Koronabirusa. Zahar etxeak

HAUSKOR AZALDU DA

Krisiaren hasieratik jakina zen COVID-19ak gogor erasaten diela adineko pertsonei; edadekoen zentroetan izan diren heriotza ugariek agerian utzi dituzte egoitzen sistemaren inguruko hainbat gabezia, eta galderak sortu dituzte toki horietan egoiliarrek jasotzen duten osasun artaren inguruan.

Zaintzaile bat adineko pertsona bati eskua ematen. BRAIS LORENZO / EFE.
Arantxa Iraola - Mikel Peruarena Ansa
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Datu ofizialek ez dituzte erakusten izurriak eragindako heriotza guztiak, baina ezagun diren horien artean zinetan deigarria da zahar etxeetan izan diren heriotzen kopurua. Hego Euskal Herriko datuei begira, esaterako, hil diren pertsonen %40 pasatxo ziren zentro horietako egoiliarrak. Europa osoko datuei begira, agerikoa da joera hori bera, eta kezka sorrarazi du; aste honetan bertan Giza Eskubideen Europako Kontseiluaren komisarioak adierazpen bat argitaratu du salatzeko COVID-19ak Europan hil dituen erdiak egoitzetan bizi zirela, eta gogor kritikatu ditu horiek kudeatzen dituzten enpresak: zentroen «jabe pribatu» batzuek «etekinak zaintzaren kalitatearen aurretik» jarri izana deitoratu du. Euskal Herrian, oro har, instituzioen kontrolpean dihardute zahar etxeek, haiekin itunduak dituzte leku asko, eta izurriari aurre egiteko hartu dituzten neurriak irmo defendatzen ari dira agintariak. Zahar etxeak «lehentasun» direla adierazi dute, eta «baliabide guztiak» bideratu dituztela horietan izurriaren ondorioak arintze aldera. Datu ofizialetan ageri diren ia 850 hildakoek, hala ere, erakutsi dute sistemaren hauskortasuna, eta motibo aski sendoa dira zahar etxeetako arretari taxuz erreparatzeko.

Geriatra da Juanjo Calvo, hiru hamarraldi baino gehiagoko esperientzia du arloan, eta Zahartzaroa Gerontologiako Euskal Elkargoko kidea da. Uste du zahar etxeetan beharrean ari diren profesionalen prestakuntza dela aztertu beharreko arloetako bat. Geriatra kopurua oso urria da, eta auzitan jarri du egoitzetan lanean ari diren profesional askoren trebakuntza. Adierazi duenez, osasun publikoan jarduteko baldintza guztiak betetzen ez badituzte, hainbat profesionalek zahar etxeetara jotzen dute sarri askotan lanera, prestakuntza egokirik gabe. Uste du sistema ahuldu egiten duela horrek. «Oinarrizkoa da sendagileek trebakuntza ona izatea, eta hori askotan ez da betetzen. Administrazioa hori onartzen ari da, baina, medikuak prestakuntza ona ez badu, nekez egin ahal izango du ongi bere lana». Arloko lan baldintza eskasak ere ahultasun horren beste erakusgarri direla ohartarazi du Calvok. «Medikuen soldata, Osakidetzakoekin alboratuta, oso apala da».



Beharrezkoa iruditzen zaio zahar etxeen gaineko «kontrola eta ikuskaritza» egiten duten instituzioen partetik ere «osasun» ikuspegia izango duten profesionalen presentzia handiagoa. Igarria zuen lehendik horren gabezia, eta, orain, COVID-19aren erako krisi larri batean, uste du oraindik ere «nabarmenagoa» izan dela. Lanerako ratioen zehaztapen hobea ere eskatu du. Gipuzkoako egoitza batean dihardu hark, herrialde horretako araubideak ezagutzen ditu ondoen, eta uste du gabeziak badirela: «Esaterako, ez dago argi noiz den beharrezkoa erizain bat gaueko txandan, edota, esaterako, fisioterapeuta bat behar den zentro guztietan». Egoitzak kudeatzen dituzten enpresei interpretaziorako era ematen die horrek. Zentro handienek, oro har, bermatuak dituzte hainbat gutxieneko zerbitzu: «Esaterako, 140 egoiliar dituen zentro batek ezinbestean eduki behar ditu mediku bat eta sei erizain». Txikietan, egoiliar kopurua urritu ahala, profesionalak ere, oro har, gutxitu egiten dira. Egoitzan dituzten baliabideez harago, hala ere, sarri beren herriko edo auzoko lehen mailako arretako zentroetako arta ere jasotzen dute egoitzetan, eta osasungintza publikoko materiala ere bai.

Baliabideak maiz, ordea, urriak direla esan du Pilar Lekuonak. Gipuzkoako Erizainen Elkargoko presidentea da, eta zahar etxe bateko zuzendariordea. «Gure egoitzan, adibidez, beharko genuke medikua etortzea egunean bi ordu, eta astean bi ordu etortzen da». Adierazi du adinekoen egoitzetan «psikogeriatriarekin lotutako osasun arazoak» dituzten egoiliar asko daudela egun, eta egun dauden ratioekin ezinezkoa dela arta on bat bermatzea. «Erizainen ratioak, adibidez, orain dela 30 urteko egoera aintzat hartuta daude ezarrita. Orduan ez zegoen hainbeste mendeko egoiliar». Langileen ratio urriaren gaineko kezka ez da berria; lan gatazka ugari izan dira urteotan sektorean, eta beharginen aldarrien artean egon da beti lantaldeak sendotu beharra. Egoiliarren senitartekoek ere batzera egin dute urteotan, eta aldarri hori maiz ozendu dute.

