Literatura

Hilean bizian ez bezala

H. P. Lovecraften narraziogintza, imajinazio ilun eta zirraragarri baten fruitu ez ezik, kontalari bikain baten lana ere bada. Alabaina, ez zuen batere estimaziorik izan bizi izan zen artean.

Howard Phillips Lovecraft idazlea, 1934ko irudi batean. LUCIAN BERT TRUESDALE.
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Giza emoziorik zahar eta bortitzena izua da, eta izurik zahar eta bortitzena ezezagunaren izua da». Hitz horiek Howard Phillips Lovecraftek idatziak dira, eta arrunt aproposak bere fikzioaren barrenak laburbiltzeko. Beldurrezko literaturaren (edo, behinik behin, literaturaren beldurrezko generoaren) aitzindari eta maisutzat jotzen da ia unibertsalki, eta ez alferrik, ezen bere bizitza laburrean idatzitako narrazioek, haietan irarritako iruditeriak eta bere obra guztia biltzen duen mitologia propioak mundu zabalean izan dute eragina, berealdikoa izan dena literaturan eta beldurrezko fikzioan, noski, baina hain dagoena bazter oro barreiatua, goitik behera blaitu baitu azken hamarkadetako pop kultura. Ordea, hil ondoko aparraldiak ia neurri bereko esker txarra izan zuen egilearen beraren bizialdian: gazterik zendu zen, pobrezia gorriaren nekepean, eta inor gutxik ezagutzen zuela, salbu eta haren inguruko batzuen batzuek.

Lovecraften figurak bere literaturatik aterea dirudi. XIX. mendearen kondarretan jaio zen, gain behera etorritako familia estatubatuar aberats batean, eta ezagun du pentsamoldez ez zela XX. mendean sartu; haren arrazakeria eta xenofobia, zenbaitek protofaxistatzat jo izan duten arren, gehiago ziren aurreko mendeko absolutismo zapuztuen hondakin. Hain justu, fosilek eta zaharkinek zeharo liluratuta zeukaten Lovecraft, eta zaletasun hori (XIX. mendea ezaugarritu zuen zientifismoaren puriak zipriztindurik) nabaria da haren fikzio osoan. Gaixotia eta tristea izan zen ume-umetatik, eta barrenkoia, idatziaren idatziz imajinazioaren zoko-mokoak esploratu zalea, irudimena bere-berea zuen ilunantz batera itzulirik. Idazketari emana bizi zen arren, ez zuen batere arrakastarik ezagutu bizi zen artean; irauteko adina ere ez zuen lortzen bere idazlanetatik, eta familiaren fortuna galbideratua areago mehetuz atera zuen bizimodua, narrazioak pulp aldizkari txikietan argitaratzen, bolada betean baitzeuden garai hartan. Weird fiction (fikzio arraroa) etiketan gutxietsia, kritikak erreparatu ere gabea eta aldizkari ziztrinen artean ahaztua geratuko zatekeen Lovecraft, non eta haren miresleek, Lovecraft Zirkulua osatzen zuten akolito urriek, haren idatziak erreskatatu, editatu eta zabaltzeko lanak hartu izan ez balituzte. Eskuz idatziak mekanografiatu ere egin behar izaten zizkioten tarteka, Lovecraftek, ezaxola, bertan behera uzten zituelako.

Alkimia partikular bat

Naturaz gaindiko fikzioa esan ohi zaie Lovecraften lanei, eta hainbat osagairen alkimia partikular bat dute lehengai: okultismoa, kultu ilun eta antzinakoak, eromenak, misterio zientifikoak, eldarnioak, aurkikuntza arkeologiko aztoragarriak, sukarraldiak, eonak baino zaharragoak diren izaki mitologiko izugarri eta konprenigaitzak... Lovecraften kontakizun baten narratzaile tipikoa zientzialari bat izaten da, edo arrazoimenari atxikitako pertsona bat bederen, kolpetik topo egiten duena zientziaren eta arrazoiaren zimenduak azpikoz gora iraultzen dituen fenomeno esplikaezin bezain ukaezin batekin. Pertsonaiak kontatzen digun istorioa aurkikuntza horretara iritsi arteko bidea izaten da; misterioa arrazoiaren argitan konprenitu nahirik egiten du aurrera istorioan, naturaz gaindikoaren ukazio erabatekoan. Izugarrikeriak, ordea, bete-betean harrapatzen du, eta, begien bistan duena eta arrazoimenak esaten diona bateratu ezinik, burua galtzen du. Shockaren eta izugarrikeriaren esperientziaren ondoko traumak taxutzen ditu pertsonaiok, arrazoiaren kontraesan ezinezkoak asimilatu ezin eta «eromena» beste biderik ez baitute aurkitzen. Eskema horrek hainbat forma, argumentu eta lanketa izaten ditu narrazio batetik bestera, baina, eraldatuta ere, Lovecraften izuak, «ezezagunaren izu» horrek, ia beti hartzen du, nola edo hala, izugarrikeriak hondatutako arrazoimen higatuaren forma.

Hain baitira biziak eta durduzagarriak Lovecraften imajinazio ikaragarriaren fruituak, aise ahatz daiteke kontalari aparta ere badela. Kontzientzia eta doitasun handiz erabiltzen ditu lehen pertsonako narratzaileak, hainbat modutara: esate baterako, misterioren bat argitzeko bidean pertsonaiak duen ikuspuntu mugatua baliatuz, edo nozitu duen traumak kontaketan zer eragin daukan esploratuz, esperientzia hori kontatu nahi eta ezinean. Baliabide horiek guztiak aprobetxatzen ditu tramaren erritmoa suspense ia itogarri batera egokitzeko: istorioa girotze estrainio eta beldurgarrietan laketzen eta berantesten da, eta narratzaileak atergabe geroratzen du izugarrikeria lehertzearen katarsi morbosoa, zeinaren esperoan murgiltzen baita irakurlea narrazioak suspensea luzatu ahala. Estiloak berak ere efektu hori elikatzea du helburu: idazkera ia artifizialki hanpatu bat erabiltzen du (arkaismorako joera ere baduena, gainera) suspensearen ezinbesteko makulu modura, tonua ilundu eta girotzea areago zamatzeko.

Horren guztiaren adibide perfektua da Lovecraftek euskaratua duen lan bakarra, Eromenaren mendietan nobela. Istorioak Antartikako paraje gupidagabe eta onirikoetako espedizio zientifiko bat kontatzen du; han gertatutako zorigaitz ikaragarri baten berri ematea da narratzailearen intentzioa, hartara beste inor ez dadin bertaratzen saiatu, hain direnez ikaragarriak Antartikaren sakonean aurkitutakoak. Gaurko egunean, Eromenaren mendietan Lovecraften lanik biribilenetakotzat jotzen da, baina argitaratu zenean harrera gaitza izan zuen oso. 1936a zen, eta urtebete falta zen idazlea hiltzeko. Lovecraftek berak zera esan zuen liburuaz, izandako erantzun eskasagatik lur jota: «Beste ezerk baino gehiago lagundu du nire idazle karrerarenak egin dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.