Albistea entzun

Euskal presoak. Senideak eta lagunak

Portu bat hurbilago

Euskal presoak hurbildu eta Euskal Herriratu ahala, arindu egin da senide eta lagunen bidaien zama. Joan-etorria egun bakarrean egin dezakete orain: Lekeitiotik Duesora, lau bat ordutan. Baina 40 minuturako eta kartzelara, oraindik.
Kartzela. Itsasotik metro gutxira dago Duesoko kartzela, Berriako hondartzarenondoan.
Kartzela. Itsasotik metro gutxira dago Duesoko kartzela, Berriako hondartzarenondoan. LARA MADINABEITIA NANCLARES Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2022ko urtarrilak 9 - Dueso

Ez da gauza bera bi egun ala bi ordu. «Lehen, barikuan irteten ginen, eta domekan bueltatu. Orain, egun berean egiten dugu joan eta buelta». Goizeko zazpiak dira, larunbata, eta ilun dago Lekeitioko portua (Bizkaia). Isil-isilik, herri barrenean, auto urdin polit bat, errepide gainean. Goizeko sei eta erdietan ernatu dira Sarai Goitia Arrizubieta eta Iratxe Goitia Atxabal gazteak, ez urrutira joateko. Ala bai? Duesoko portua dute helburu, Kantabriako kartzela, Espainia; eta han dagoen herrikidearekin 40 minutuko solasa. Ez da oraindik Basauriko espetxea, baina, bederen, portu bat hurbilago dago: izarra ikus dezake, itsaso aldetik. «Baporeak kontatzen ditu ziegatik».

Lehenengo geltokia: kafesnea eta croissanta, Eskolapean. «Badaukazu COVID pasea?». «Nik PCRa egin dut, badaezpada». Terrazako mahai bat aukeratu dute, eta azukrea odolera nola doaz lehen azalpenak mihira. «Lehen, Puerto de Santamariara joaten ginen, Cadizera; eta, orain, Duesora. Pototorengana goaz». 895 kilometro laburtu zaie bidea.

«Julen Atxurra Egurrola», zehaztu du Iraide Juaristi Agirrek. Bigarren geltokian hartu dute, Bilbon, nahiz bera ere Lekeitiokoa den. «Berez, guk ez dugu kalean ezagutu inoiz. 2013an estraditatu zuten Frantziatik, eta totalean 25 urte daramatza espetxean. Guk 26 urte ditugu». Kuadrillakoak dira hiru bisitariak, eta, guztiak elkartuta, abiatu dira errepidean, umore onean. «Ikusi duzue Gazte Topaguneko kartela?». Gustatu ote zaizkien koloreak eta leloa. 2021eko abenduaren 18a da, eta argitu du jada. «Nork uste duzue irabaziko duela Bizkaiko finala?». «Ni Nerea Ibarzabalen alde». Bueltan Miribillara joateko plana egina dute. «Bazkaltzeko Bilbon gaude».

«Puertora joateko, barikuan arratsaldeko seietan irteten ginen, Lopidatik 19:00etan edo. Eta goizeko zazpietan heltzen ginen zapatuan, armosua hartu... Gela txiki baten modukoa zen bazkaltzeko lekua». Ezinen lukete bertso txapelketarako iritsi. Ezta hurrik eman ere. «Zazpietatik 12:00ak arte irakurtzen-eta egoten zen jendea. Akordatzen zara? Azterketak zuzentzen egon zen behin bat, eta, denon artean ez, baina... 'Horri aprobatu! Aprobatu!'». Irriz hasi dira.

2018an edo 2019an egin zuten lehendabiziko bisita. Ez dakite ziur noiz. «2018an igual», zehaztu du Goitia Arrizubietak. «Iraide hasi zen Pototogaz gutun elkarrizketan, eta hor aitatu genuen: 'Ea aukera daukagun joateko'. Dezente itxaron genuen zerrendan sartu arte». Ezagutzen ez zuten arren. «Nahiko natural: 'Presoak bisitatu behar dira; orduan, bagoaz'». Goitia Atxabalek erran du berak bazuela harreman pixka bat gehiago: «Nire lagun baten amaren lehengusua da. Huragaz bizi nintzen, eta bera txikitatik joan da bisitan. Beti esaten zidan joateko». Eta erran eta egin. Juaristik uste du presoari indarra ematen diola gazte batzuk harengana joateak: «Pila bat eskertzen du gaztetasuna eta freskura, eta baita herri honek etorkizun bat badaukala ikusteak ere».

«Nik gaur daukadan sentsazioa da... triste», dio Goitia Arrizubietak. «Gure azken bisita da seihileko honetan. Puertora, adibidez, hiru egin genituen seihileko berean. Oraingoetan, bi bakarrik. Ez dakigu noiz sartu ahalko garen ostera bere; orduan, disfrutatuko dugu, baina ja ez dugu ikusiko, eta, nahiz eta haren berri eduki, ez gara egongo huragaz... Niri horrek pena ematen dit». Azaldu dute hurbilago dagoenez jende gehiago etortzen dela orain presoarengana. Lehen beharbada ezin zutenak: «Puerton zegoela, haren aita behin edo behin joan zen, baina ja adinagatik eta bidaiagatik ezin zuen; egon da urte batzuk gurasoak ikusi barik». Duesora mugitu zutenerako, berantegi: «Aurten hil da haren aita. Etxetik hurrerago egon balitz, ez ziren pasatuko hamar urte elkar ikusi barik».

