Uholdeak

Urak hartu du Euskal Herria

Emakume bat hil da Sunbillan, luizi batek harrapatuta. Agintariek alerta ezarri dute herrialde guztietan euriteen ondorioz. Azpiegitura ugari kaltetu dira, eta eragozpenak izan dira errepideetan

Mendaroko ospitalea bakartuta geratu da. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
jone arruabarrena
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Aztoratuta esnatu zen atzo Euskal Herria. Azken asteetako euriteen ondorioz, gainezka egiteraino harrotu ziren ibaiak, eta Euskal Herriko txoko ugaritan uholdeek eragindako irudi ikusgarriak barra-barra zabaldu ziren sare sozialetan. Eta, horrekin batera, kalteen berri ere hedatu zen egun osoan. Sunbillan (Nafarroa) izan zen ezbeharrik larriena: emakume bat hil zen, luizi batek harrapatuta. Lurralde guztietan izan ziren egoera zailak: Araban eta Bizkaian alerta horia ezarri zuten; Gipuzkoan, laranja; Ipar Euskal Herrian, gorria, eta Nafarroan, bigarren alerta maila. Eta arriskua ez zen atzo amaitu: gauerako eta gaur goizalderako uholde aurreikuspenak egin zituzten erakundeek Nafarroan eta Iparraldean.

Herrialdez herrialde:Nafarroa, Gipuzkoa, Ipar Euskal Herria, Bizkaia eta Araba.

Eguerdian izan zen Sunbillako ezbeharra. Emakumearen baserrian gertatu zen luizia, estalpe batean: andreak han gordetzen zuen autoa, eta luiziak bertan harrapatu zuen. Uholdeek hildako bat eragin dute, eta hainbat zauritu: suhiltzaileek erreskate ugari egin behar izan zituzten hainbat tokitan. Gasteizen, esaterako, ostegun gauean familia bateko hiru kide zuhaitz batetik erreskatatu zituzten, autoa uretan harrapatuta geratu ostean. Gernikan (Bizkaia), berriz, autobus bateko 21 bidaiari geratu ziren urak harrapatuta.

[YouTube]https://youtu.be/UA9Db52fPZg[/YouTube]

Agintariek ere kezka adierazi zuten. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan-etorriak«mugatzeko» deia egin zuen, eta Maria Txibite Nafarroako gobernuburuak «zuhurtzia eta pazientzia» eskatu zien herritarrei: «Oraindik ordu eta egun zailak geratzen zaizkigu». Ipar Euskal Herrian ere Pirinio Atlantikoetako prefeturak ohartarazi zuen autoa «behar-beharrezkoa» denean soilik hartzeko.

Ura hainbat etxe, garaje, ortu eta lantokitara sartu zen atzo, eta kalte handiak eragin zituen; luizi ugari ere eragin zituen. Errepideetan eragozpen handiak izan ziren: Iparraldean trenbideak kolapsatu ziren, eta A-63 eta A-64 autobideak itxi zituzten ordu batzuez; Gipuzkoan ere AP-8 errepidera sartzea debekatu zuten iluntzera arte, eta zabaldu zutenean ilara handiak sortu ziren; Bizkaian Trabakuako BI-633a ere itxi zuten, eta Araban hogei errepidetik gora erabili ezinik geratu ziren. Nafarroan, euriteek sortutako kalteen ondorioz, Belateko tunelak itxita egongo dira astelehenera arte. Aireportuei ere eragin die eguraldiak: Gasteizko Forondakoan ura sartu zen atzo, baina, hala ere, hegaldiak ez ziren eten.

Ikusi gehiago:argazki bilduma

Gainera, ibaiak ez ezik, urtegi batzuk ere gainezka egiteko zorian izan ziren. Besteak beste, Uribarri Ganboakoak bere edukieraren %95 gainditu zuen; arratsaldean jakinarazi zuten urtegia husteko prozesua azkartuko zutela, gainezka egin ez zezan.

Eguraldi aurreikuspenen arabera, igandean atertuko du, baina gaur uholde arriskua izango da oraindik ere toki batzuetan. Izan ere, atzo gauean, euriak eta itsasgorak bat egitean, ibaien emariari so jarri ziren erakundeak, batik bat Lapurdin. Bereziki adi daude Nafarroan ere: hegoaldean, baliteke urtegietatik ura husteak Ebro eta Arga ibaiek gainezka egitea eragitea; Tuteran, larrialdia ezarri zuten iluntzean. Lerro hauek idatzi direnerako, emari handia zuten ibaiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.