Erizain eskasia

Lekuonak nabarmendu du erizain faltak askotan egoera larriak sorrarazten dituela zahar etxeetan. Erizain trebakuntzarik gabeko profesionalak, esaterako, ez dagozkien osasun artak egiten aritzen dira: «Erizain laguntzaileek beren gain hartu behar izan dituzte erizainen hainbat lan; adibidez, diabetesa kontrolatu behar zaien egoiliarrekin, edo morfina hartzen ari direnekin...». Usu, halaber, erizain falta horren ondorioz, egoitzan bertan berez erraz arta daitezkeen kontuengatik ere erietxera eraman behar izaten dituzte egoiliarrak. «Ezin da adineko pertsona bat erietxera eraman serum bat jartzea behar duelako bakarrik, baina horrelakoak gertatzen dira», kritikatu du Lekuonak. «Egoitzek erizainak behar dituzte egun osoz, baina badira zentroak gauez erizainik ez dutenak: gehienak».

COVID-19ari aurre egiteko egunik ilunenetan erizain falta arazo larria izan zela esan du Lekuonak. Elkargoan propio zabaldu zuten profesionalen poltsa bat, sor zitezkeen beharrei erantzuteko, baina dena izan zen gutxi. «Oso larri ibili gara». Krisia bera oso gogorra izan dela onartu du: «Honek erabat gainditu du dena, ez genekien hain kutsakorra zenik». Gogorarazi du, hala ere, profesional onak erakartzeko arazoa sektorean orokortua dagoela lehendik ere, ez duela orain izurriak ekarri. «Lan baldintzak ez dira Osakidetzakoak. Aldatu egin behar dira baldintza horiek erizainak egoitzetan geratzeko».

Calvok uste du epidemiak laga dituen ondorioetatik atera beharreko beste ikasbide bat osasun arloko materialarekin lotuta dagoela. «Zahar etxe bakoitzak prest egon beharko du sor daitezkeen arriskuen aurrean; segurtasun materialen gaineko stockari buruzko errekerimendua administrazioak egin behar du».

Egoitzen eredua

Izurriak laga dituen datuen larriaren harira, egoitzen ereduaren gainean dauden ikuskerak ageri-agerian geratu dira. Egoitza horiek, ororen gainetik, etxe bat izan behar dutela defendatzen dutenen artean lehen lerroan dago, adibidez, Matia institutuko ikertzaile Mayte Sancho; aditua da plangintza gerontologikoan, eta uste du arriskutsua dela osasun zerbitzuak indartze aldera zahar etxeak erietxe bihurtzea. Adinekoen arta egokirako, egungo egoitzen ordez, «bizikidetza unitate» txikiagoak sortzera egin behar da, haren iritziz. Argi du izurriak eta antzekoak kontrolatze aldera ere eraginkorragoa dela eredu hori. «Etxeko ereduak, txikiak errazago kontrolatzen dira. Ez dituzu 50 pertsona jangela batean edo egongela batean».

Ororen gainetik, hala ere, egoitzen tamainaz harago, pertsonak ardatz dituzten eredu baten aldeko hautu garbia egin behar dela uste du Sanchok. Adierazi du arreta mota horren lehen lerroan propio horretarako prestatutako zaintzaileek egon behar dutela, eta osasun arloko trebakuntza batzuk ezinbestean eduki behar badituzte ere, ez dutela izan behar osasun arloko profesionalak. Haien laguntza izango dute, behar dutenean. «Eredua etxea da», oroitarazi du: «Nik COVID-19a izan dudalako ez dut gero bizi nahi ondoan mediku bat dudala». Etxe giroa bermatu behar da, lan egiteko modua ere aldatuta. «Gaur egun askotan zaintzaileak zerrendako azkenak izaten dira, baina pertsona ardatz duen artan taldean egin behar da lan». Bide horretan, lan harremanak «horizontaltzera» egin behar dela nabarmendu du

Lizarrako (Nafarroa) San Jeronimo zahar etxeko zuzendaria da David Cabrero. Ezagun egin dira bertako langileek erabaki zutelako, izurriari aurre egite aldera, zahar etxean sartuta geratzea egoiliarrekin. Ez zuten hautu hori egin ematen ari ziren osasun arta ahul sentitu zutelako; oro har, mendekotasun maila nahiko apaleko egoiliarrak dituztela esan du zuzendariak, eta ez zutela alde horretatik aparteko gabeziarik sentitu. «Gainera, gurea etxe bat da; adineko pertsonak bizi diren etxe bat». Ez dute nahi beste edozein etxetan baino osasun arta handiagorik bertan. «Gure kasuan, adibidez, legeak ez digu agintzen medikurik izateko, baina astean hiru egunetan medikua etortzen da gurera, eta telefono bidezko arta ere ematen digu. Hiru erizain ditugu». COVID-19 kasurik ez dute izan barruan, baina adierazi du «suerte kontua» ere izan dela. «Oro har, ez geunden prest. Ez genekien zer zetorren».

Mendekotasun handiak

Calvok onartu du egoitzak ororen gainetik etxe izatearen aldeko eredu hori «paperean» oso ederra dela, aintzat hartu behar dela egiten diren urratsetan, baina tentuz erreparatu behar zaiola egoitzetan, oro har, dauden egoiliarren soslaiari: oso makalduta daude asko. «Gehienek mendekotasun handiak dituzte, narriadura kognitiboa, eta aparteko zainketak behar izaten dituzte», azaldu du. «Normalean, pertsona bat egoitza batera doanean, eritu egin delako joaten da eta eritasunak berak mendeko egin duelako». Bat dator Lekuona: «Egun, egoitzara heltzen diren pertsona gehienek osasun arazo asko izaten dituzte. Kasurik gehienetan, familiak gehiago ezin duenean iristen dira egoitzetara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.