Tin-tin egiten, hardcore garaietan

'Strum & Thrum' bilduma argitaratu dute: AEBetako 1980ko hamarkadako hardcore eztandaren itzalpean loratu zen tokiko pop eszenako doinuak bildu dituzte LP bikoitzean

Diskoaren azaleko irudian, Riff Doctors taldeko kideak. 'STRUM & THRUM' BILDUMA.
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
New Yorkeko Brooklyn auzoan kokatutako Captured Tracks diskoetxeak Strum & Thrum: The American Jangle Underground 1983-1987 izenburuko bilduma plazaratu du. LP bikoitzean argitaratua, Excavations seriearen lehen erreferentzia da. 1980ko hamarkadan AEBetan gertatutako hardcore eztandaren itzalpean loratutako tokiko pop eszena sekretuaren 28 protagonista biltzen ditu. REM taldearen soinu eta jarrerei jarraiki, taldeon diskoek unibertsitateetako irratietan aurkitu zuten lekua. Aditu batzuek 2020ko bilduma onena izendatu dute, jasotako kantuen maila izugarria baita: gitarra dirdiratsuekin apaindutako pop doinu melodikoak maite dituztenen belarrientzako kabiarra.

Era berean, 1990eko hamarkadan egonkortu zen indie-rockaren edo rock alternatiboaren hazia ere erein zuten ibilbide laburreko taldeok, baina, grungearen eraginez batik bat, diskoetxe handiek haien agendetatik ezabatu zituzten —1991an, REMek Out Of Time kaleratu zuen Warner Bros. konpainia handiaren markapean, eta Nirvanaren Nevermind diskoak merkatu globalaren zutabeak arrakalatu zituen—. Bildutako bandak, halaber, oso bertakoak ziren, eta AEBetako musika independentearen historiako zulo beltz batean galdu ziren, Captured Tracksek erreskatatu dituen arte. 80 orrialdeko liburu mardul batekin dator bilduma, argazkiz josia eta taldekide ohien hitzekin zein Captured Tracks diskoetxeko arduradun Mike Sniperren sarrera mamitsuarekin osatua.

Hala, konpilazioa hutsune historiko hori betetzera dator, taldeon lana ez baita behar bezala jaso, ezta erregistratu ere. Batetik, AEBetako lurraldea handiegia zelako eta taldeon jarduteko eremua oso tokikoa zelako —unibertsitateetako irratien eta fanzineen laguntza baino ez zuten—; eta bestetik, AEBetan ez zelako pop-rock independentearen inguruan diskoetxe sendorik errotu, Erresuma Batuan edo Zeelanda Berrian gertatu bezala, tartean, Creation, Postcard, Sarah eta Flying Nun.

Sei soken txin-txina

Diskoaren azalak ezin hobe laburbiltzen du bildumaren esentzia; hots, AEBetako hardcorearen inguruan hedatutako Do It Yourself (DIY) sarearen babesean jaiotako pop kutsuko tokiko banden lurrazpiko kontakizun misteriotsua. Hala, karpetaren argazkiak sinbolo anitz ezkutatzen ditu: hardcore areto txiki batean —atzeko horman Flipper taldearen logoa ikusten da—, punk-rock manerak erakusten dituen taldeko gitarra jotzailea saltoka ari da; sasoiko fanzine bateko irudia dirudi. «Nire lehen taldea garage eta jangle estilokoa zen, eta Circle Jerksekin jo zuen. Erabat normala zen. Guztiok partekatzen genuen ezaugarria DIY kontua zen», Washington DCko Holiday taldeko Lynn Blakeyren hitzak dira. Holiday taldearen Change kantua entzun daiteke bilduman, emakumezko ahotsak gidatutako doinu gitarra zalea.

