XXI. menderako aieneak

Beth Gibbons Portishead taldeko abeslariak berriz interpretatu du Henryk Gorecki konpositore poloniarraren 'Hirugarren Sinfonia', 1976an orkestra eta soprano batentzat idatzia.

Beth Gibbons, 2014an eman zuen kontzertuaren entsegu batean. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Portisheaden laugarren diskoa inoiz iristen ez dela, eta Geoff Barrow soinu bandak idaztera eta Beak proiektura bideratuta dagoen honetan, Beth Gibbons kantariaren itzulera erabateko ezustekotzat har liteke. Ez da gutxiagorako. Portisheaden hirugarren eta (oraingoz) azken estudioko diskoa, Third, duela 11 urte argitaratu zuten, eta geroztik High-Rise filmerako Abba-ren S.O.S. kantuaren bertsio bat besterik ez du grabatu Gibbonsek. Horregatik, ezinbestean hartu behar da ezustekotzat pop musikak inoiz eman duen ahotsik ederrenetako baten itzulera; are gehiago popetik eta ezagun egin zuen trip-hop zinematografikotik urrundu, eta Henryk Gorecki konpositore poloniarraren (1933-2010) obra sinfoniko baten babesean bueltatzen bada: Symphony Nº 3.

Hain zuzen ere, 2014ko azaroaren 29an Varsoviako Operaren Antzokian eman zuten kontzertua jasotzen du diskoak. Han bildu ziren, Gibbonsekin batera, Polish National Radio Symphony Orchestra, eta Krzystof Penderecki horren buru. Gibbonsek berak azaldu duenez, Portisheadek Krakoviako (Polonia) Sacrum Profanum Festivalen emandako kontzertu batean sortu zitzaion Goreckiren obra interpretatzeko aukera. Filip Berkowicz jaialdiaren sustatzaileak proposatu zion Goreckik 1976an idatzitako lan ezaguna zuzenean abestea, eta Gibbonsek ahotsa erregistro ezberdin batean probatzeko ariketa gisa hartu zuen eskaintza. Izan ere, hala Portisheaden diskoetan nola Rustin Manekin 2002an argitaratu zuen disko bakarrean (Out of Season), Gibbonsek kantari bikaina dela erakutsi du, baina Goreckiren sinfoniak ahotsaren lanketan pauso bat aurrerago egiteko balio behar zion.

Goreckik soprano batek kanta zezan idatzi zuen 3. SinfoniaAieneen sinfonia izenburuarekin ere ezagutzen da—, eta Gibbonsen ahotsaren tesitura ez denez hori, Portisheadeko kantariak giroekin eta musikaren ehundurekin esperimentatu nahi izan zuen, bere ahotsari ere aukera emanez urratu gabeko eremuetara iristeko. Kantu eskolak jaso zituen, Goreckiren lanak errespetua ematen baitzion eta ez baitzuen sinfoniaren oinarrian interferentziak eragin, baina bere kantaerari muzin egin gabe abestu zuen kontzertuan.

Hiru mugimendu

Goreckiren obra hiru mugimendutan dago banatua (Lento, sostenuto tranquillo ma cantabile; Lento e largo, tranquillissimo; eta Lento, cantabile, semplice), eta XX. mendeko obrarik laudatuenetakoa da. Baita tristeenetakoa ere. Lehenengo mugimenduak XV. mendeko aiene bat jasotzen du; bigarrengoan, haur poloniar batek Gestaporen kartzela bateanAma Birjinari idatzi zizkion esaldiak biltzen ditu; eta hirugarrenean, azkenik, abeslaria bere haur desagertuaren bila ari den emakume etsi baten lekuan jartzen da. Obra guztia polonieraz dago abestua, eta, nahiz eta ez izan hori bere ama hizkuntza, Gibbonsek bihotz eta arima osoarekin kantatzen du.

Ez da hau kantaria orkestra batekin abestera ausartu den aurreneko aldia, Portisheadekin ere grabatu baitzuen disko bat 1997an (Roseland New York City), taldearen ibilbidea geldiezina zela ematen zuenean. Dummy-rekin (1994) ia estilo bat sortu ondoren —trip-hop gisa definitu zutena, baina hori gainditzen zuena—, Portishead-ek (1997) ez zuen ezusteko berezirik ekarri; taldeak lehen lanean sortutako giroa berretsi zuen. Hortik aurrera, isiltasuna. Eta proiektu paraleloak, aipatu Out of Season adibide aparta. Harik eta 2008an Third-ek Portishead berritu zuen arte; garratz eta erritmikoagoak ekarri zituen bueltan.

Eta ondoren, berriro ere, basamortua. Aieneen sinfonia Gibbonsen bizitzan sartu zen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.