Diala Ayex. Justiziaren Aldeko Abokatuak erakundeko kidea

«Palestinak aske izan nahi du: Israelekiko eta PANekiko aske»

Palestinako Poliziak atxilo hartu zuen Ayex abokatua uztailaren 4an, Nizar Banaten heriotzak eragindako protestetan parte hartzeagatik. Azken protestetan Palestinako Poliziak baliatutako indarkeria salatu du.

DIALA AYEX.
maddi iztueta olano
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Palestinako «preso politikoen» alde egiten du lan Diala Ayex abokatuak (Jerusalem, 1995). Haien kasuak defendatzen ditu auzitegietan, eta beren giza eskubideak errespetatzen dituztela bermatzen du. Uztailaren 4an preso eraman zuen PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Poliziak, Nizar Banat aktibistaren heriotzak piztutako protestetan parte hartu eta horietan atxilotutakoak babesteagatik. Bizi izandakoa azaldu dio BERRIAri.

PANeko kideek manifestarien aurka erabilitako indarkeria salatu dute askok. Horrelako jokabideak ikusi dituzuen lehen aldia al da?

Egia esan, iraganean ez dut inoiz halako indarkeriarik ikusi. Orain, Palestinako biztanleok isilik nahi gaituzte. Justiziaren Aldeko Abokatuak erakundeko langileon jarduna gelditu nahi dute. Protestetara bildu ziren kazetariei ere eraso zieten; beren kamerak eta mugikorrak hartu zituzten. Giza eskubideen defendatzaileek, kazetariek eta abokatuek haien ekintzen berri ematea eragotzi nahi dute.

Abokatuak eta giza eskubideen defendatzaileak atxilotu zituztela aipatu duzu. Zu horietako bat izan zinen. Zer gertatu zen?

Bai, aurreko uztailaren 4an atxilotu ninduten, komisaria baten aurrean nengoela. Manifestazioetan atxilotutako presoen giza eskubideak defendatzeko eta haiekin hitz egiteko joan nintzen hara, eta horrexegatik eraman ninduten preso.

Ehun metro inguruko bidea egin genuen atxilotu ninduten tokitik hurrengo komisariara, eta bidean bi aldiz jo ninduten: behin, bularrean, eta beste behin, bizkarrean. Poliziak herritarrok babestu behar omen gaitu, baina ni ez naiz babestua sentitzen. Orain ez naiz gai sentitzen laguntza eske polizia etxera joateko.

Zer eskatzen dute manifestariek?

Manifestarien artean bi iritzi nabarmentzen dira. Alde batekoek indarkeria erabili duten PANeko kideak beren karguetatik kentzeko eskatzen dute, eta horien ordez beste batzuk aukeratzeko. Beste aldekoek diote Palestinako herritarrok askatasuna izan behar dugula helburu: Israelekiko eta Palestinako Aginte Nazionalarekiko askatasuna.

Zer iritzi duzu zuk?

Nire aburuz, goi kargudunak aldatzearekin ez da auzia amaituko. Palestinak aske izan behar du: Israelekiko eta Palestinako Aginte Nazionalarekiko aske. Izan ere, PANeko kideek okupazioaren aurkako borroka oztopatzen dute, eta indarkeria basatia erabiltzen dute gure aurka. Norbaitek Palestinaren askatasunaren alde ekintzaren bat egiten badu, PANeko kideek atxilotu egiten dute, edo Israelgo Poliziari ematen diote hura atxilotzeko abisua.

Israelen aurkako borrokan jarri behar dugu arreta, eta horretarako beharrezkoak dira denbora eta bakea. Orain gobernuan daudenek ez gaituzte ordezkatzen; Palestinaren etorkizunean pentsatzen duen norbait behar dugu, ez Israeli men egiten dion norbait. Sistema errotik aldatu behar da.

Nazioarteak lagun dezakeela uste duzu?

Egin zezaketen zerbait, baina ez dut uste ezer aldatzen lagunduko dutenik. AEBetan Israel babesten dute, eta Europako hainbat herrialdek PAN finantzatzen dute. Palestinako herritarrok babesik gabe sentitzen gara.

Datozen asteetan protestak egongo dira?

Borrokan jarraitu behar dugu; bestela, PANeko kideek manifestari eta aktibista gehiago atxilotuko dituzte. Nizar bere iritzi politikoagatik hil zuten, eta, ez badugu horren inguruan zerbait egiten, isilik jarraitzen badugu, ehunka gehiago hilko dituzte arrazoi beragatik, edo guztiok preso politikoak izango gara.

Aktibismoan jarraituko duzu?

Atxilotuta eraman nindutenean, oso beldurtuta nengoen. Lehen bi egunetan ez nuen ia inorekin hitz egin; ez nuen berriz atxilotua izan nahi. Baina pixka bat lasaitu nintzenean auzitegira joan nintzen, abokatu gisa nirekin batera atxilotu zituztenak defendatzeko. Oso argi daukat: borrokan jarraituko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.