Netflixen sasoiko xake matea

'The Queen's Gambit' da Netflixen ikusle gehien lortu dituen telesail laburra: 62 milioi etxetan baino gehiagotan hasi dira ikusten. Emakumezko xake jokalari baten istorioa da, eta xakeko liburuen salmenta hazi egin da.

CORTESÍA / EFE.
urtzi urkizu
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Institutuko neska bat, umezurtza eta munduko gorabeherekin hasiberria, askoz helduagoak diren gizon harroputzak garaitzen. Nahiko erraz irabazten die jokoan, txapelketa batetik bestera—errusiarrak bidean topatu arte—. Edozein kirol, joko edo zereginetan erakargarria litzateke abiapuntu hori fikzio batean. The Queen's Gambit telesailaren—zazpi atal ditu— kasuan, xakea da jokoa. Xake partiden emozioa dotoreziaz agerrarazten du telesailak. Eta udazkeneko fenomenoa bilakatu da. Datuek hala diote: Netflixek esan du —gutxitan ematen ditu halako datuak— telesail labur hori dela plataforman inoiz ikusle gehien izan dituena. 62 milioi etxetan baino gehiagotan ikusi dute fikzioa.

Datu hori soilik lehen hilabetekoa da, urriaren 23tik azaroaren 23ra artekoa. Milioi askoz gehiago dira gaur egun; izan ere, 63 herrialdetan iritsi da telesaila Netflixeko edukien zerrendako lehen postura —tartean, Euskal Herriko bi merkatuak—. Eta, orotara, 92 herrialdetan sartu da lehen hamarren zerrendan.

The Queen's Gambit izen bereko eleberri batean dago oinarrituta. Walter Tevis AEBetako idazlearen eleberria 1983an argitaratu zuten. Jesse Kornbluth gidoiari dagozkion eskubideak erosi zituen, pelikula bat egiteko asmotan. Baina Tevis hil egin zen, 1984an, eskubideak beste estudio baten esku geratu ziren, eta diru faltak galarazi egin zuen filma egitea. 1992an, Allan Scott gidoilariak erosi zituen gidoirako eskubideak, baina beste saiakerek ere ez zuten aurrera egin.

Scott Frank izan da Netflixeko telesaila idatzi eta zuzendu duena, eta bera da ekoizle eragilea ere. Beth Harmon xake jokalariaren pertsonaia protagonista, bestalde, Anya Tailor-Joy aktoreak hezurmamitzen du. «Emakume inteligenteen aldeko adierazpen bat da istorioa», esan zuen eleberriko idazleak bere garaian. Istorio feminista bat da, eta baditu gizatasunez beteriko osagaiak ere. Pertsonaia protagonista, droga mendekotasuna, bakardadea eta heriotza tarteko, ohartuko da bizitza zeinen hauskorra izan daitekeen arrakastaren eztia horren gazte dastatzean.

Pantailetatik harago

Ikus-entzunezko fikzio bat fenomeno bilakatzen denean, ondorioak beste eremu batzuetara zabaltzen dira. Oroitu besterik ez dago iaz Skyren eta HBOren Chernobyl telesailarekin gertatu zena: izandako arrakastaren eraginez, zentral nuklearraren ingurura egindako bisiten eskaria nabarmen hazi zen. Eta Joxean Apeztegia BERRIAko infografistak Txernobylgo sarkofagoaz egindako infografiak milioi bat bisita izan zituen Wikipedian.

Udazken honetan, xakea jarri du boladan The Queen's Gambit-ek. Nielsen enpresaren azterketa baten arabera, telesaila estreinatu zen astean, 1.850 milioi minutuko ikustaldiak izan zituen. Orduz geroztik, hazi egin da xakearekiko zaletasuna zenbait herrialdetan. NPD aholkularitza enpresak jakinarazi duenez, Ameriketako Estatu Batuetan xake estrategiako liburuen salmentak %603 ugaritu dira, eta xake taulak %87 gehiago saldu dira telesaila estreinatu zenetik. Xakea jokatzeari buruzko bilaketak sarean ez dira inoiz hain ugariak izan azkeneko hamarkadan. Chess 24 webaren gaztelaniazko bertsioaren arduradun David Martinezek azaldu duenez, dituzten ordainpeko harpidetzak %200 ugaritu dira. Ildo beretik, Chess.com webguneko zuzendari Nick Bartonek CNN katean esan du kultur fenomenoa gertatzen ari dela. 2020ko udazkenekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.