Independentzia aldarrikatuko du Sortuk Donostian hilaren 11n

Sorturen erranetan, gizartearen egungo egoera «ezegonkor eta larria» errotik aldatu behar da. Horretarako «berehalako neurriak» behar dira

Manifestazioaren aurkezpena, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Independentziarako indarra lelopean eginen du manifestazioa Sortuk datorren irailaren 11n 13:30ean. Sortuko zenbait kide elkartu ziren atzo Donostian horren berri emateko. Gipuzkoako zenbait mugimendu eta dinamikatan parte hartzen dute guztiek. Maddi Juanikorena Donostiako idazkaritzako kideak eta Aritz Arzallus Gipuzkoako arduradun politikoak hartu zuten hitza. Manifestazioa Donostiako Kontxako Banderako bigarren igandean izanen da, eta Bulebarretik abiatuko da.

Honela definitu zuen Sortuk aurtengo manifestazioaren leloa: «Ez da aldarri soil bat, guztia alda dezakeen indarraz ari gara, borrokaz eta herri gogoaz». Hortaz, «arraunak hartu» beharraren garrantziaazpimarratu zuen Sortuk, baita «arraunkadak elkarrekin» ematearena ere.

Gizartearen egungo egoera «ezegonkorra eta larria» dela adierazi zuten, atzeraldi ekonomikoa, energia krisia, gerrak, indarkeria eta bertze zenbait auzi gogora ekarriz. Hortaz, nabarmendu zuten ezin dela etsipenean erori. «Herri honek ziaboga oso bat behar du; euskal herritarrok kolorez eta ilusioz betetako eraldaketa bat nahi eta behar dugu», gehitu zuten. Aldaketa horiek guztiek «errotikakoak» izan behar dutela adierazi zuten.

Hori guztia osatzeko tenorea dela nabarmendu zuen Sortuk. Bai Euskal Herriak bizirik irauteko, baita herritar guztien bizi baldintza duinak bermatzeko ere: «Komunitate sena berpiztu eta herri honen zimenduak berritzeko arraunkadak emateko».

Krisiak jomugan

Sortuk adierazi zuen krisiei «aurre egin» behar zaiela, betiere printzipio bat buruan izanik: ondorioak ezin dituztela betikoek jasan. Kolektibo hauek aipatu zituzten: emakumeak, gazteak, pertsona arrazializatuak, pentsiodunak eta langileak.

Hortaz, aldarrikatu zuten «berehalako neurriak» behar direla: «Pertsonak, ekonomia, enplegua eta soldatak babestu eta jendartearen ongizate energetikoa bermatuko dutenak». Sortuk nabarmendu zuen neurriok «ezkerreko independentismoak gidatu» behar dituela. «Azken urteetan erakutsi bezala, herri honentzako alternatiba oso bat eta proposamen zehatzak ditu ezkerreko independentismoak», gehitu zuen Sortuk.

Argi definitu zuten euren «iparra» eta «itsasargia» nolakoak izanen diren ere: «Euskal Herri libre, sozialista, feminista, euskalduna, ekologista, preso, iheslari eta deportatu politikorik gabea». Sortuk nabarmendu zuen, gainera, ez dutela «itsasoaren eta haizearen egoera hobetzeko» itxaronen. Egoera edozein dela ere, jada «paladak» eman dituztela, eta hala jarraituko dutela «burujabetza eskuratzeko eta eraikitzeko bidean».

Izan ere, argi utzi zuten «itsaso mugituan» ez dagoela ezer idatzita, eta «bandera jokoan» dela. Eta Euskal Herriko gizartearen eskubidea dela «idaztea, kolorez marraztea, anbizioz, ilusioz eta indarrez». Aldarrikapenak egitea ez ezik, «idaztea eta marraztea» ere nahi dutela erran zuten. «Hori da gure borrokaren esentzia: epika, herri hau herritarrokin eraikitzea, egitea, herria egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.