Literatura

Justukoarekin, nahikoa

Augusto Monterroso idazleak erakutsi zuen esnatu zenean dinosauroa hor zegoela oraindik. Lerro oso gutxitan unibertso ugari pitz daitezkeela. Asteartean da mende bat jaio zela.

Augusto Monterroso Hondurasen jaio zen; Guatemalan igaro zuen gaztaroa, eta Mexikon biziaren zatirik handiena. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Egia da —esan zuen gizonak neguko gau hartan, supazterreko garretatik begiratua aldendu gabe—; Paradisuan badira adiskideak, musika, liburu zenbait; Zerura joatearen alde txar bakarra zera da, handik ez dela zerurik ikusten». Paradisu akastuna deituriko narrazio txiki baina oso hori aski izan daiteke Augusto Monterrosoren unibertso literario guztia arakatzeko. Laburtasuna, zehaztasuna, umorea, argitasuna, esan gabekoaren garrantzia. Ahalik eta gehien, ahalik eta gutxienarekin. Narrazio laburraren maisu bezala igaro da literaturaren historiara idazlea, eta halakoa izan zen osatu zuen obra ere, justukoa autore handienen artean egoteko. Nahikoa, ordea, hainbat kritikarik esateko kontakizun laburren generoa eraldatu zuela. Lerro bat, koma bat, puntua, eta mundura zabalduko zuen bere izena inoiz idatzi den ipuinik motzenetako batekin: «Esnatu zenean, dinosauroa hantxe kieto zegoen artean». Haren jaiotzatik mende bat beteko da etzi.

Ez dira urriak erbesteak markatuta idatzi duten idazleak, eta horien arteko bat da Monterroso ere. 1921ean jaio zen, Tegucigalpan, Hondurasen. Hangoa zuen ama —Amelia Bonilla—, eta Guatelamakoa aita —Vicente Monterroso—. Han hazi zen bera ere—«bere aberritzat» zuen—, eta gogoan hartu ohi zituen sarri gaztaroan han bizitakoak besteak beste, Jorge Ubico diktadorearen erregimena eta haren aurkako mugimendua gertutik ezagutu baitzituen. «Urte haiek eragin zuzena izan zuten nire pentsaeran eta orainari erantzuteko garatu dudan moduan», adieraziko zuen urteetara. Espetxeratu egin zuten diktadorearen kontra aktiboki jardutean, baina ihes egitea lortu eta Mexikora lekualdatu zen—Guatemalako 1944ko Urriko Iraultzaren ondotik, hango kontsulatuak postu bat eskaini zion Mexikon—, eta han igaro zuen harrezkero bizialdia, Txilen igarotako hiru urteak aparte. Bihotzekoak jota hil zen, 2003an.

Ezagun zitzaion zorroztasuna eta ironia agerian, erbesteratuaren kondizioa idazle orok baliatu beharreko zerbait zela utzi zuen idatzita: «Erbestea latza da nekazarientzat, fabriketako langileentzat. Baina ez idazle batentzat; batek beti topatuko du aurrera egiteko modua. Hori da diktadoreek literaturaren alde egin duten gauzarik onena. Idazle guztiak atera beharko lirateke dauden lekuetatik. Cervantesek oso ongi ulertu zuen, eta begira noraino heldu zen».

Aktibismo politikoa eta idazketa literarioa eremu bereizitzat jotzen zituen beti: «Haserrea ez da ipuin batean erakutsi behar».

«Perfekzio diskretua»

Nobela bakar bat, fabulak eta hamaika istorio labur idatzi zituen, batez ere, Monterrosok. Lehen liburua 30 urterekin argitaratu zuen, Obra guztiak eta beste ipuin batzuk, eta Latinoamerikako narrazio laburren tradiziotik segitu arren, bestelako bide bat hartzera zihoala erakutsi zuen:errealismo magikoaren adierazpideetatik urrunago, umore beltzaren, satiraren eta ironiaren formetatik hurbilago. Hamarkada batera argitaratu zuen Ardi beltza eta bestelako fabulak, eta jarraian helduko ziren Betiereko mugimendua (1972) testu bilduma, Gainontzekoa isiltasuna da (1978) eleberria, Hitz magikoa (1983), E letra. Eguneroko baten pasarteak (1987) eta elkarrizketetako puskekin osatutako Fabularen muinerako bidaia (1999), gehiagoren artean.

Gizakiaren gorabeherak, desirak, porrotak... gai ugariri buruz, eta askotan animalien bitartez, ari da haren literatura. Lehen begi kolpean soilak iruditu arren haren idatziak, eremu sakonetara hurbiltzeko lekua uzten zuen beti. Nahi izatera. Narrazio laburren interpretazioak «infinituak» zirela defendatzen baitzuen, «unibertsoa bera den bezala».

«Haren fabulak, ipuinak, saiakerak egonarriz landutako diamanteak dira, perfekzio diskretu bateko testu harrigarriak, zeintzuek ez duten moralizatzeko inongo asmorik», idatzi zuen Victor Manuel Ramos Hondurasko egileak, Monterrosok eremu zedarrituan kontzientzia handiko lan bat egin zuela azpimarratuz, soilik behar-beharrezko hitzak baliatuz. Berretsi ohi zuen hori Monterrosok ere; narrazio batean esan gabekoa esandakoa bezain inportantea zela aldarrikatu zuen, ez bazen inportanteagoa: «Idazketa ere bada idatzi gabe gelditzen dena».

Euskaraz haren lan gutxi daude irakurgai. Daudenak Gerardo Markuletak ekarri zituen 1995ean, Istorio hiperlaburrak (Erein) liburuxkan; han daude haren Dinosauruarena eta beste bost kontakizun motz-motz, Mario Benedetti, Eduardo Galeano eta Julio Cortazarren testu motz-motzenetako batzuekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.