Musika

Egunerokotik kanpo, dantza

Musika atsegina, gardena eta dantzarako aproposa. Texas taldeak hiru aldagai horiek bildu ditu 'Jump of Board' lanean. Donostian aurkeztuko dute disko berria, datorren asteartean, Kursaal aretoan.

Maider Galardi
2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Modernoa eta gaur egungo estilokoa», modu horretan deskribatu zuen Sharleen Spiteri Texas taldeko abeslariak 2017an kaleratutako Jump of Board diskoa. Ia 30 urteko ibilbidearen ostean, «berriz gaztetuta» kaleratu zuten diskoa, eta ordutik urtebete da Europan bira egiten ari direla. Donostian ere kontzertua eskainiko du Eskoziako pop-rock talde esanguratsuak, datorren asteartean, 21:00etan, Kursaalean.

«Musika talde bat ezin da egonkortu estilo bakarrean», nabarmendu zuen Spiterik azken diskoa kaleratu berritan. Gaurko garaietara egokitu dute musika, baina eguneroko erritmo azkarretik aldentzeko asmoz sortu dituzte doinuak: «Nahi dugu eguneroko larriminetik ihes egiteko modu bat izatea musika».

Ez da alferrikakoa asmoa: Jump of Board-eko abestiek badute estilo dantzagarri bat, eta, oro har, musika gardena eta atsegina biltzen du azken lanean Spiterik, Ally McErlainek (gitarra), Jonny McElhonek (baxua), Eddie Campbellek (teklatua), Michael Bannisterrek (teklatua), Tony McGovernek (ahotsa eta gitarra) eta Ross McFarlanek (bateria) osatutako taldeak. Let's Work it Out kantuarekin, gainera, lehen postua lortu dute Eskoziako eta Frantziako musika zerrendetan.

Eraberrituta eta musikaren estetikari inoiz baino arreta handiagoa eskainita itzuli dira, baina Texas taldeak izan du aurretik ibilbide oparoa, eta lortu dute erreferentzialtasuna pop-rockaren munduan. 1989an kaleratu zuten Southside lehen diskoa, eta segituan lortu zuten arrakasta I Don't Want a Lover kantuarekin. Hamarkada baten ostean lortu zuten berriz ere goia jotzea, With on blonde lanarekin. Geroztik, abiada biziz sortu dituzte diskoak, eta aski ezagunak dira Say What You Want (1997) eta Summer Son (1999) kantuak.

2015ean kaleratu zuten Texas 25 kantu bilduma, baina zortzi urte dira abesti berririk oholtzaratzen ez dutela. Jump of Board-ekin, beraz, proposamen berri bat taularatuko dute. Esaten denak baino presentzia handiagoa hartzen dute erritmoek eta melodiek. Garden eta atsegin, jendea gozaraztea baitute helburu nagusi: larriminetik aterata dantzaraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.