Edertasuna dario zaintzen den obrari

Ikusgai dago Rosa Valverderen artelanen erakusketa Donostiako Ekain arte galerian. Bere obrak zabaldu nahi ditu bere familiak

Isabel Sagues bere izeba Rosa Valverderen erakusketan, Ekain Arte Galerian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Atea ireki eta eskuinean hiru obra, hiru grabatu, 1989koak. Aurrez aurre, Hombre margolana, kolore biziz; 1984koa. Eskaileretan behera jarraituta, hamaika grabatu, ilustrazio eta marrazki. Artearen plaza txikiaren erdi-erdian, figura eskultoriko bat. Denak Rosa Valverde artistarenak (Donostia, 1953-Azkaine, Lapurdi, 2015). Eder dago Donostiako Ekain arte galeria; kolore biziz, zuri-beltzez zein sepia kolorez. Valverderen artearen erakusleiho izango da apirilaren 2ra arte.

«Bere lanak ordenatu eta zabaldu nahi ditugu, jendeak ezagut ditzan». Isabel Sagues Valverderen hitzak dira, artistaren ilobarenak. Grabatuak dira nagusi galerian. Joaldun bat, maskaradako zaldiko eta Balkarlos dantzari bat. «Rosak asko maite zituen inauteriak».

Neskatila bat bere gelako lau pareten artean; ohea, armairua, ispilua... «Rosari asko gustatzen zitzaion haurrak beren gelan irudikatzea; beraien unibertsoan», azaldu du Saguesek.Horrelako bost bat koadro ditu. Horietako batean agertzen da Maria, besoa hautsia duela. «Bere iloba baten alaba da. Besoa puskatu zuen, eta Rosak argazki bat atera ziezaiotela agindu zien senideei, gero marraz zezan». Bilduma berean beste neskato bat, bainujantzia jantzita. Ez da ondo antzematen non dagoen. Saguesen ustez, laku batean dago, alboan txakur bat duela. «Arraza bereko txakur bat zuen Rosak».

Etxeko lau paretetatik atera gabe, baserri bat; bere ate eta leiho. Emakume bat dago leihotik begira. Ile kizkurra eta argia du, eta buruan txapela. «Rosa da», azaldu du Saguesek: «Oiartzungo bere estudioan dago, primeran antzematen da, gainera». Azpimarratu du bere bizitzako lehendabiziko autorretratua dela. 1977koa da, baina, «oso kalitate onean mantentzen da oraindik».

Arrosa eta berdea

Autorretratuetatik urruti samar ibili izan da beti Rosa; bere burua baino gehiago marrazten baitzuen ingurukoa. Hala ere, obra guztiek dute artistaren esentziarekin lotzen duten zantzu bat. Hombre margolana, adibidez; Ekain arte galeriak oraintxe duen koadrorik handiena; 1,95 metrokoa. Kolore biziek osatzen dute, baina bi kolore nabarmentzen dira, gehienbat: arrosa eta berdea. «Bere izen-abizenekin eta koloreekin jolastea gustatzen zitzaion. Horregatik arrosa eta berdea».

Bere izena osatzen duten bi kolore horiez gain, hasi zitzaien sartzen urdin tonu bizi bat bere obra grabatuei, eta kolore horrekin berarekin irudikatzen zuen itsasoa, adibidez. Horrekin batera hasi zen artista kolore biziz bustitzen bere pintzelaren punta.

Urdinetik arrosara, berriro ere. 2012ko margolan bat, «Rosaren azken lanetako bat». Adar marroiak eta lore arrosak ageri dira; oso kolore biziz. Irasagar japoniarra dela nabarmendu du artistaren ilobak: «Bera bizi zen azken etxean zuen zuhaixka bat da». Inguruan ikusten zituenak irudikatzen zituen Valverdek, antza, eta koherentzia bat ematen zion, gainera, inguratzen zuen guztiari.

«Hau azkenerako utzi dugu garrantzitsuena delako». Ekain galerian dagoen objektu eskultoriko bakarraz ari da Sagues; artearen plaza txikiaren erdi-erdian dagoenaz. Poliespanez egindako emakume baten gorputza irudikatzen du objektuak. Loretxoak, tela desberdinak, adarrak... askotariko apaingarriak ditu objektuak. Plastikozko txori txiki bat ere badu poliespanezko emakumearen gorputzak; zurezko kaiolatxo eta guzti. «Oso delikatua da».

Ez daitezen ahantz

Artistaren ilobak azaldu duenez, ezagutzera eman nahi dituzte Valverderen obrak, orain arte ezkutuan egon direnak. Horretarako, denak bildu eta ordenatzen saiatzen ari dira senideak; obra guztiak ondo zainduz. Gainera, Valverdek era guztietako artelanak egiten zituela erakutsi nahi dute: «Konturatu gara grabatua eta objektu eskultorikoak ez direla inoiz lotu Rosarekin. Eta, guk erakutsi nahi dugu ondo egiten zuela hori ere».

Donostiako Ekain galeriako erakusketa San Telmo Museoan dagoen arte kutxen erakusketaren osagarri gisa zabaldu dute oraingoan. Apirilaren 2ra arte egongo da zabalik. Sortzailearen 27 grabatu daude ikusgai, eta «bere alderdi artistikorik ezezagunenetariko bat» aurkitu daiteke bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.