Musika

Argia, argitara eman nahi izan ez zutenari

Anthony Moore musikari ingelesak 1976an grabatu zuen 'Out', pop eta rock dotorez gainezka egiten duen diskoa. Virginek ez zuen kaleratu nahi izan, eta 45 urte igaro behar izan dira behar bezala argitaratzeko.

Anthony Moore, 1970eko hamarkadan. BERRIA.
mikel lizarralde
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Ia mende erdi bat behar izan du bere lekua bereganatzeko. Anthony Moore musikari ingelesak (Londres, 1948) 1976an argitaratu behar zuen Out bere laugarren diskoa zena, baina Virgin diskoetxeak ez zion ezaugarri komertzial askorik aurkitu, eta tiradera batean gordeta gelditu zen grabazio hura. Ondorioz, Drag City zigiluak orain berrargitaratu izana albiste bikaina gertatu da 1970eko hamarkadako rock eta pop britainiar interesgarrienaren zaleentzat.

Gaur egun bere izena publiko orokorrarentzat nahiko ezezaguna den arren, Moore bazen nor urte haietan rock esperimentalaren eta abangoardiaren esparruan. Londrestik Hanburgora lekualdatuta, minimalismoari eta esperimentalismoari lotutako bi disko grabatu zituen 70eko hamarkadaren hasieran, eta segidan Slapp Happy alemaniar-britainiar proiektu bitxiko kide izan zen 1972 eta 1975 bitartean, Dagmar Krauserekin eta Peter Blegvadekin batera.

Slapp Happy anomalia bat izan zen urte haietan, rock progresiboa, pop bizi eta arina, kabaret kutsua nahiz free rocka uztartu zituena, eta bi diskotan bildu zituen pareko gutxi dituen kantu sorta bat. Gainera, urte haietan Slapp Happyk Henry Cowrekin ere kolaboratu zuen, rock progresiboaren aldaera berritzaileenen ordezkari izan zenarekin. Bi disko, Desperate Straights eta In Praise of Learning, biak 1975ean argitaratuak, izan ziren elkarlan haren emaitza.

[youtube]https://youtu.be/XN6UYcG-DMU[/youtube]

Ondorioz, 1970eko hamarkadaren erdialdean, Slapp Happyren abentura amaituta zegoela ikusita —Krause Henry Cown gelditu zen—, Moorek bakarkako bideari ekitea erabaki zuen, aurreko urteetan ikasitako guztiari muzin egin gabe, pop formatuko kantuetan zentratzeko gogoz. Horretarako, hainbat lagun eta garaiko musika britainiarraren izen handi bildu zituen inguruan; Blegvad bera, Kevin Ayers, Andy Summers —The Police taldean sartu baino pixka bat lehenago— Barry de Souza —Lou Reeden Transformer-en parte hartutakoa—, eta Londresko Abbey Road estudio mitikoetan sartu ziren denak. Era berean, Virgin zigiluarekin akordioa lortu zuen Moorek, eta diskoetxeak berak hainbat lan egin zituen diskoaren alde. Esaterako, azala Pink Floydentzat lan egiten zuen Hipgnosis talde ezagunari eskatu zion, eta single bat ere kaleratu zuen 1976aren hasieran: Johnny's Dead.

[youtube]https://youtu.be/wn7TaLZnOJY[/youtube]

Lehentasunetatik kanpo

Halako batean, ordea, Virginen barne egituran aldaketa batzuk izan ziren, eta Mooreren diskoa lehentasunetatik kanpo gelditu zen. Gaur egun ere, Moorek ere ez du oso ondo ulertzen zer gertatu zen: «Ez daukat erantzunik. Ez dakit zergatik utzi zuten bertan behera % 95ean amaituta zegoen proiektu bat. Azken batean, diskoa egiten ahalegindu ziren, eta bat-batean, ez zuten nahi». Gainera, gaur egun ulertzeko zaila bada ere, azala Tokiora bidali zuten, han galdu egin zen, eta, ondorioz, portadarik eta diskoa argitaratu nahiko zuen zigilurik gabe gelditu zen Moore.

Moorek jarraitu zuen lanean eta diskoak kaleratzen, harik eta 1990eko hamarkadaren amaieran Out CD formatuan eta aurreikusita ez zegoen azal batekin argitaratu zuten arte. Joan den urtearen amaieran ikusi zuen argia, ordea, Out-ek jatorrian zuen itxurarekin. Hipgnosisen azala berreskuratu dute —Mooreren jarraitzaile japoniar baten bitartez—, eta Drag City zigiluak biniloan kaleratu du.

Grabatu eta 45 urtera, Out-ek ez du galdu bere garaian zuen xarmaren parterik txikiena ere. Ez da zaila bere hamabi piezetan Ayersen dotorezia jostaria antzematea (Wrong Again), John Cale garai haietan grabatzen ari zen lanekiko loturak ere egin litezke lasai asko (A Thousand Ships), eta lausoagoak badira ere, Brian Enoren eta Robert Wyatten poperako hurbilketen arrastoak ere nabari daitezke kantuotan. Erreferentziek, nolanahi ere, ez dute bihurtzen Out beste artista batzuen lanen kopia hutsa, eta, aitzitik, balio dute disko orain arte ia ezezagun hau bere testuinguru eta garaian kokatzeko. Moorek berak aitortu du sasoi «nostalgiko batean» zegoela diskoa grabatu zuenean, eta horrek ere eragina izan zuela Out-en soinu leun eta iradokitzailean. «Nekatuta nengoen, baina pozik eta malenkoniatsu...».

[youtube]https://youtu.be/2GJyfAq_VXU[/youtube]

Oraindik artista oso ezaguna ez izan arren, Moorek ibilbide aipagarria egin du 1976tik hona. Bakarkako hainbat disko argitaratu ditu, baita soinu bandak ere, eta, gainera, Slapp Happyren berrelkartze batzuetan parte hartzeaz gain, 1987az geroztik Pink Floydek grabatu dituen disko batzuetan ere izan da. Hala, A Momentary Lapse of Reason (1987) eta The Division Bell-en jotzeaz gain, bi lan horien hainbat pieza idazten ere lagundu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.