Presidentetzarako bozak Frantzian. Korsika. Wanda Mastor. Zuzenbide konstituzionaleko aditua

«Ez dago oztopo juridikorik Korsikari autonomia emateko»

Macronek berriz irabaztea da uhartearen estatusari buruzko elkarrizketak egiteko baldintzetako bat. Eta, halere, litekeena da horietan arazoak egotea, bi aldeak ez baitira gauza beraz ari «autonomia» aipatzen dutenean.

BERRIA.
ander perez zala
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Wanda Mastor (Aiacciu, 1973) Okzitaniako Tolosako Unibertsitateko irakasle eta zuzenbide konstituzionaleko aditua ezagun bilakatu da Korsikaren autonomiari buruzko eztabaidan. 2018an, Jean-Guy Talamoni garai hartan Korsikako Asanbleako presidente zenak eskatuta, txosten bat osatu zuen Korsika hitza konstituzioan agertzeaz. Iaz, berriz, irlaren bilakaera instituzionalari buruzko dokumentu mamitsu bat osatu zuen uharteko gobernuarentzat; egungo sistema hobetzeaz eta autonomiarako bideez aritu da azken horretan.

Zein da autonomiaren eta deszentralizazio handi baten arteko desberdintasuna?

Galdera interesgarria da, tamalez frantses askok biak nahasten dituztelako; baita gobernu zentralak ere. [Gerald Darmanin Frantziako] Barne ministroak esan zuenetik autonomia zenbaiten alde dagoela, ohartzen gara badela arazoren bat. Ezin da existitu autonomia handiago edo autonomia indartuago bat. Autonomia autonomia da edo ez da. Frantziar askok diotenean ez daudela Korsikarentzako autonomia pixka baten kontra, egiazki ez dira ari, adibidez, Espainiako erkidegoek duten autonomiaz. Deszentralizazio handiagoaz ari dira. Horrek azaltzen du korsikarren eta kontinentekoen arteko gaizki-ulertu erraldoia.

Hortaz, Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuak esaten duenean «eskubide eta ahalbide osoko autonomia» nahi duela, autonomia legegileaz ari da?

Hala da. Euskal Herrian bezala, lurralde asanbleak lege propioak bozkatzeko aukera izan dezala arlo askotan.

Fiskalitateaz ere mintzo da?

Bai. Ideia litzateke Korsikari botere handiak ematea, irla bat delako, betiere [Frantziako] estatuaren erregalia botereak ukitu gabe. Badakizu, Polizia, segurtasuna, justizia eta horrelakoak.

Txostenean diozu ez dagoela adostasunik autonomia kontzeptuaren inguruan, ezta Korsikako politikarien artean ere. Hori arazo izan daiteke aferari buruzko eztabaidan eta negoziazioetan?

Erabat. Bada kasua jada. Darmaninek Corse Matin-en esan zuen autonomiaren alde dagoela, baina elkarrizketa irakurtzean ohartzen zara esan zuela autonomia handiagoaren alde dagoela. Hortaz, adostasunik ezak kalte handia egiten digu. Badugu, batetik, gobernu zentrala, deszentralizazio gehiago nahi duena; bestetik, Simeoni, autonomia legegilea nahi duena; eta Korsikan badituzu autonomiaren aldekoak ez diren hautetsi eskuindarrak, diotenak autonomiaren aldekoak direla. Haientzat, horren alde egotea da Korsikak botere gehiago izatea, baina ez botere legegilerik. Hori dramatikoa da.

Konstituzionalki egingarria da autonomia legegile hori?

Bada, bai. Ez da beste herrialdeetan bezain sinplea, Frantzia batasun-estatu bat baita, eta ez estatu erregional bat. Zergatik da posible? Konstituzioa jada berrikusi zutelako Polinesia Frantsesari autonomia emateko. Hangoa ez da erabat autonomia legegile bat; pixka bat konplexua da, saiatuko naiz ongi azaltzen... Polinesia Frantseseko Asanbleak herrialdeko legeak deiturikoak bozkatzen ditu; egiazki, ez dira legeak, ekintza administratiboak baizik...

Baina hori, egingarria da. 2004an lege organiko bat bozkatu zuten, zuek dituzuen estatusen baliokidea, Polinesia Frantseserako Lege Organikoa deiturikoa. Hortaz, 2004an Polinesia Frantsesari emandakoa Korsikari ere eman ahal zaio 2022an. Badira batzuk diotenak bi kasuak ezin direla konparatu Polinesia Frantsesa itsasoz haraindikoa delako eta Korsika metropolian dagoelako... Guk erantzuten dugu Korsika irla bat dela, eta uhartetasun horrek elikatzen dituela autonomiaren aldeko gure argudioak.

Orduan, Korsikari autonomia eman ala ez arazo politikoago bat da juridikoa baino?

Hori besterik ez da. Frantsesak oso zentralizatzaileak dira. Jakobinoak. Ikaragarria da. Jakobino modura pentsatzen dute, jakobino modura lo egiten dute, jakobino modura jaten dute... Ez dago oztopo juridikorik Korsikari autonomia emateko; ezta demokratikorik ere. Azken bozen emaitzak begiratzea besterik ez dago.

Zure txostenean jakobinismoaz ere aritu zara. Argudiatu duzu estatu baten batasunak ez duela esan nahi «ez uniformetasuna ezta zentralismoa ere». Zer egin behar da Frantziak, eta hango herritarrek eta hautetsiek, ideia hori ulertzeko?

Lehenik, hautetsontziak entzuten hasi behar dira. [Frantziako] Gobernuak urte luzez korsikarrei esan die bozak irabazteko, eta gero gerokoak. Korsikakoak dira autonomista bakarrak hiru hauteskunde irabazi dituztenak.

Bigarrenik, ingurura begiratu behar dute. Oso harroputzak dira. Horregatik erabiltzen dut nire lanetan zuzenbide konparatua, Europako zuzenbidea: begira nola funtzionatzen duten Espainian, Italian, Norvegian, Danimarkan, Erresuma Batuan... Lan luzea izango da, hori guztia [jakobinismoa] oso kulturala baita.

Zilegitasun demokratikoarena argudio politiko bat da, bai, baina balio du juridikoki ere?

Zutabeak idazten ditudanean, argudio demokratikoa dela esaten dut. Demokrazia eskubide bat da. Autonomistek hauteskundeak irabaztea argudio juridiko bat da. V. Errepublikako zuzenbidea ordezkapenarena da, eta, hortaz, konstituzioko 2. artikuluak dioen modura: «Errepublikaren printzipioa da: herriaren gobernua, herriaren bidez eta herriarentzat». Korsikako herriak modu oso argian eman du iritzia.

2018an txosten bat osatu zenuen Korsika hitza konstituzioan agertzeko moduaz. Artikulu berri bat proposatu zenuen, eta...

Barre egingo duzu: Euskal Herria oso gustuko dudanez, nire bulegoan marko batean sartu nuen BERRIAren azala eta 74-2. artikulu hori euskaraz, kar-kar-kar. Asko gustatu zitzaidan...

Bai, 2018an histeria handiegia egon zen artikuluaren inguruan. Orain, atzera begira, neure buruari esan nion ez nuela artikulu bat proposatuko. Horren ordez, hiru aukera zerrendatu ditut. Lehenik, Euskal Herriko aukera; gobernuaren aukera da hori, autonomia handiagoa ematea [konstituzioko] 72. artikuluan. Bigarrenik, erdikoa, Talamoniri proposatu niona, 74. artikulua; eta hirugarrena da konstituzioko atal oso bat Korsikarentzat izatea. Hori independentistek nahi dutena da.

Horrek esan nahi du ikuspuntua aldatu duzula?

Ez. Metodoa aldatu dut, Korsikako hautetsiak ez daitezen urratu 72. artikuluaren eta 74.aren artean. Oraindik azken horren alde nago, Korsikari buruzko artikulu baten alde, Polinesia Frantsesaren ingurumenaren inguruan. 74-2.a besterik ezin da izan.

Inguruko herrialdeen sistemez eta estatusez ere aritu zara. Zein da zure gustukoena?

Galdera oso ona. Azoreak. Zuzenbide konparatua egitean, gauza konparagarriak konparatu behar dira. Azoreak Portugalgo Errepublikako irla bat dira, batasun estatu batean daudenak. Portugalek ez die autonomiarik ematen bere eskualdeei, irlei izan ezik. Zergatik? Uharteak direlako.

Eta zergatik Azoreak eta ez Madeira? Azoreek antzeko kolonizazio historia bat jasan dutelako. Haren estatusa irakurtzean, esaldi bikain hori dago: uharteetako biztanleek antzina-antzinako xedea dutela autonomiarako. Arrazoi kulturalak ere badaude, eta autonomia legegile bat dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.