TOKIO 2020. TXIRRINDULARITZA

BIZKORRENA IZAN DA

Ihes eginda irabazi du Richard Carapaz ekuadortarrak urrezko domina errepideko proban. Wout van Aert izan da bigarren, eta Tadej Pogacar hirugarren. Euskal txirrindulariak lehen postuetatik urrun ibili dira.

Richard Carapaz, garaipena ospatzen, atzo. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Txirrindulari batzuek ahalmen handia dutelako irabazten dute, eta beste batzuek, berriz, zakur zaharrak direlako. Richard Carapazek biak uztartu zituen atzo. Lasterketa bikain irakurri, aurikularren laguntzarik gabe, eta, momentu erabakigarrietan bi eraso jota, urrezko domina janztea lortu zuen ekuadortarrak. Wout van Aert flandriarrak zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuen. Tadej Pogacar esloveniarrak osatu zuen podiuma.

Proba hasi eta gutxira, zortzi laguneko ihesaldia sortu zen. Aldea hogei minutu ingurura eramatea lortu zuten, baina, behin horra iritsita, tropeleko selekzio nagusiak tiraka jarri ziren lasterketa buruan kontrolpean edukitzeko.Ibilbideko bigarren erdian sartu zirenean, zati gogorrenean, berehala bota zuten ihesaldia, aparteko arazorik gabe. Fuji mendia (14,5 kilometro eta %6ko batez besteko pendiza) lehenbizi, eta horren ondorengo sasiordeka nahikoa izan ziren ihesaldia harrapatzeko.

Japoniako beroak eta hezetasunak sekulako triskantza sortu zuten txirrindularien artean. Asko pairatu zuten hango klima, eta ehun kilometroren faltan dagoeneko sufrimendu aurpegi dezente atzeman zitezkeen hautagai nagusien artean. Omar Frailek eta Alejandro Valverdek, esaterako, helmugatik ia 90 kilometrora altxatu behar izan zuten hanka. Espainiarrak tropelean sartzea lortu zuen Fujii mendiko jaitsiera baliatuz, baina, aldapa berriro tentetzen hasi zenean, atzean geratu zen berriz ere.

Van Aerten erakustaldia

Espero bezala, Mikuni Passen (6,8 kilometro eta %10,1) hasiera-hasieratik tropela asko mehetu zen, eta 30 bat ziklista besterik ez ziren gelditu lasterketa buruan, helmugarako 38 kilometroren faltan. Igotzen hasi eta gutxira, Pogacarrek bazterrak nahastu zituen. Brandon McNulty estatubatuarrarekin eta Michael Woods kanadarrarekin batera, tartetxo bat irekitzea lortu zuen. Atzetik, Van Aert hasi zen tiraka, tartea itxi nahian. Kostata, eta indar asko xahutuz, baina mendatea amaitzerako aurreko taldean sartzea lortu zuen, hautagai nagusien taldeko gainerakoekin batera.

Hamabi laguneko taldea osatu zen lasterketa buruan. 30 kilometroren faltan, elkarri erasotzen hasi ziren, esprintean Van Aertek mendean hartuko zituztela jakinik. Flandriarrak berak erantzun zien ihes egin nahi izan zuten ia eraso guztiei. 24 kilometroren faltan Carapazek eta Mcnultyk jo zuten erasoari erantzutea, baina, asko kostatu zitzaion, 50 segundoren aldea ere izan baitzuen. Atzean ez zegoen adostasun handirik, baina, Van Aerten ahalari eta prestasunari esker, tartea nabarmen txikitzea lortu zuten.

Gerturatzen hasi zirela ikusirik, 5,8 kilometroren faltan, Carapazek erritmoa bizitu zuen, eta bakarrik alde egin. Van Aertek eta enparauek McNulty harrapatu zuten, baina ezin izan zuten ekuadortarra ehizatu. Pozez, eskulekuari kolpeak emanez,gurutzatu zuen helmuga. Atzean, esprintean, Van Aertek gutxigatik hartu zion aurre Pogacarri.

Euskal ziklistak lehen postuetatik urrun ibili ziren. Gorka Izagirre izan zen lehena, 23. postuan, 6.20ra; Ion anaia 79. helmugaratu zen, 16.20ra; eta Fraile amaitu aurretik erretiratu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.