EH Baik eta EH Bilduk jauzi politiko baten beharra nabarmendu dute

Euskal Herriaren aitortza politikoa eta erabakitzeko eskubidea jarri dituzte lehentasun gisa

EH Baiko eta EH Bilduko zuzendaritzen agerraldia, atzo, Hiriburun. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Herri mailako nazio bilkura egin zuten, atzo goizean, EH Baiko eta EH Bilduko zuzendaritzek Hiriburuko (Lapurdi) La Perle aretoan. Euskal Herriak «herri gisa dituen aukerak eta arriskuak» aipatu, eta adierazi dute hausnarketa bat abiatu dutela dituen erronken aurrean «baterajotze nazionalen norabidean ekimen berriak mahaigaineratzeko». Orain arte egin izan dituzte agerraldi bateratuak, baina beste argazki bat eskaini nahi izan zuten atzokoan: «Euskal ezker independentismoaren» zuzendaritzen batasunarena. Euskal Herriaren aitortza politikoa eta erabakitzeko eskubidea lehenetsi dituzte.

Euskal Herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea izanen dira bi mugimenduen elkarlanaren ardatzak. «Gure aburuz, euskal herritarren ongizatea Euskal Herriaren subiranotasunari hertsiki loturik doa», adierazi dute. «Herri gisa bizirik irauteko sineste eta proiektu sendoa dugu». Haien hitzetan, gainera, gero eta jende gehiagoren babesa dute; mugaz bi aldeetako azken hauteskundeetan jasotako emaitzek hala erakusten dutela azpimarratuta. «Geroz eta euskal herritar gehiago daude ezker subiranismoan konfiantza dutenak, eta horrek guztiak garbi adierazten du Euskal Herria ziklo politiko berri batean murgildua dela».

EH Bairen eta EH Bilduren ustez, Euskal Herriak «erronka handiak» ditu parez pare. «Aldaketa globalek eragindako krisi anizkoitzek bete-betean jotzen dute gure herria», ohartarazi dute Hiriburun. «Berdintasun, ongizate eta garapen adierazle nagusien arabera, gure metabolismo komunitarioa arriskuan dago, eta horrek bidegurutze historiko batean kokatzen gaitu. Gure herriak aurrera egin behar du, gure garaiko erronkek eskatzen duten neurrian».

Herri akordioen beharra

«Jauzi politiko» baten beharra dagoela adierazi dute EH Baik eta EH Bilduk. «Arnasberritze nazional baten beharra dugu, bulkada nazional berri batena. Jauzi bat Euskal Herriaren askapen prozesuan: jauzi bat naziogintzari lotutako hainbat arlotan, lurralde artikulazioan eta Euskal Herritik Euskal Herrira pentsatu eta garatutako politika publikoetan», nabarmendu dute. Bi indar politikoen iritziz, gaur egungo erronka sozial eta ekologikoei «gaitasun komunitario eta territorialen arabera» erantzuteko aukera baliatu behar da. Erran dute gatazka politikoaren oinarrian dagoen burujabetzaren auzia indar berriz mahaigaineratzeko ordua dela: «Nazio aitortza eta herri gisa dagokigun erabakitzeko eskubidearen errespetua».

Asteartean beteko dira 25 urte Lizarra-Garaziko hitzarmena izenpetu zenetik, eta, hura nostalgiaz errepikatu gabe, orduko izpiritua berreskuratzera deitu dute. Hainbat irakasgai utzi zituela iritzi dio Arnaldo Otegik, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. «Euskal Herria zazpi lurraldeko nazio bat da. Askotan bada dena zatitik ikusteko joera, eta guk uste dugu denetik zatiak ikusi behar direla, eta ikuspegi nazional hori mantendu behar dela. Lizarra-Garazik hori eman zion herri honi: maparen osaketa hori mahai gainean jartzea». Orduan ezarri zen eskema ere nabarmendu du: «Ahalik eta gehienen artean akordioak sustatzea».

EH Baik eta EH Bilduk adierazi dute bi mugimenduen arteko harreman politikoak sakontzeko lanean segituko dutela, eta «luze gabe» egitasmo politiko bateratuak martxan jartzeko xedea dutela. «Euskal Herriaren nazio izaera indartzeko, eta Euskal Herriak ziklo politiko berriari begira bere etorkizuna erabakitze bidean, aukera eta ate guztiak parez pare irekiak izan ditzan. Egin dezagun guztiok bultza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.