Literatura

'Noir' feminista

Dorothy B. Hughes 'noir' estiloko idazle estatubatuar aurrerakoiak Europan jarri zuen begirada. Psikopata misogino baten ikuspuntutik idatzi zuen 'In A Lonely Place' eleberria, 1947an.

Dorothy B. Hughes idazlea 1904an jaio zen, Kansasen; kazetaritza ikasketak egin, eta idazle eta poeta jardun zuen. BERRIA.
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Hard-boiled genero klasikoan, besteak beste Raymond Chandler, Dashiell Hammet eta James M. Cain idazleek 1930eko hamarkadan idatzitako nobeletan, krimena bera baino garrantzitsuago da eszena, eta kontakizuna erritmo frenetikoan garatu ohi da: detektibea kalezulo ilunetan barrena dabil kriminalaren bila, eta bere ahotsak, lehenengo pertsonan adierazita, irakurlea gidatzen du une oro. Jim Thompsonek, baina, eskema hori irauli zuen fokua kriminalean paratuz. Ikuspuntu aldaketa hori ulertzeko, ezinbestekoa da Thompsonek berak 1952an plazaratutako Hiltzailea nire baitan eleberria, gurean Igela argitaletxeak plazaratua. Hori dela eta, noir generoaren funtsezko lan bilakatu da.

Haatik, irakurle askok ez dute ezagutzen 1947an emakume batek idatzitako beste eleberri bat, In A Lonely Place, zeina psikopata misogino baten ikuspuntutik kontatzen den. Areago, idazlea hiltzailearen buruan sartzen da hirugarren pertsona erabiliz, nobela beltzaren ezaugarri klasikoak hankaz gora jarriz, eta thriller generora gerturatuta. Beste ezaugarri berritzaile bat ere gordetzen du nobela horrek: kutsu feminista nabarmena du —Nicholas Rayk pantailara eraman zuen 1950ean, Gloria Grahame eta Humphrey Bogart aktoreek antzezturik—. Dorothy B. Hughes idazle estatubatuarrak sortu zuen eleberri hori, baina beste hainbat kasutan gertatu ohi denez, historia ofizialak lurperatu egin zuen gizonezko idazle zerrenda astunaren azpian.

Dorothy B. Hughes (1904-1993) Kansasen jaio zen, Missourin. Kazetaritza ikasi zuen, eta idazle eta poeta jardun zuen, bai eta literatura kriminaleko kritikari ere. Poema liburu bat eta dozena bat nobela beltz argitaratu zituen. Familiako bizitza tarteko, ezin izan zuen literaturan erabat jardun: 1952tik 1963ra ez zuen ezer idatzi familia kontuengatik. The Expendable Man izan zen bere fikziozko azken lana, 1963an argitaratua.

Hastapenetan, nazismoaren eta Europaren hondamenaren inguruko ariketa patriotikoak idatzi zituen, baina, 1940ko hamarkadarekin batera, polizia generoan murgildu zen buru-belarri. Noir esparruan urratsak egin ahala, garai hartako emakume bati ez zegokion rola hartu zuen: psikotiko, emakume beltz, jazz musikari, soldadu eta natibo amerikarren ikuspuntutik ondutako nobelak idazten hasi zen. Lanok harrera ona izan zuten zaleen artean, batez ere agertzen zuten beldur eta suspense giroagatik. Halere, ez zuten kritika espezializatuaren laudoriorik jaso; esaterako, The New York Times egunkariak hauxe argitaratu zuen The Fallen Sparrow lanaren (1942) harira: «Polizia eleberriaren eskema gainditzen duten egoeren arteko gatazka sortzen du». Hain justu, horretan datza Hughesen lorpena, noir tradizioko kanonaren suntsipenean. Horretarako, poesiaz eta biziki maite zituen idazle britainiarren itzalaz baliatu zen, hala nola Graham Greenez eta Eric Amblerrez —azken horri The Fallen Sparrow eskaini zion—. Hughesek, izan ere, II. Mundu Gerrako Europa hondatuarekiko sentsibilitate nabarmena erakutsi zuen, bere istorio guztiakAEBetan gertatzen diren arren.

«Leku bakarti batean»

Hughesen In A Lonely Place nobelako gizonezko bi protagonistak, hain zuzen, Europan izandako bi soldadu dira. Gerran parte hartu ostean, Los Angelesen bizi dira. Dix Steele hegazkin pilotu aritu zen gatazkan, eta bere lagun Mel Terris aberaskumearen etxean bizi da, osabak hilero bidaltzen dion dirua dela medio. Dixek, ustez, fizkio kriminalean dihardu, liburu bat idazten. Emakumeak gorrotatzen ditu, eta, bakardadean hondoraturik, ezin du bere sen hiltzailea baretu. Lagun min Brub Nicolai, berriz, polizia da, eta hiriko emakumeen erailketak ikertzen ari da.

Hughes ausart aritu zen nobela idazterakoan, bere irakurleak, gizon eta emakumeak, psikopata misogino baten burmuinean sartu baitzituen hirugarren pertsona baliatuta. Baliabide berritzaile horren bidez, orduko irakurleek hiltzailearen emozioak sentitu zituzten, baina haiekin identifikatu gabe. Oso proposamen aurrerakoia izan zen 1940ko urteetarako. Jake Bird Tacomako hiltzaile aizkoradunaren polizia ikerketaz egunkarietan irakurtzen zuen bitartean idatzi zuen eleberria; aizkolari odoltsuak 40 emakume hil zituela aitortu zuen. Hughesen ausardiaren erakusle ere bada kontakizunari erantsi zion ezohiko kutsu feminista, batez ere emakumezko bi protagonisten bitartez: Sylvia eta Laurel—Rayren filmean joera feminista ez da hain nabaria—. Brub Nicolai poliziaren emaztea da Sylvia. Psikologoa da, eta Dix estreinakoz ikustean ohartzen da bere asalduraz: «Psikologoa naiz eta barruan dagoena deskubritzen dut». Indartsua eta azkarra da, zirt edo zartekoa, baita emakume erakargarria ere, Dixek harekin amestu arte. «Emakume gehiegi ziren batera», dio. Laurel auzokidea, ostera, segurua eta handizalea da, Dixen parekoa. «Dinamita da».

Dix eta Laurel maitemindu egingo dira, eta, kontakizunak aurrera egin ahala, erlazioa tentsio elementu bihurtuko da; harreman horren inguruan ardazten da, hain justu, Rayren lana. Bogart Dixen azalean sartzen da, eta Grahamek Laurelen antzezpen liluragarria egiten du. Filmaren beste ezaugarri bat da Dixen erruduntasuna ez dela liburuan bezain agerikoa, irakurleak lehenengo orrialdetik baitaki Dix hiltzaile eria dela.

Horren guztiaren ondorioz, Hughesek bere literatur ibilbidean jauzi nabarmena egiten du polizia nobelatik thrillerera. Horretarako, askotariko bitartekoak erabili zituen: oso prosa poetikoa, Alemaniako espresionismotik hartutako irudiak, Frantziako errealismo poetikoa eta existentzialismoa. Begirada Europan jarri zuen noir estiloko autore estatubatuar bikain, aurrerakoi eta ezezaguna izan zen Hughes. Gatopardo argitaletxeak argitaratu berri du In A Lonely Place liburuaren gaztelaniazko bertsioa, eta iaz atera zuten frantsesezkoa, Un homme dans la brume izenpean —euskaraz ez dago gaurdaino—. AEBetako Misterio Idazleen Elkarteak Grand Master saria eman zion 1978an Hughesi. Aitorpen txikiegia itzal handiko emakume eta autore batentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.