Dirdira iluntasunean

Folkaren eta pop barrokoaren artean mugitzen diren kantuen bitartez, Weyes Bloodek gaur egungo ajeetan arakatu du 'And In The Darkness, Hearts Aglow' diskoan.

Titanic Rising diskoan abiatutako bidean segitzen du Weyes Blood-ek disko berrian. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Weyes Bloodek—Natalie Mering (Santa Monica, AEB, 1988)— orain dela hiru urte argitaratutako Titanic Rising diskoaren norabidean arakatzen segitzen du. Lan hark munduak hartutako bideari erreparatzen zion, kezka azalduz eta hondamendi posibleez hitz eginez. Orduan ezin zuen jakin, baina Meringek berehala egin zuen topo beste hondamendi batekin, kasu horretan koronabirus eta konfinamendu formarekin, eta horrek guztiak forma eman dio And In The Darkness, Hearts Aglow (Eta iluntasunean, bihotzek dir-dir egiten dute) disko berriari.

Musikari estatubatuarraren bosgarren diskoa —2011n estreinatu zen The Outside Room-ekin—, bakartzeari, teknologia berriek ezartzen dituzten oztopoei eta giza harremanei buruzko tratatu bat delako neurri handi batean. «Pandemiaren aurretik ere, bakartze arazo handi bati aurre egin behar genion», azaldu du musikariak. «Uste dut teknologia eta giza sarearen desegitea arazo handi bat bilakatzen ari zirela. Gero pandemia iritsi zen, eta sutara gasolina gehiago botatzea izan zen».

Hasieran Weyes Bloodek halako asmorik ez bazuen ere, And In The Darkness, Hearts Aglow trilogia baten bigarren parte bilakatu da azkenean. Diskoko kantuak egiten hasi zenean ohartu zen Titanic Rising-i segitu behar ziola lan berriak. «Konturatu nintzen Titanic Rising-en bota nuen guztiaren ondorioetan arakatu behar nuela, baina irtenbiderik eman gabe». Eta hortik trilogia bat osatzeko ideia. «Oraintxe bertan trilogiako hirugarren partea bai irudikatzen dut garai hobeak etor daitezkeen ideiarekin lotua, baina ikusi beharko dugu zer gertatzen den hurrengo diskoan».

And In The Darkness, Hearts Aglow disko ezkortzat har liteke zenbait momentutan —«esaten dute okerrena gertatu dela, baina uste dut okerrena iristeko dagoela», esaten du The Worst is Done kantuan—, baina izenburuak erakusten duen moduan, argiari eta dirdirari ere lekua egiten die: «Mundu osoa erortzen ari da; dantza gaitezen hondarretan. Nire bihotza argituko duen norbaiten zain egon naizelako (Hearts Aglow).

Zentzumenentzako doinuak

Disko barnerakoia da Weyes Blooden azkena, musikari eta kantuei garatzeko denbora ematen diena —sei minututik gorakoak dira horietako zenbait—, entzulearen zentzumenei begiratzen diena. Tempo ertaineko piezak dira, konponketa klasiko bezain dotoreen laguntzarekin, haziz doazenak. It's Not Just Me, It's Everybody lehenengo kantuak bidea markatzen du. Artistak «ereserki budista» gisa definitu duen pieza pianoarekin eta ahotsarekin hasten da, baina, berehala, 1970eko hamarkadako popa gogora ekartzen duten hari konponketek gora eramaten dute kantua. Berdin gertatzen da Children of The Empire-rekin eta bere ahots harmoniekin, tubekin eta txaloekin.

Bi kantu horiek, baina baita gerora datozen beste batzuek ere (Grapevine), argi erakusten dute zergatik alderatu izan duten Weyes Blood 1960ko eta 1970eko hamarkaden bitartean Hollywoodeko Lauren Canyon auzoan mamitu zen folk eta pop mugimenduko ordezkari batzuekin eta The Carpenters gisa pop-folk talde goxoekin. Meringen ahotsak berak Karen Carpenterren eta Joni Mitchellen oihartzunak dakartza.

Badira, nolanahi ere, diskoa gaur egungoa dela adierazten duten zeinuak ere; hala nola God Turn Me Into a Flower etereoaren sintetizadore oinarria, Twin Flame-ren erritmo garaikideak, eta The Worst is Done biziaren pop metrika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.