Erandioko oroimenaren webgunean blokeatu egin dute 1960 osteko atala

Besteak beste, ezin da ikusi Polizia frankistak hildako Murueta eta Fernandezi buruzko azalpenik

Webgunearen atal horretara sartu ezin dela abisu emateko oharra. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oroimen historikoaren inguruko webgune bat dauka Erandioko Udalak (Bizkaia). Horretan, atal batean 1936ko gerran eta gerraostean herrian gertaturiko giza eskubideen urraketak jasotzen ziren. Bestean, berriz, 1960. urtetik aurrerakoak. Bigarrenerako sarbidea itxita dago orain, eta ezin dira ikusi bertan jasotako biktimen fitxak, bideoak, testigantzak eta bestelakoak.

Erandioko Udalak eskatu zion Aranzadiri desaktibatzeko Erandio Oroimena webgunean gertuko oroimenari dagokion atala. Hala iragarria zuen Erandioko Kultura zinegotzi Adrian Bustok. Erabakia behin-behinekoa zela gaineratu zuen, «irizpide berriak jaso bitartean eta Gogora-rekin eta beste erakunde batzuekin kontrastatu arte». Aranzadi zientzia elkarteak landuriko informazioarekin egin zuten webgunea, baina haren jabetza udalarena da, eta Aranzadik ezin du hori desaktibatu. Beraz, uler daiteke udalak berak agindu diola edukia blokeatzeko webgunea kudeatzen duen enpresari.

«Hemen biltzen ditugu euskal gatazka politikoaren ondorioz giza eskubideen urraketak jasan dituzten eta jasaten ari diren pertsonak. Era berean, Erandion eta erandiotarrek bizitako motibazio politikoko indarkeriaren beste sufrimendu batzuk ere jasotzen dira». Testu horrekin iragartzen du webguneak Gertuko oroimena izeneko atala, baina ezin dira edukiak ikusi.

'Gasaren gatazka' deitua

Besteak beste, gasaren gatazka deiturikoaren biktimen inguruko fitxak jaso zituzten atal horretan, beste ehun bat kasurekin batera. 1969. urtean gertatu zen gatazka hori Erandion. Kutsaduraren kontra protesta egin zuten herritarrek, herriak pairatzen zuen hodei toxikoaren harira. Espainiako Polizia frankistak bi herritar hil zituen tiroz, protestak zapaldu zituztenean: Anton Fernandez eta Josu Murueta. Hilketa horiengatik ez zuten inor epaitu, eta hiltzaileak nortzuk izan ziren ere ez dute argitu. Herriko kultur etxeak eta hura dagoen plazak Josu Murueta izena darama gaur, Astrabuduan. EAJk du alkatetza Erandion, eta Aitziber Oliban Gutierrezek du aginte makila.

Giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktimei buruzko udal webguneen polemikak adierazpen ugari eragin ditu egunotan, eta, herenegun, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Denis Itxasok ere hartu zuen hitza; webguneak aldatzeko eskatu zien EH Bilduk gobernatzen dituen sei udali: Galdakao (Bizkaia), Orio, Oiartzun, Hernani, Villabona-Amasa eta Azpeitia (Gipuzkoa). Hori egin ezean Estatuaren Abokatutzak udalen aurkako salaketak bideratuko dituela ohartarazi zien. EAJk zuzentzen dituen beste bi udalerritan ere, Erandion (Bizkaia) eta Tolosan (Gipuzkoa), antzeko webguneak daude, baina Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak ez ditu bere zerrendan sartu, «horiek desaktibatzeko jarraibideak eman dituztela egiaztatu» duelako.

Biktima izaera, auzitan

Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera, webgune horietan «ETAko kideak talde terroristak hildakoekin homologatzen dira, eskubideen urraketak jasan zituztela iritzita, eta gatibutza gisa definitzen da estatu demokratiko eta zuzenbidekoaren auzitegiek ezarritako zigorren ondorioz espetxean egotea». Haren ustez, ezin dira biktimatzat hartu «terrorismoaren aurkako borrokan botere publikoen bidezko jarduketen xede» izan direnak.

Espainiako Gobernuaren iritziz, horrek urratu egiten du Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteari buruzko Legea. Horregatik, hilabeteko epea eman die sei udalei «ETA talde terroristako kideak, justiziatik ihes egin dutenak eta terrorismo delituagatik zigortutakoak» webguneetatik kentzeko, «baldin eta haien izenak biktima izenekoen artean sartu badituzte».

Egunotan egin diren adierazpenen harira, Aranzadi zientzia elkarteak argudiatu du «biktima guztiak» izan dituela aztergai atondu dituen lanetan. Hain justu ere, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak 2018ko ekainean zehaztu zituen biktimen udal txostenak egiteko irizpideak, Giza eskubideen eta oraintsuko memoriaren (1960-2018) udal txostenak egiteko oinarriak eta irizpideak agirian, eta Aranzadik esan du irizpide horiek bete dituela Euskal Herriko zenbait herritako biktimei buruz egindako lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.