Letrekin margolari

Modernitatearen eragile nabaria izan zen Gertrude Stein, literaturaren esparrutik nola artearenetik. Idazketaren hamaika bide arakatu zituen, eta Alice B. Toklas bizikidearen ahotsetik idatzi zuen bere autobiografia.

Gertrude Stein Parisko bere estudioan, Picassok berari egindako erretratua eta beste zenbait lan direla horman. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Jenioak Gertrude Steinen etxera joaten ziren, eta harekin aritzen ziren hizketan, beren emazteak nirekin solastatzen ziren bitartean. Orain, urteak igarota, jenioen emaztez betetako paisaia zabal bat begiets dezaket». Areto batean XX. mende hasierako izen handi asko elkarrekin, koadro abangoardistaz beteriko hormen artean, eta alboko gela batean aparte, haien emazteak, Alice B. Toklas anfitrioi lanetan zutela. Hogeita bost urtez izan zen Toklas Gertrude Stein XX. mendeko figura ezohiko eta modernitatearen bultzatzaile handienetakoaren pertsona hurbilekoena, eta haren ahotik kontatu zuen Steinek bere bizitzako zeharkaldia.

1933. urtean izan zen: Alice B. Toklasen autobiografia izenpean eman zuen lan hura Steinek. Eta ordura arte bere esperimentu literarioekin lortu ez zuen sona lortu zuen harekin, ezagun zitzaion bezala, garai hartako konbentzio literarioen mugak harago eramanez, eta, kasu honetan, bere autobiografia lagun minaren ahotsean eraikiz.

«Parisera heldu nintzenean, lagun batek eta biok Saint-Michel etorbideko hotel txiki batean hartu genuen ostatu, eta gero etxe bat alokatu genuen Notre-Dame des Champs kalean, eta gero nire laguna Kaliforniara itzuli zen, eta ni Gertrude Steinekin joan nintzen bizitzera, Fleurus kalera».

XX. mende hasierako Paris bohemioaren bihotzean, topaleku esanguratsuenetako bat zen Fleurus kaleko 27.a. Toklas hara lekualdatu zenerako, arte garaikideko lehen bilduma zabaleneko baten aterpe zen etxea. Gertrude eta Leo Stein anai-arrebek osatu zuten, Renoir, Cezanne, Gaugain, Picasso, Matisse eta besteren margolanak bilduz. Hiritik zebiltzan musikari, margolari eta bestelako ekintzaile modernistak larunbat iluntzero biltzen ziren bertan; Pablo Picasso —adiskide min ziren—, Ernest Hemingway, F. Scott Fitzgerald, Ezra Pound eta beste. «Hain ziren arraroak koadroak, hasieran horiek ez beste guztia begiratzen zuen batek», dio narratzaileak liburuan.

Bilkura horietako batean atera zen, hain justu, gerora Lehen Mundu Gerrak sakon markatutako idazleak izendatzeko geratuko zen Belaunaldi galdua kontzeptua. Steinek aurrean zituenei esan zien horixe zirela Gerra Handian borroka egin zuten gizon gazte horiek, belaunaldi galdua, alkoholetan itotzen ari zena —Fiesta. Eguzkia jaikitzen da (1964) nobelan finkatuko zuen gero Hemingwayk esamoldea—.

Arrosa da arrosa da arrosa

Pennsylvanian jaio eta Kalifornian hazi bazen ere, bizitzaren zatirik handiena Europan igaro zuen Steinek. 29 urterekin finkatu zen Parisen, anaiarekin, eta orduan hasi zen pisua irabazten mende berriak zekartzan eraldaketa artistikoen ingurumarian. Aurretik, Psikologia ikasketak egin zituen Harvarden, eta Medikuntza ikasketak Johns Hopkins Unibertsitatean —aspertuta, bertan behera utzi zituen—. William James izan zuen irakasle urte horietan, eta eragin agerikoa izan zuen hark Steinek landuko zuen idazketa esperimentalean. Jamesi egozten zaizkion idazketa automatikoa eta kontzientziaren korrontea teoriei lotuta irakurri izan dira, hala, Steinen zenbait testu, baina egilea bera ez zen inoiz guztiz bat etorri. «Gizaki arruntarentzat idaztea aski konplikatua da modu automatikoan egin daitekeenik pentsatzeko».

Ia genero guztiak landu zituen, literatur ingelesaren tradizioa irauli nahian, eta lantzen ez ziren gaiak —homosexualitatea, esaterako— eta horiek ekartzeko moduak egin zuten bereizgarri haren aparteko estiloa; baita errepikapenek ere, zeina kubismoaren itzulpen literariotzat irakurri izan den. Rose is a rose is a rose (Arrosa da arrosa da arrosa) da, bada, haren esaldirik ezagunena, Sacred Emily poematik hartua.

1935ean, hitzaldi bira bat egitera itzuli zen AEBetara, eta albiste izan zen haren bisita herrialdean; judua, beste emakume batekin bizi zena eta abangoardiako idazlea. Parisen hil zen, 1947an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.