AEBak. Trumpen agintaldia

Gero eta ataka estuagoan

Trumpek bi emakumerekin izandako sexu harremanak isilaraztearen truke ordaindu zuela aitortu du Cohenek, presidentearen abokatuak. Trumpek esan du dirua beretik jarri zuela, ez bere kanpainatik
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea, herenegun Charlestonen eginiko hitzaldi batean.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea, herenegun Charlestonen eginiko hitzaldi batean. MARK LYONS / EFE

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2018ko abuztuak 23
Michael Cohen abokatuak fiskalari aitortu dio bere bezeroak delitua egiteko agindu ziola, eta errudun dela agindutakoa betetzeagatik. Hori aitortuta, hurrengo urratsa litzateke bezeroa bera deklaratzera deitzea, baina gauzak aldatu egiten dira abokatuak aipatzen duen bezeroa Ameriketako Estatu Batuetako presidentea bada. Izan ere, ez da Justizia Departamentuaren jarrera izaten inputaziorik egitea jardunean den presidente bati. Ordea, egia bada Michael Cohenek dioena, Donald Trumpek delitu oso larriak egin ditu, eta horrek etorkizunean arazo konponezinak ekar diezazkioke. Cohenen abokatu Lanny Davisek argi esan zuen herenegun, bere bezeroaren deklarazioa amaitu bezain pronto: «Ordainketa horiek delitu badira Michael Cohenentzat, zergatik ez dira izango Donald Trumpentzat?».

Joan den asteartean, Manhattango Auzitegi Federalera joan zen Michael Cohen. Zinpean eta kazetariak adi zituela, zortzi delitu egin izana aitortu zuen: iruzur fiskala egiteagatik sei, eta, hauteskunde arauak apurtzeagatik beste bi. Cohenek dioenez, Stephanie Clifford aktore pornoari 130.000 dolar ordaindu zizkion Trumpen aginduz, elkarrekin izandako sexu harremanak ez azaleratzearen truke. 150.000 dolar, berriz, Karen McDougal Playboy-ko modelo ohiari, gauza beragatik. Biek baieztatu dute sexu harremanak izan zituztela Trumpekin 2006 eta 2007 artean, eta diru ordainketa hori 2016an egin zuen Cohenek, bozen atarian, hautagaiaren irudia zaintzea helburu, eta kanpainaren araudia urratuz delitu federala eginez.

Robert Khuzamo fiskalak azaldutakoaren arabera, «hautagaiarentzat mingarria izan zitekeen informazioa isilarazteko ordaindu zien Cohenek bi emakumeri, eta, gainera, diru hori berreskuratu zuen kanpaina gastuetan fakturak aurkeztuta, eskainitako zerbitzu faltsu batzuengatik».

Cohen urte askoan izan da Trumpen konfiantzazko abokatua. Hauteskundeak irabazi ondoren esan zuen berarengatik bizia arriskuan jartzeko gai zela, baina iritziz aldatu du, leporatzen dizkioten delituen ordaina txikitzearen truke. Abokatuak milioi erdi dolarreko bermea ordaindu zuen, eta aske utzi dute epaileak erabakia hartu bitartean —abenduaren 12an—.

Makroauziaren hasiera

Isiltasuna atzo hautsi zuen Trumpek, bere burua zuritzeko. Fox telebista kateari emandako elkarrizketa baten aurrerapenean, aitortu zuen dirua berak jarri zuela, baina ukatu zuen kanpainako dirua erabili zutenik ordainketa horiek egiteko. Erantsi zuen ordainketak egin eta gero jakin zuela haien berri. Argudioak argudio, Trump ataka gero eta estuagoan dago Robert Mueller fiskal berezia ikertzen ari den makroauzian, kolaboratzaile gertukoenen ikerketak garatu ahala. Ikerketaren parte dira, besteak beste, George Papadopoulos kanpainan aholkulari izandakoa eta Michael Flynn Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohia. 2016ko bozetan Errusiak ustez izandako esku hartzea du abiapuntu auziak.

Hain zuzen, herenegun Cohen deklaratzen ari zen ordu bertsuan erabaki zuen Virginiako Auzitegi Federalak Paul Manafort errudun zela ezarritako hemezortzi salaketen artetik zortzitan. Epaileek erabaki zuten urte askoan iruzur fiskala egin zuela eta zergak saihestu zituela. Manafort estratega politiko ezaguna da, eta Trumpen 2016ko hauteskunde kanpaina arrakastatsua gidatu zuen hainbat hilabetez. Hemezortzi salaketaren artean erabaki gabe geratu diren hamarretako bat kanpainan Errusiarekin izandako harremanari buruzkoa zen. Muellerrek ikerketa abiatu zuenean, Manafort izan zen errusiarrekin lotu zituzten lehenetako bat, Trump Tower etxe orratzean Manafortek eta haren gertuko batzuek —ustez tartean presidentearen semeetako bat eta suhia— errusiarrekin egindako bilera abiapuntutzat hartuta.

Cohenen kontrako ikerketa, berriz, joan den apirilean hasi zuen Muellerrek, Manaforten hariari tiraka. FBI abokatuaren bulegoetara joan zen, eta bezeroekin izandako elkarrizketen hainbat dokumentu lortu zituen. Bezero nagusia Trump zen. Dokumentu haietan ez zuen topatu Kremlinekin zerikusia zuen ezer; bai, ordea, presidentea estutzeko baliagarriak liratekeen testuak: sexu harremanak isilarazteko moduei eta ordainketei buruzkoak.

Cohenek, orain, egin diezaioke ekarpenik Muellerren ikerketari. Lanny Davis bere abokatuak iradoki du errusiar agenteekin Trump Towerren egindako bilerari buruzko informazioa duela, eta zer edo zer ere jakin dezakeela errusiarrek demokraten zerbitzariak hackeatzeari buruz.

Manaforten kasuan, berriz, bera da Muellerrek jopuntuan jarri dituen guztien artean epaiketara joatea erabaki duen bakarra, epaileekin tratua egin beharrean. Haren defentsak ohartarazi du bere bezeroa defentsarako «aukera guztiak» aztertzen ari dela.

Hauteskundeak azaroan

Hemendik aurrera hainbat aukera daude Trump gehiago estutzeko. Muellerrek presidenteari buruz egindako ikerketa bidal diezaioke Rod Rosenstein estatuko fiskal nagusiari. Rosenstein ez legoke kongresura bideratzera behartua, baina presioa izango luke horretarako. Muellerrek kongresuaren esku ere utz lezake erabakia, hark impeachment edo kargugabetze bat abiatzeko. Edota erabaki gogorrena: zuzenean presidentea inputa lezake.

Oraingoz, itxura guztia dauka auziak presio politiko handiagoa izango duela juridikoa baino. Gainera, midterm edo agintaldi erdiko bozak dauzkate azaroan. Ordezkarien Ganbera osoa berritzen dute, eta Senatuaren herena. Presidentearen indarrak neurtzeko garaia ere bada. Demokratek, bi ganberatan nagusi izanez gero, impeachment-a abiatzeko indarra izango lukete, eta kanpaina bero-beroan dira dagoeneko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna