Albistea entzun

ETAren jardun armatuaren amaieraren 10. urteurrena. IRITZIA

Gazteentzako memoria bat

Samara Velte - Ikerlaria

2021eko urriak 21

Hamar urteko atzerapenarekin heldu dira gatazkaren memoriari eta transmisioari buruzko kezkak. 2011 hartan haur zirenak heldu bihurtzen ari dira dagoeneko: itxurazko normalizazio batera jaiotako belaunaldi hibridoa da, historia hori eurena edo euren gurasoena ote den zehazki ez dakiena. Haren ondorio eta kontraesanak sumatzen dituzte egunerokoan, baina aldi berean ez dute aski oroitzapen zuzenik euren burua gatazkako pertsonaia gisara ikusteko. Iragana ulertzeko eta hari buruzko narratibak osatzeko tresnak falta zaizkie, memoriaren teknologiak: gertatutakoari buruzko kontakizun polifoniko, konplexu eta osatua eskainiko duen museorik ez dago; eskolako testuliburuetan 1978ra arteko pintzelada gutxi batzuk baino ez dituzte jaso; eta etxean, sarritan, isiltasunarekin edo orokorkeriatara murriztutako ebaluazioekin egin dute topo. Askorentzat, YouTube eta fikziozko pieza solteak izan dira iraganari buruzko galderak erantzuteko baliabide nagusiak. Gainera, esfera sozial eta politikoko presioa sentitu dute, «errelatoaren bataila» delakoa, gatazka armatua gatazka sinboliko bihurtu delako: sufrimenduari eta arrazoi historikoari buruzko norgehiagoka etengabe bat, diskurtso oso gutxi batzuk baizik onartzen ez dituena.

Trantsitatzeko zaila den eremu bat da gatazkari buruzko eztabaida belaunaldi horrentzat: sarritan, ez dute sentitzen hari buruz hitz egiteko legitimitatea dutenik ere. Ez dute minetik isiltzen, baina bai lotsatik. Eta gero aditu behar izaten dute ezjakinak eta desinteresatuak direla, norengandik eta transmisioaz hain gutxi arduratu den belaunaldi horren partetik.

Baina gaurdaino memoria-politika sendorik ez edukitzeak ez du esan nahi ezer ez denik transmititu. Ebaluazioak nagusitu dira ezagutzen gainetik. Arazoa da helduek eraiki nahi izan duten memoria, maiz, ez datorrela bat gazteek eskatzen dutenarekin: sentipenak, aurreiritziak eta tabuak transmititu zaizkie, ez haiei aurre egiteko tresnak. Gatazkari buruzko irudi gordinena nabarmendu da gure iruditeria kolektiboan, non biktimak eta inplikatuak isuritako odolaren arabera definitzen diren. Horrek desidentifikazio bat ekarri du: askok ez dute uste euren etxeko istorioa kontatzea merezi duenik ere, historiaren egiazko protagonistak beste batzuk izan zirelako. Eta horrela eteten da ezagutzaren zati handi baten katea.

Memoria ariketa gehienek dute, funtsean, norbere iraganarekin berradiskidetzeko helburua. Gatazkari buruzko kontakizunek ez badituzte eskaintzen belaunaldi berriek euren testuinguru garaikidea ulertzeko baliabideak, ez da memoria erabilgarri bat izango, eta ondorioa izan daiteke norberak bere iraganarekiko harreman eskizofreniko bat eraikitzea, edota indarrean dauden akordio sozialei baliorik ez aitortzea. Gure osasun kolektiboaz ere ari gara. Nola interpretatu behar dituzte gazteek Guardia Zibilarekin sortzen diren gatazkak, hark Euskal Herrian bete izan duen funtzioa ezagutzen ez badute? Nola ulertu kondenaren exijentzia politikoa, ezker abertzalearen ilegalizaziozko (eta, neurri batean, justifikaziozko) iragana ezagutu gabe? Nola enpatizatu erresuminduta jarraitzen duen belaunaldi helduago batekin, hark bizitako giro soziala irudikatzeko aukerarik gabe? Nola ulertu ETAren amaiera, ehunka norbanakok egindako ibilbide ideologikoa ezagutu gabe?

Hau irakurtzen ari diren askok pentsatuko dute esajeratzen ari naizela; gazteek ezagutzen dituztela hain oinarrizkoak diren datuak, eta ez dagoela hori azaltzeko beharrik. Euren inguruan azterketa soziologiko txiki bat egitera gonbidatu nahi ditut. Sarritan, gauzak jakintzat ematea izan ohi da gure akats larriena.

Memoriaren transmisioak aukeraketa bat eskatzen du derrigor: gertakari eta data jakin batzuk nabarmentzen dira diskurtso kolektiboan, eta beste batzuk ezkutatu. Behin eta berriz kontatzen diren gertaerak iraganari buruzko narratiba onartuak bihurtzen dira azkenean. Aukeraketa hori, normalean, bere buruaren irudiari hobekien ematen dion moduan egiten du bakoitzak. Hortaz, ziurrenik fantasiazkoa da pentsatzea errealitate guztiak bilduko dituen kontakizun bakar bat osa dezakegula; «errelatoaren batailak» kale itsu batera eramango gaitu. Alternatiba bakarra geratzen zaigu: onartzea iraganari buruzko kontakizun ugarik osatzen dutela koadroa; askotarikoak direla, lekukotzak bezainbeste; eta haietako bakoitza dela baliagarria eta garrantzitsua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bi pertsona Osakidetzaren osasun zentro batetik ateratzen, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Lehen mailako artako kontsultak atzeratuko ditu Osakidetzak

Arantxa Iraola Irati urdalleta Lete

«Aparteko larritasunik ez duten» kontsultak atzeratuko ditu osasun sistemak; bihotzeko eritasunak eta bronkitis kronikoa dutenen kontrolak. Osakidetzak abisatuko die kontsulta atzeratu dietenei
Miarritzeko aireportuaren artxiboko argazkia ©Isabelle Miqulestorena

Etxegabe batena da Miarritzen aurkitutako giza eskeletoa

Berria

Orain dela urte batekoa litzateke heriotza lehen ikerketen arabera. Ez dute uste krimen bat izan denik

Baionako txertaketa gunea, artxiboko irudi batean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Txertaketa guneetan kezka piztu da, Pfizer dosiak agortzen ari baitira

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak hobetsi du Moderna txertoak banatzea. Baionako guneko langileek lana uzteko eskubidea aldarrikatu dute

 ©GORKA ESTRADA / EFE

Etorri zen tokian gotortuta

Arantxa Iraola

2010ean hartu zuen Donostiako gotzaintza; jarrera atzerakoienekin lotuta zegoela eta, elizbarrutian, eta handik kanpo ere, asko izan ziren haren izendatzearen aurkako ahotsak. Irmo jarraitu du, beti. Alacantera doa orain.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.