Brinkoka ari den musikariak, baina, Rickenbacker gitarra bat du eskuetan, hardcore soinu gihartsutik erabat urrun dagoena, besteak beste, 1960ko hamarkadan, The Byrds taldeak ezagun egin zuen gitarra marka. Gauza bera gertatzen da bigarren mailan agertzen den gitarra jotzailearekin, zeinak Danelectro bat jotzen duen. Rickenbacker gitarra jangle pop estiloarekin lotu da; hau da, tin-tin egiten duen soinu garbiago batekin. Gitarra hori, nola ez, REM taldeko soinuaren ezaugarri nagusi bihurtu zuen Peter Buckek, eta Paisley Underground eszena txikian ere oso ohikoa zen (The Dream Syndicate, Rain Parade, Bangles...).

Athens hiriko talde arrakastatsua eta Los Angelesko leherketa psikodelikoa Strum & Thrum-eko taldeon influentzia handienak izan ziren, Erresuma Batuko eta AEBetako post punk taldeekin batera: Gang Of Four, Wire, Minutemen eta Hüsker Dü, besteak beste. Eragin britainiarra, hain zuzen, nabarmena da bildumako hainbat taldetan. Absolute Gray taldeko Pat Thomas musikariaren banda kutuna Echo & The Bunnymen zen, eta A New Personality taldeko kideek Joy Divisionen eta Gang Of Fourren soinua imitatu nahi zuten, baina ezinezkoa zitzaien; hortaz, Orange Juice taldearen proposamenari heldu zioten. «Gure eragin handienak talde ingelesak ziren, baina Strum & Thrum entzun ondoren, esango nuke talde askori REM gustatzen zitzaiela», A New Personalityko taldekide ohi Brent Rademakerren hitzetan.

Emakumeen presentzia

Azaleko potretarekin jarraituz, Danelectroa jotzen duen musikaria eta bateria emakumeak dira. Hardcore mugimenduan ez bezala, zeina nagusiki gizonek sortu eta sustatu zuten, jangle pop estiloko taldeotan emakume askok parte hartu zuten. «Ahalik eta emakume gehien sartzen saiatu ginen, eta onena izan zen ez genuela bestelako ahaleginik egin, emakumeak beti izan baitira eszena horren parte. Zure unibertsitateko rock-talde handi eta ergelak ez ziren horrelakoak, guztiak gizonezkoak baitziren. Eszena honetan hardcorean baino emakume gehiago zegoen», dio Mike Sniperrek.

Emakumeen parte hartzeari buruz hardcore eszenan, Holiday taldeko Lynn Blakeyren berbak argigarriak dira: «Garai hartan emakumezko lagun asko nituen taldeetan. Adiskidetasun handia zegoen, baina hasieran ez genuen hori pentsatzen: 'Hau zoragarria da, emakume gehiago ariko dira taldeetan jotzen, eta beharko lukete', gogoetatzen nuen, baina ez zen horrelakorik gertatu. Harritzen nau hainbeste denbora igaro izanak ordezkaritza gehiago lortzeko. Hardcorea hain zen liskartsua; banda asko gustatzen zitzaizkidan, baina oso matxista zen niretzat».

Bildumako emakume batzuk aipatzearren, neskaz osatutako Salem 66 taldea; 28th Dayko Barbara Manning; The Cycloneseko Donna Esposito; edo lan bikoitzaren azal zoragarria betetzen duen argazkiko taldea, Riff Doctors. New Jerseyko laukoteak, bi neska eta bi mutil, bi doinuko single bakarra eta sei kantuko kasetea baino ez zituen argitaratu, 1983tik 1985era. Donna Esposito taldekidea, halaber, Cyclones taldean aritu zen 1981etik 1983ra; single bat eta EP bat plazaratu zituzten. Strum & Thrum konpilazioan Cyclonesen I'm in Heaven eta Riff Doctorsen Say Goodbye jaso dituzte; biak ala biak gitarra akustiko eta elektrikoekin eta emakumezko ahots goxoekin jantzitako pop harribitxi ezkutuak dira. Gainerako 26 abestiak maila berekoak dira, 2020ko bilduma interesgarrienetarikoa osatu arte.

Ezbairik gabe, disko arkeologiako lan aparta egin du Captured Tracksek diskoetxeak Excavations seriea pizteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.