Juaristik bertze heriotza bat dauka buruan, eta urduri dago joaneko bidaian: «Atzo Antton Troitiño hil eta Pototogaz egongo diren lehenengo pertsonak gara. Bera ea zelan dagoen...». Ispilu egin diezaiokeelakoan: «62 urte ditu, iaz buruko isuri bat izan zuen...». Orduan mugitu zuten lehenbizikoz, Madril aldera: «Hasieran hurbilduko zutela esan zuten, eta Puertotik Aranjuezera kristoren diferentzia dago, baina Aranjuez ez da hurbiltzea». 2020ko ekainean izan zen hori, eta 2021eko maiatzean eraman zuten Duesora, azkenean. «Ipini duzu Google Maps?».

Iragan hurbila presente

Juaristik kontatu du hurbildu zutenean Puertorako bidaiak etorri zitzaizkiola segidan gogora: «Autobusa, senideak... Guk bidaia guztietan kointziditu dugu jende oso nagusiarekin, eta umeekin ere bai; bisitara doaz». Azaldu du ez zuela ia lorik egiten autobuseko literetan: «Pentsatzen nuen ia jausi egingo nintzela!». Baina oroitzapen ederra du, halere: «Sortzen da konplizitate bat hor, inor ezagutu barik». Orainean mintzo da oraindik. «Bai, familia handi bat sortzen da», gehitu du Goitia Arrizubietak: hark ere iragan hurbila presente, orainean. «Super maitatuak sentitu gara».

Orain senide bakoitzak egin dezake bidaia, bere kabuz: «Kezka eta deskantsu aldetik ez dauka konparaziorik Duesora etortzeak», azaldu du Goitia Arrizubietak. «Erabakitzen dugun orduan goaz, kotxean, nahi dugunean bueltatu gaitezke, edo bertan geratu bazkaltzen, edo dena delakoa, baina autonomia totala ematen dizu». Eta presoak ere lasaiago ikusten dituzte orain: «Sarri sentitzen dute euren kulpaz gu bere zigortuak garela. Eta kulpa hori, etxetik zenbat eta hurrerago egon, xuabeagoa da. Zenbatgarren irteera esan didazu, Iraide, 177?». «Bai, 177, Cicero, Treto, Santoña». Pare bat biribilgune, eta ohartu ordurako kartzela atarian daude, Berriako hondartzaren ondoan. «Nik, sartu aurretik, zigarro bat erreko dut».

Sobran datoz denboraz; garaiz. «Orain, senideen arteko harreman hori ez da existitzen. Zigarro bat erretzen bost minututan topatzen duzuna», azaldu du Juaristik. «Bai, barruan zaudenean, NA ematen-eta, 'Aupa, zelan? Nor ikusten zatoz?'», Goitia Arrizubietak. Bertzelako kezka batzuk dituzte orain: «Guk biok ez daukagu COVID pasaportea; ez dakigu eskatuko diguten. Printzipioz, ez, baina, bestela, sartu, eztabaidatu haiekin, utzi behar digutela sartzen, ezin digutela pasaportea eskatu, ez dakit zer, denbora luzatzen...». Lehengo kezka berak, baina osasun egoerak aldatuta. «Presoak ere arduratuta daude bisean bisekoak kenduko dizkieten». Eta hala izan da.

Utzi diete sartzen azkenean, eta, bisita eginik, badoaz bueltan Bilbora. Penaz, eta desio batekin. Juaristi: «Gatazkaren ondorioekin bizi den azken belaunaldia izan behar genuke». Garbi utzi du presoak edozein espetxetan egonda ere bisitan joanen direla, baina gehiago eskatu du: «Orain behar da, hurbiltzeko bidea egin den moduan, kalerako bidea bere egitea». Egunaren akaberan, Ibarzabalek irabazi du bertso txapela. Bertze iragarpenak beteko diren, etorkizunak baino ez daki.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aurreko lerroan, Beatriz Artolazabal sailburua, txostenaren egileen artean. ©Berria

Artolazabalek «gogoeta» eskatu du Espainiako Segurtasun Indarrek pairatutako «bidegabekeria onartezinaz»

Gotzon Hermosilla

Txosten bat aurkeztu dute, ETAk Guardia Zibilaren eta Espainiako Polizia Nazionalaren kontra egindako atentatuak aztertzen dituena

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, artxiboko irudi batean. ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Zupiria: «Ezin dugu gure historia zuritu»

Oihane Puertas Ramirez

Eusko Jaurlaritzako bozeramailea Radio Euskadiko Boulevard saioan egon da, eta, adierazi duenez, azkenaldian pertsona batzuk «zuritzeko» zenbait ekintza egiten ari dira. Besteak beste, Mikel Antza, Rodolfo Martin Villa eta Txillardegi aipatu ditu.

 ©IñIGO URIZ / @FOKU

«Zigorren helburu nagusia heztea da»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Laneratzea, gizarteratzeko. Hori du asmo nagusia Eusko Jaurlaritzaren Aukerak erakunde berriak. Ibilbide «indibidualizatuak» egin nahi dituzte presoekin, prestakuntza eta lan eskaintzak haien neurrira egokitzeko.
Enrique Maia Iruñeko alkatea. ©Iñaki Porto / EFE

EH Biduk, Geroa Baik eta PSNk Enrique Maia arbuiatzeko adierazpena egingo dute udalean

Berria

Adierazpen xenofoboak «daturik eman gabe» egitea eta «kolektibo oso ahulak jomugan jartzea» egotzi diote Iruñeko alkateari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.