Eskubide urraketaz betetako bi hamarkada

Hogei urte igaro dira Afganistandik iritsitako lehen atxilotuak Guantanamon giltzapetu zituztenetik. AEBek 39 preso dituzte Kubako espetxe horretan, haietako 27ren aurkako akusaziorik aurkeztu ez arren.

Guantanamoren itxiera eskatzeko protesta bat, Washingtonen. ERIK S. LESSER / EFE.
Iosu Alberdi.
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Laranjaz, burua estalita eta eskuburdinekin lotuta iritsi ziren lehen hogei presoak Guantanamoko (Kuba) base militarreko espetxera, Al-Qaedarekin eta talibanekin loturaren bat zutelakoan. Gaur duela hogei urte izan zen hori. Ordutik, 780 lagun giltzapetu dituzte AEBek segurtasun handiko kartzela hartan, eta oraindik ere 39 preso daude; horietako 27, haien aurkako akusaziorik gabe. Giza eskubideen aldeko mugimenduek sarri salatu dituzte han gauzatutako torturak eta arrazoitu gabeko espetxealdi mugagabeak.

AEBetako armadak 96 orduan eraiki zuen espetxea, Afganistango inbasioaren testuinguruan atxilotutako herritarrak giltzapetzeko. George W. Bush presidenteak hasitako «terrorismoaren aurkako gerraren» hasiera zen. Une hartan, ehun zelda eta bost galdeketa gela zituen espetxeak, baina denborarekin nabarmen handitu zen, eta egun 400 milioi euro baino gehiago erabiltzen dira hura mantentzeko.

Gaur egun espetxeratuta daudenen artean, hamabik dute haien aurkako auzibide bat irekita. Horien artean daude 2001eko irailaren 11ko erasoen ustezko egileetako bost; besteak beste, Khalid Xeikh Mohammed, AEBek atentatuen «burutzat» jo dutena. Gehienak, berriz, «balio txikiko» presotzat jo dituzte. Haietako hamahiruk jasoa dute espetxez aldatzeko baimena ere, baina erabakiei jarritako trabek galarazi diete irtetea. Haiena ez da salbuespena. Izan ere, Seton Hall Unibertsitateak eginiko ikerketa baten arabera, kartzela hartatik igaro diren presoen %92 ez ziren Al-Qaedako kideak.

Presoak giltzapetzeko arrazoien edo arrazoi faltaren gainetik, ordea, haien eskubideen urraketek egin dute ezagun Guantanamoko espetxea. AI Amnesty International eta Human Rights Watch erakundeek torturak eta espetxeratze mugagabeak salatu dituzte, eta neurriak hartzeko exijitu diote AEBetako presidente Joe Bideni. Horrez gain, AIk Washingtoni eskatu dio «nazioarteko legediak onartuko lituzkeen frogarik» ezean presoak askatzeko, eta torturen egileak ikertzen hasteko. Izan ere, ireki zutenetik bederatzi preso hil dira han, Pentagonoaren arabera.

Kostu politikoa

Etxe Zuriak lau presidente izan ditu Guantanamo eraiki zutenetik. Bush (2001-2009) eta Donald Trump (2017-2021) errepublikanoek espetxea defendatu zuten euren agintaldietan. Azken horren garaian, gainera, Washingtonek agindu zuen espetxea «beste 25 urtez irekita mantentzeko», eta mahai gainean jarri zuen Estatu Islamikoko kideak hara eramatea ere. Hala adierazi zuen kartzelako komandante John Ringek 2018an.

Demokraten jarrera bestelakoa izan da, baina emaitza berdintsuak izan ditu. Barack Obamak (2009-2017) bere lehen hauteskunde kanpainan adierazi zuen kartzela ixteko asmoa, baina zortzi urtean ez zuen urratsik egin. Orduan presidenteorde zenak, Joe Bidenek, gauza bera agindu zuen Etxe Zurira iritsi baino lehen. Azken urtebetean eman den pauso bakarra, ordea, preso baten irteera izan da.

Kongresuaren babes falta adierazi izan dute demokratek euren jokabidea argudiatzeko, baina, giza eskubideen aldeko mugimenduen arabera, kostu politikoen beldurrak eginarazi die atzera. Izan ere, Askatasun Zibilen Aldeko Batasun Amerikarreko kide Hina Shamsiren esanetan, gobernuak nahikoa luke presoen habeas corpus eskaerei aurre ez egitea. Hala, ohiko auzitegien pean geratuko lirateke haien kasuak, eta ez epaitegi militarren eskuetan.

AIko Daphne Eviatarren ustez, espetxeak irekita jarraitu bitartean, Washingtonen sinesgarritasunak ezbaian jarraituko du: «Zenbat eta denbora gehiago egin, orduan eta gehiago ahulduko da AEBek giza eskubideen arloan duten nazioarteko sinesgarritasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.