Nahasmendua argitzen

Arabako Epilepsia Elkarteak 12. jardunaldiak egin ditu. Besteak beste, nahasmenduaren fokuan eragiteko Gurutzetako Ospitalean egiten dituzten ebakuntzen eta martxan dauden ikerketen berri eman dute.

Ibai Maruri Bilbao.
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Epilepsia duten hamar lagunetik zortzik bizimodu arrunta egin dezake medikazio egokia behar bezala hartuz gero; oro har, epe ertainera hasten da pazientea sendagai horien onurak nabaritzen. Baina beste biek ez dute nerbio sistemari eragiten dion nahasmendu hori kontrolatzea lortzen. Horietako batzuek Gurutzetako Ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) Epilepsia Unitatean aurki dezakete konponbidea. Euskal Herrian nahasmendu hori duten pertsonentzako unitate bakarra da. Eta bertako buru Ainhoa Marinas neurologoak azaldu zuen atzo zein lan egiten duten. Arabako Epilepsia Elkarteak antolatutako 12. jardunaldietan hartu zuen parte. Paziente eta senideei azaldu zien kasu batzuetan burmuinean egindako ebakuntza txiki batekin epilepsiaren sorburuan eragitea lor daitekeela. Baina aukera hori ere ez da guztientzat baliagarria, burmuinaren zati guztiak ez direlako maila berean ezagutzen.

Horrez gainera, nahasmenduari lotutako hainbat ikerketa egiten dira Gurutzetan. Besteak beste, epilepsiak arlo neuropsikologikoan eta psikiatrikoan eragiten dituen kalteak ere neurtzen dituzte. Izan ere, nahasmendu honek depresioa, antsietatea eta portaera aldaketak eragin ditzake, psikiatriari dagokionez; neuropsikologiatik erreparatuta, berriz, memorian, hitz egiteko gaitasunean eta mugikortasunean eragin dezake. Arabako Epilepsia Elkarteko psikologo Carmen Truebaren arabera, epilepsia dutenek arlo horietan guztietan behar dute arreta. «Batzuetan ondorio psikologiko edo psikiatriko horietan lan eginez gero, pazienteek medikazio gutxiago hartzeko aukera egon daiteke».

Era berean, zehaztu du kalte horiek beti ez direla nahasmenduak eragindakoak: medikazioak edo epilepsiak gizartean duen «estigmak» eragindakoak ere izan daitezke. OMEaren arabera, herritarren %1ek du epilepsia. Gizartean «txarto ikusita» dagoen nahasmendua dela kexatu da Trueba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.