Pastor
DARWIN ETA GU

Emakume unionistak

2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Generorik du unionismoak? Eta independentismoak? Ba al da alderik emakumeen eta gizonen artean eremu horretan? Hala bada, nolakoa dugu bereizketa hori?

Auziari buruzko datuak agertu ditu Kataluniako hauteskundeak baino lehen GAD3 komunikazio eta soziologia-ikerkuntza enpresak eginiko inkestak. Lan horretan bildutako datuen arabera, independentziaren aldekoak aurkakoak baino % 4 gehiago dira gizonezkoen artean. Andrazkoei dagokienez, aldiz, desberdina da emaitza: Espainian segitzearen aldekoen portzentajea independentzia hobesten dutenena baino dezente altuagoa da. Kataluniako emakume unionistek 16 puntuko aldea ateratzen diete independentistei.

Gizonezkoak baino unionista edo espainolistagoak dira emakumezkoak Euskal Herrian ere? Erantzuna baiezkoa izango balitz, Katalunian bezala, ba al dago fenomeno hori ulertzeko modurik? Interesgarria izango litzateke Katalunian edo Euskal Herrian bertan generoen arteko diferentzien zergatiari buruz galdetu eta erantzunak ezagutzea.

GAD3 enpresako zuzendari Narciso Michavilak Catalunya Radio-ko igandeko emanaldian abstentzio handia ulertzeko eman zituen arrazoien ildokoak izan genitzake erantzunak. Michavilak adierazi zuenez, baliteke pandemiak emakumeei bozkatzera joateko gogoa kendu izana. Arrazoi antropologiko, kultural edo bestelakoak argudia ditzakete ikuspuntu horren aldekoek. Haien aburuz, emakumea gizona baino gehiago kezkatzen da osasunaz, arduratsuago jokatu ohi du, oro har. Berdin dio emakumea feminista izan edo matxismo atzerakoienaren atzaparretan gustura egon.

Emakumeek ziurtasunik eza ez dutela maite diote aditu horiek. Horrek kontserbadoreagoak egiten omen ditu. Hortik ulertuko litzateke abentura independentistak baztertzea. Andre aurrerakoi eta kontzientziatuenen artean bestelakoa da afera? Ez derrigorrez, nire ustez: feminista izateak ez zaitu ezinbestean independentista bihurtzen —euskalduna ere ez; hortxe dugu zenbait kolektibo feministatan hizkuntzaren erabilerari buruz dagoen eztabaida—. Horretaz gain, independentista izateak ez du beti bermatzen arlo guztietan aurrerakoia zarenik. Eta feminista eta independentista izateak ere ez. Izan ere, feminisme caviar-a egon daiteke, gauche caviar-a dagoen bezalaxe.

Bestalde, bada sistema heteropatriarkala bota nahi duenik, baina Espainiatik joan gabe. Euskal Herri independentean inongo gizarte feministena lortuko genukeela esanda edo jakinda ere, ikuspegi nazionala aldatuko luke pertsona horrek ala DNA espainolista nagusituko litzaioke?

Feminista eta unionista izateak ere ez du esan nahi eremu guztietan aurrerakoiena zarenik. Argi utzi zuen Jessica Albiachek La Sextak joan den astean bozei begira antolatu zuen debatean. «Independentistek irabaziz gero, zer gertatuko zaigu beste komunitate batzuetan jaio garenoi?», galdetu zuen Els Comuns-eko hautagaiak. Diskurtso lerrouxista argia. Kanpainan txarnegismo-aren mamua iratzarri izana leporatu diote Albiachi. Eta hala egin du. Oso modu itsusian, gainera. Valentzian jaiotako pertsona batek —independentisten iritziz, Herrialde Katalanetan—, txikitan etxean soilik katalanez egiten zuenak —Alcoiko aitonaren doinuaz, berak esana—, Albiach Sorres abizenak dituenak eta aspalditik Bartzelonan bizi denak, akaso sinetsarazi nahi digu Andaluziatik L'Hospitalet-era joaniko Pacheco Martinez langile xume elebakar ez-kualifikatuak noizbait pairatu zuen diskriminazioa sufritu duela edo sufrituko lukeela inoiz? Kopeta behar da gero.

Albiachen jarrera abiapuntu, Els Comuns-en rola kritikatu dute hainbat ahotsek. Alderdia, funtsean, «Espainiaren azken esperantza» da Katalunian, Marta Rojalsek idatzi duenez: «Espainolismoa ez bada, ez dago beste arrazoirik haien boto emaileek gaur bertan aterperik ez aurkitzeko ERCren eta CUPen artean. Beraz, arrazoi nazionala da Katalunian espazio ezkertiar bereizi hau bizirik mantentzen duen bakarra». Emakume unionistak nagusi Katalunian. Eta hemen, nola gaude?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.