eta erlazio hori bikain islatzen da diskoan, pisu melodiko handiena saxoan biltzen baita.

Ruby My Dear da diskoko lehen kantua, Monkek 40ko hamarkadan bere lehen neska lagunaren omenez grabatua. Well, You Needn't -ek jarraitzen dio. Hori ere 40ko hamarkadako Monken beste estandar bat, zeinetan kontrabaxuaren eta bateriaren ekarpena izugarria den: azpimarragarria da kontrabaxuaren soloa. Bigarren aldean, Don't Blame Me klasikoa dator lehenik, Dorothy Fields eta Jeremy McHughek idatzia. Monkek 1963tik jotzen zuen doinu hori. Bakarrik interpretatzen du, bere ohiko estilo disonante eta apartarekin. Vaudeville giroetara eramaten du entzulea. Blue Monk dator ondotik. Musikariaren kutunetakoa, 1954. urtekoa. Robin G. Kelleyk diskoaren liburuxka mamitsuan jasotzen duenez, «karga trena» dirudi. Jendeak eztanda egiten du, txalo zaparradak entzuten dira, eta, bat-batean, Monkek Epistrophy-ri heltzen dio, bakarkako sarrera eder batekin, laster batean taldea abiatzeko. Emanaldia amaitu dela dirudi, baina piano jotzaileak I Love You Sweetheart All Of My Dreams abiatzen du, ikus-entzuleen zoramenerako. Bakarrik oraingoan ere, epilogo hunkigarria osatzen du Monkek. Publikoa erabat sorgindu du: institutuko gazte guztiak, zuriak eta beltzak, oihuka, txistuka eta txaloka grinatsu. Monkek, ostera, oholtza utzi behar du: «Azkar bueltatu behar dugu lanera, ulertzen duzue, ezta?». Musikariaren hitzek barreak eragiten dituzte ikus-entzuleen artean. San Frantziskoko Jazz Workshop klubean jo behar zuen gauean. Scheren anaiak eraman zituen musikariak bueltan, Monkek 500 dolar gehiago zituela aldean.

[youtube]https://youtu.be/PLKYnperxco[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.