Frantziaren «jokaera kolonialista» salatu du Ikastolen Elkarteak

Elkarretaratzea egin zuten atzo Bilbon, Iparraldeko ikastolei elkartasuna erakusteko
Ikastolen Elkarteko kideak Bilbon, Frantziako kontsulatuaren parean.
Ikastolen Elkarteko kideak Bilbon, Frantziako kontsulatuaren parean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Ane Zurutuza Irastorza -

2018ko uztailak 15
Ikastolen Elkarteko kideek elkarretaratzea egin zuen atzo, Iparraldeko ikastolei babesa adierazteko. Bilbon egin zuten, hain zuzen ere, Frantziak han duen kontsulatuaren parean. Kasu! Ikastola kexu! lelopean, Frantziako Gobernuaren jarrera gaitzetsi zuten, Seaskako ikasleei «eraso» egitea leporatuta.

Ikastolen Elkarteak Frantziako Gobernuari galdegin dio ikastolen aurkako jarrera aldatzeko. «Denbora asko da gobernu frantses batek ikastolen aurkako eraso hain zuzenak egiten ez zituela», adierazi zuen elkarretaratze horretan Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Nabarmendu zuenez, «eraso» horiek Seaska indartzen ari den garaian ari da bultzatzen Frantziako Gobernua. «Gaur da eguna [Emmanuel] Macron presidentearen Hezkuntza Ministerioak hurrengo ikasturterako ikastolek behar dituzten 25 irakasle postuak ukatzen dizkiela. Bestalde, 14 urteko ikasleak zigortu ditu brebetaren zientzietako azterketa euskaraz egiteagatik», azaldu dute.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariaren arabera, Parisek Seaskaren gorakada geldiarazi nahi du. Horrez gain, elkarrizketari uko egitea egotzi diote gobernuari. Elkarteko arduradunen esanetan, Frantziako Gobernuak «jarrera kolonialista» hartu du, eta frantsesa «asimilazio hizkuntza» bihurtu du, «euskaraz bizi nahi dutenen kontra». Gorostiagak eta Tellituk azpimarratu dute euskararen alde egiteko ikastolak babestu behar direla.

Antolatzaileen arabera, ikastolen ereduak kalitatezko hezkuntza eskaintzen du, «euskara eta kultura ardatz hartuta». «Ikasle euskaldunak nahi ditugu, eleaniztunak eta buruaskeak. Orain ikusten dugu, horrez gain, euskararen aldeko militanteak direla, eta prest daudela beren titulu akademikoak jokoan jartzeko, euskaraz bizitzearren». Seaskako 179 ikaslek brebetaren Zientzia azterketa euskaraz egin zuten, Bordeleko Akademia Errektoretzak halakorik ez zuela onartuko ohartarazi arren. Hala eta guztiz ere, Seaskako ikasle guztiek lortu dute brebeta gainditzea.

Ikastolen Elkarteak protesta gehiago iragarri ditu. Uztailaren 28an, Frantziako Tourreko erlojupekoa Euskal Herrian egingo dela aprobetxatuz; eta irailean, ikasturte berria hasten denean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna